Gozatua hartu dute igerilariek Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldian

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 24a, 08:00

Baldintza paregabeak izan dituzte igeri egiteko eta 2.436 lagunek amaitu dute proba. Ikuskizuna bertatik bertara jarraitu duten herritarrak ere asko izan dira.

Itsasoa bare, eguzkitsu, haizerik ez, azken egunetan beldurra sartu duten marmokarik ere ez... baldintza ezin hobeak izan dituzte Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldiaren 51. edizioan parte hartu duten igerilariek. Hori horrela, 2.436 lagunek amaitu dute proba. Bakan batzuk gehiago ere iritsi dira helmugara, baina arrazoi bategatik edo besteagatik deskalifikatu egin dituzte. Erretiroa hartu duenik ere izan da, baina oro har guztiek hartu dute gozatua.

Hori irudikatzen du hondartzako helmugan gehien errepikatu den irudiak ere: irribarre zabalak ahoetan, besarkadak, familiari edo lagunei eskainitako garaipen keinuak proba amaituta...

Hondartzara bertaratu diren ehunka lagunek ere gozatu dute igerilariak banan bana animatzen, eta haiek ere irudi polita eskaini dute, zeren eta marea behean zegoenez, kono itxurako korridorea egin diete itsasertzetik helmugaraino igerilariei. Malekoian ere, jende andana bildu da. Batez ere, Getariako irteera eman dutenean proba pantaila handitik jarraitzeko. Ondoren, haiek ere hondartzan izan dituzte begiak igerilariak taldeka, irteeran ikusi dituzten txapelen koloreen arabera, nola iristen ziren ikusteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide