Etxekoak jaun eta jabe gazte mailetako Euskadiko Halterofilia Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 19a, 18:05

Gipuzkoako selekzioarekin aritu dira ZKE Halterofiliako ordezkariak eta infantil mailan ez beste guztietan gailendu dira. 23 kirolarik lehiatu dute txapelketa Basoa Crossfit aretoan.

Zarautz Kirol Elkarteko kirolariak izan dira nagusi Basoa Crossfit aretoan jokatutako teknika eta 15 eta 17 urtez azpiko Euskadiko Halterofilia Txapelketan, bai kopuru aldetik eta bai emaitza aldetik ere; izan ere, infantil mailan salbu beste guztietan nagusitu dira. Zentzu horretan esan behar da ZKE Halterofiliak ez duela ordezkaritzarik izan teknikako infantil mailako proban.

Teknikako txapelketari erreparatuta, hain justu, 13 urtez azpikoek lehiatu dute alebin eta infantil mailetan banatuta, eta, mutilak eta neskak nahastuta. Alebinetan, Nahia Mendizabal sailkatu da lehenengo postuan, Maddi Lertxundi bigarrengoan, eta Axel Albizu hirugarrengoan. Guztiak ere ZKE Halterofiliakoak. Infantil mailan, berriz, Bizkaiko selekzioko Markel Gomez izan da onena eta Zizurkilgo eta Villabonako Danok Danena taldeko Kizbel Lopez sailkatu da bigarren.

15 eta 17 urtez azpiko txapelketetan, bestalde, bereizita aritu dira neskak eta mutilak eta 15 urtez azpiko kirolarietako askoren puntuak bi kategorietan hartu dituzte kontuan. Hala, etxeko Alxe Balentziagak mutilen bi probak irabazi ditu lortu dituen 231,455 puntuei esker. 15 urtez azpikoetan Erik Exposito (180,074 puntu) taldekidea eta Danok Danenako Unai Mesa (172,442 puntu) sailkatu dira Balentziagaren atzetik. 17 urtez azpikoetan ere ZKE Halterofiliako kirolari bat sailkatu da bigarren, Mikel Lezea (199,006 puntu), hain zuzen ere, eta Arabako selekzioko Beñat Vueltak (198,404 puntu) eskuratu du hirugarren postuan.

Nesketan, azkenik, ZKEko ordezkariek bete dituzte bi podiumetako kaxoi guztiak. 15 urtez azpikoetan Lide Mendizabal nagusitu da 159,481 puntu bilduta, eta Lore Mendizabal (146,402 puntu) eta Mara Monasterio (144,776 puntu) sailkatu dira bigarren eta hirugarren. 17 urtez azpikoetan, aldiz, Malen Mendizabalek lortu ditu puntu gehien (199,259) Lide eta Lore Mendizabalen aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide