Zigor Argiñano: "Australian surfean ibilia naiz, baina han ere ez nuen marrazo bat hain gertutik ikusi"

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 26a, 19:00

Zigor Argiñano, arrain bat eskuetan. (Utzitakoa)

Argiñanok grabatu du gaur goizean Zarauzko hondartzan agertu den marrazoaren bideoa, eta Gukari azaldu dio zur eta lur gelditu dela ikusi duenarekin.

Gaur goizean goiz marrazo bat ibili da Zarauzko hondartzan, urertzetik oso gertu, eta une hori grabatu duen bideoa berehala zabaldu da herritarren artean. Zigor Argiñanok hartu ditu irudiak bere sakelakoarekin, ordu horretan hantxe ari baitzen arrantzan.

Ezusteko handia hartu al duzu marrazoa ikusitakoan?

Sekulakoa, bai. Ez nuen espero. Etxe ondoan daukat hondartza, eta astero ez, baina noizbehinka etortzen naiz arrantzan egitera. Behin katu-arrain edo marrazo txiki bat hartu nuen, baina gaur bezalakorik sekula ikusi gabea nintzen. Urertzetik oso gertu zebilen, gainera.

Grabatu eta zabaldu egin duzu, jendeari abisatzeko.

Bai, grabatzen hasi eta gero konturatu naiz handia zela; asko gerturatu da, eta oilo ipurdia jarri zait. Urduri jarri naiz. Gero zabaltzea pentsatu dut; klubeko [surfekoa] whatsappean 100 lagun egongo gara, eta berehala zabaldu da bideoa.

Atzo jendea uretan zebilen...

Bai, eta gaur ere momentu horretan uretara zihoazen lagun batzuk ikusi ditut, igeri egiteko mundial baitzekoen itsasoa, bare-bare. Kontuz ibiltzeko esan diet. Bati bideoa erakutsi diot, eta ez sartzea erabaki du. Beste batek, berriz, jakin duenean marrazo peregrinoa zela, sartu egin da uretara, eta gero esan dit marrazo kume bat ikusi duela, hilda, eta agian ume egiten ariko zela hemen zebilen marrazoa; izan ere, urertzean oso gertu zebilen, hondarretan arrastaka bezala, eta baita gero Getarian ere, beste bideo batean ikusi ahal izan dudanez.

Halako anekdotarik ez zitzaizun orain arte gertatu, ezta?

Ez, baina egunotan esperientzia berriak bizitzen ari naiz, kar-kar. Izan ere, badabil inguru hauetan pinguinoen antzeko txori bat, eta horrek koska egin zidan aurreko astean; gaur ere ikusi dut. Gainerakoan, marrazorik ikusi gabea nintzen hain gertu, eta hori Australian ere ibilia naizela surfean. Beldurtuta ibili nintzen, egia esan, Tiburon filmak bere garaian min asko egin zidalako. Han surfean nenbilen batean izurde batek salto egin zidan, eta sekulako sustoa eman zidan. Baina hemen, inoiz ez nuen pentsatu halako marrazo bat ikusiko nuenik.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide