Ruben Van Gool eta Candela Sanchez gaur ere garaile, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 23a, 19:45

Candela Sanchez eta Ruben Van Gool Zarauzko hondarztako helmugan elkarrekin. (Jabi Gonzalez Toston)

Bi madrildarrak nagusi izan dira bigarren egunez jarraian eta marka berriak jarri dituzte, gainera. Ordu erdi eskas behar izan dute ibilbide osoa egiteko.

Ruben Van Gool eta Candela Sanchez madrildarrak jaun eta jabe izan dira asteburu honetan Zarautzen. Atzo Zarautz-Mollarri-Zarautz proba irabazi zuten eta gaur gauza bera egin dute Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. Gainera, biek ala biek marka berriak jarri dituzte.

Hori horrela, 30 minutu eta 31 segundokoa da orain Getaria-Zarautz Zeharkaldian bota beharreko denbora, tarte horixe behar izan baitu Van Goolek Getaria et Zarautz arteko 2.850 metroak egiteko. Edonola ere, tarte txikia atera dio bigarrenari zazpi segundo beranduago soilik helmugaratu baita Hugo Alberto Cardoso bigarren sailkatua. Cardoso, gainera, master kategoriako igerilaria da nagusitasunez gailendu da bertan. Proba orokorreko hirugarren sailkatua, berriz, Carlos Ortiz izan da eta bere denbora ere goraipatzekoa izan da, Van Goolengandik 26 segundora iritsi baita.

Haien atzetik iritsi da lehenengo emakumea Candela Sanchez, beste behin ere. Eguneko laugarren igerilari azkarrena izan da Sanchez eta berak ere marka berria jarri du proban 31 minutu eta 14 segundo. Sanchezen atzetik hurrengoa helmugan Pol Gil izan da aurreko bi edizioetako irabazlea. Getaria-Zarautz zeharkaldian parte hartu duen aldiro irabazi du gaur arte. Dena den, "gustura" geratu da emaitzarekin "gutxiago" entrenatzen duelako orain eta, hala ere "maila ona" eman duelako. "Gazteak indartsu ikusteak asko poztu nau" aitortu du, gainera.

Bigarren eta hirugarren emakumeei lotuta, bestalde, bada bitxikeriarik izan ere, atzoko postuak elkartrukatu dituzte. Atzo hirugarren izan zen Mikayla Esperance gaur bigarrena izan da Sanchezengandik minutu eta hogei segundora, eta atzo bigarren izan zen Claudia Giralt gaur hirugarrena izan da irabazlearengandik minutu eta 44 segundora.

SAILKAPENA

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide