23. Korrika

Marije Zumetak eramango du lekukoa 23. Korrikaren ibilbidearen epizentroan

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 15a, 13:00

Marije Zumeta, datorren astean 23. Korrika herritik igarotzean soinean eramango duen petoa jantzita. (Onintza Lete Arrieta)

Atzo abiatu zen Korrika Irunen (Gipuzkoa), eta astearte gauean iritsiko da Zarautzera. Hain justu, hantxe egokitu da hamar egunetan egingo dituzten kilometroen erdia, 1.396. kilometroa, eta Zarauzko AEK-k erabaki du Zumetari eskaintzea lekukoa eramatea "omenaldi gisa". Zumetak "pozarren" hartu du gonbita, Hitzari adierazi dionez.

Zarautzek protagonismo berezia hartuko du 23. Korrikan, ibilbidearen erdigunea hantxe suertatu delako. Zehazki esanda, Gipuzkoa kaletik Zelai Ondora joateko Zelai azpibidea igaro eta hortxe bertan da aurtengo edizioaren erdigunea, epizentroa: 1.396. kilometroa, alegia.

Zarauzko AEK-k berezitasun hori aprobetxatuko du herritar bat omentzeko, eta hala, Marije Zumetak eramango du lekukoa hor hasi eta kiroldegi parera arte. Zumeta ezaguna da herrian hainbat taldetako kidea delako: Ikaslagun, Alproja, Emakumeen Mahaia... Hedabide honi azaldu dionez, aurreneko aldiz hartuko du lekukoa, gainera, eta momentua iristeko "urduri eta pozik" dago. Hitza Zumetarekin bildu da aste honetan bertan.

"Herri hau oraindik gure hizkuntzarekiko
bizirik dagoela erakusten dit Korrikak"

"Uste dut sortu zenetik parte hartzen dudala Korrikan. Beti egoten gara Korrika noiz etorriko. Niretzat euskararen alde egiten den beste ekintza bat da, bi urtetik behin edo tokatzen denean egin beharrekoa. Hori bai, aurtengoa berezia izango da niretzat, ze aurreko astean deitu ninduten AEK-ko kide batzuek bulegotik pasatzeko esanez, eta pentsatu nuen petoak emango zizkidatela. Joan nintzen, eta han zeuden AEK-ko irakasleak bilduta: esan zidaten aurten Zarautz dela Korrikaren epizentroa, eta denen artean erabaki zutela ni izango nintzela beraien lekukoa eramango zuena, beti euskararen alde ari nintzelako, Ikaslagunen, Alprojan...".

Zarauztarrak aitortu du "sekulako sorpresa" izan dela beretzat, baina, aldi berean, "asko poztu" duela. Argi du, ordea, lekukoa partekatu. "Ez dut lekukoa bakarrik eraman nahi; saiatuko naiz Alprojako eta Ikaslaguneko lagunak nirekin etor daitezen, baita emakume batzuk ere".

Korrikak duen arrakasta eta eragina azpimarratu ditu Zumetak: "Gehien hunkitzen nauena da ikustea zenbat jendek parte hartzen duen Korrikan eta zer alaitasunekin parte hartzen duten gure hizkuntzaren aldeko egitasmo horretan. Herri hau oraindik gure hizkuntzarekiko bizirik dagoela erakusten dit".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide