Kolektiboa eta saioa, uhin berean

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2024ko mai. 10a, 16:00

Arraio irratiaren urteurrenarekin batera, 18 urte beteko ditu ZarataZarautz irratsaioak ere. Taldeak Do It Yourself punk musikari lekua ematea du helburutzat.

Adin nagusitasuna beteko du hilabete honetan Zarauzko Arraio irrati libreak, baita ZarataZarautz irratsaioak ere, maiatzaren 20an, zehatzago esateko. Jorge Nieto Abuelo eta Izotz Barrio dira irratsaioaren gidarietako bi, Jon Artetxerekin batera, eta lehen bi horien hitzetan, irratsaioak "esentzia bera" mantendu du ia hogei urte hauetan. "Putzuzulo gaztetxera sartu berritan, lehen egunetik egin nahi genuen irratsaio bat, eta Ahuntzaren Gauerdiko Eztula irratsaioa baino pixka-pixka bat geroago hasi ginen gu ere lanean", gogoratu du Abuelok hasieren inguruan.
Barriok gehitu duenez, plataforma horretan beraien gustuko musikari lekua egitea zen irratsaioaren jomuga: "Gure helburua zen DIY (Do It Yourself edo Egizu Zuk Zeuk estiloa) gisako punk musikari lekua ematea, eta ildo horretan jarduten duten taldeak gonbidatzen ditugu gure irratsaiora. Biran egoten dira horietako gehienak, eta atal batzuk elkarrizketa formatuan ematen ditugu, baina beste batzuk ez. Jarrera bat ere bada gurea".

Izan ere, irratiko produktu bat baino harago doa taldea, kontzertuak antolatzen dituen kolektibo gisa ere funtzionatzen baitu. "Putzuzulon hasi ginen horretan, eta orain Hiruputzun jarraipena eman diogu dinamikari. Biran dauden taldeei laguntzen diegu gehienbat, eta horregatik astegunetan izaten dira kontzertu asko. Oso gutxitan antolatu ditugu kontzertuak gure gustuko taldeekin, urteurren edo ospakizun berezietan salbu", dio Barriok. 

Puntu horretan, saretzearen garrantziaz mintzatu da Abuelo: "Askotan musika baino garrantzitsuagoa da elkar laguntze hori, sare komertzialetik at dauden taldeak babesten ari garelako. Guk ere hainbat musika taldetan parte hartu dugu, joan gara beste leku batzuetara kontzertuak ematera, eta joan-etorri horietan ezagutu dugu jendea gerora gure ingurura etor daitekeena. Egia da musika talde asko daudela, baina horiei laguntzeko geroz eta jende gutxiago dago. Hala eta guztiz, hori beste kontu bat da".

Kolektibotasuna

Hemezortzi urtez zeregin horietan tinko eustea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta ildo horretatik bai Nietok, bai Barriok, azpimarratu nahi izan dute ZarataZarautz "proiektu kolektibo" moduan ulertzen dutela beraiek. "Ekintzetatik lortzen dugun dirua ez dugu guk poltsikoratzen, baizik eta aurrera begira erabiltzen dugu; adibidez, irratiko tresnak hobetzeko edo musika taldeek kontzertuetako material hobea izateko", diote biek.

Hainbeste urtetako ibilbidean "berritasun gehiegi" izan ez badute ere, aipatu dituzte denboran zehar izandako aldaketa batzuk. "Hasieran, Ander Epelde Krixpin izan zen gurekin irratsaioan urte luzez, eta orain, berriz, 57 urteko bekadun bat dugu gurekin", dio Barriok irribarrez. "Eta nola ez, ezin ditugu ahaztu kontzertuak antolatzen laguntzen diguten beste lagunak ere", gaineratu dute. Ez dute gogoan antolatu dituzten kontzertuen kopurua, baina "pila bat" izan direla diote. "Hiruputzun hilean bi kontzertu antolatzen saiatzen gara, eta aurten jada hamar baino gehiago antolatu ditugu. Putzuzulon ehunetik gora antolatuko genituen, ziur", adierazi du Abuelok.  

Gaztetxe aldaketaz ere aritu dira irratsaiokideak. Barriok aditzera eman duenez, saioak egiteko kabina "aurrekoa baino dezentez handiagoa" da, eta beste gela bat ere badute. "Lurra berria da, txukun dago dena. Eta ezin da ahaztu guk egin dugula dena", gehitu du. 

ZarataZarautz ez da, baina, Gela Arroxan grabatzen den irratsaio bakarra. Beste hainbat irratsaio ere egiten dituzte Hiruputzun, eta horiekin duten harremana "oso txikia" bada ere, elkarrekin ederki moldatzen direla esan dute Abuelok eta Barriok: "Saio bakoitza autonomoa da, baina hilean behin elkartzen saiatzen gara, beharraren eta garaiaren arabera. Orain, adibidez, urteurrena dela eta, gehiagotan batu gara".

Beharrezko ihesbidea

Talde batzuk sortu ahala desagertzen dira beste batzuk, baina hori ez da ZarataZarautzen kasua. Abuelok garbi utzi nahi izan du hori: "Hau guztia nire bizitzaren zati handi bat da, batzuek ez dute ulertuko astearte batean kontzertu bat ikustera etortzea, baina guretzat ihesbide bat da. Jende askok nahi du Hiruputzun jotzea, eta horrelako zerbait herrian, etxetik gertu, edukitzea altxor bat da". "Besteei laguntzeak ere asko betetzen du, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu", gehitu du Barriok. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide