Bihar arratsean zabalduko dute Garagardo Azoka

Intza Trula 2025ko api. 15a, 14:00

Iazko Garagaro Azoka. (Andrea Zipitria)

20:00etatik aurrera sartu ahal izango da Munoako karpara, askotariko garagardoaz eta musikaz gozatzera. Irekiera ekitaldian Zarautz Rugby Taldeko harrobiko lau jokalari omenduko dituzte. 

Zarautz Rugby Taldeak antolatzen duen Garagardo Azokak bihar izango du lehenengo eguna, 20:00etan zabalduko baitituzte Munoako plazan ezarritako karpako ateak. Ohikoa denez, irekiera ofizialean errugbiari lotutako hainbat lagunek aitortza jasoko dute: hain zuzen, azokaren 23. edizio honetan, Zarautz Rugby Taldeko harrobian hazi eta hezi diren Lorea Segovia, Martin Sorreluz, Urko Zumeta eta Alex Saleta omenduko dituzte.

Hori hala, bihartik hasi eta apirilaren 21eko arratsaldera arte iraungo du garagardo festak. Oro har, 12:00etatik 01:00 bitarte egongo da zabalik, eta, urtero bezala, zuzeneko musika egongo da egunero. Ostiralean, tradizio bihurtu den mus txapelketa jokatuko dute, eta, larunbatean, berriz, herri bazkaria izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide