Zehaztu dituzte Zarauzko Udaleko antolaketa eta funtzionamenduak

Aritz Mutiozabal 2023ko eka. 30a, 12:15

Udalbatza berria ekaineko udalbatzarrean. (Urtzi Oteiza)

Honako hiru batzordeen bidez kudeatuko dute udala: Antolakuntza, Lurraldea eta Herritarrak. Hamar ordezkari politikok liberazio osoa izango dute –EAJko zazpik, EH Bilduko bik eta PSE-EEko batek– eta alderdi sozialistako bigarren zinegotziak partziala. Koalizio subiranistak aurkeztutako emendakinak onartu egin zituzten atzoko udalbatzarrean

Udal hauteskundeen osteko kargu hartzeen lehen bilkuratik bi astera, udalbatza berria berriz elkartu zen atzo arratsaldean udalbatzar aretoan Zarauzko Udalaren antolamendua, funtzionamendua eta araubide juridikoaren erregelamenduak betetzeko. Osoko bilkurak hileko azken ostegunetan egiten jarraituko dituzte, 19:00etan hasita. Hori izan zen hartu zuten lehen erabakia, eta jarraian, Udal Informazio Batzarrak eratu zituzten.

Ekin berri dioten agintaldian hiru batzorde izango dituzte, eta batzorde bakoitzean EAJko hiru ordezkarik, EH Bilduko beste hiru kidek eta PSE-EEko batek hartuko dute parte. Honako hauek izango dira Zarauzko Udaleko Informazio Batzarrak: Lurralde Informazio Batzordea (hirigintza, ingurumena, herrilana, proiektuak, azpiegiturak, obra txikiak eta zerbitzuak, eta hirigintza diziplinak); Antolakuntza Konformazio Batzordea (kontratazioa eta ondarea, barne kudeaketa, giza baliabideak, ogasuna eta finantzak, Herritarren Arreta Zerbitzua, IKT eta artxiboa); Herritarren Arloko Informazio Batzordea (gizarte zerbitzuak, parekidetasuna, osasuna, haurrak, hirugarren adinekoak, lankidetza, immigrazioa, industria eta nekazaritza, Udaltzaingoa, babes zibila, mugikortasuna, herritarren partaidetza, Agenda 21, kultura, euskara eta hezkuntza, turismoa, merkataritza eta ostalaritza, ekitaldien koordinazioa, kirolak eta gaztedia, giza eskubideak eta bizikidetza).

Udal ordezkarien dedikazioak

Batzordeak eratu ondoren, zinegotzien arduraldiak ere zehaztu zituzten. Hala, erabateko dedikazioan jardungo dute Xabier Txurruka alkateak (5.373,37 euro, 14 hilekotan), Jesus Arana lehen alkateordeak (4.267,19 euro, 14 hilekotan), Gloria Vazquez bigarren alkateordeak (3.992,92 euro, 14 hilekotan), Irune Urbieta hirugarren alkateordeak (3.992,92 euro, 14 hilekotan), Iban San Martin gobernukideak (3.992,92 euro, 14 hilekotan), Iker Basurko gobernukideak (3.992,92 euro, 14 hilekotan), Leire Arana gobernukideak (3.895,87 euro, 14 hilekotan), Garbiñe Oiarbide gobernukideak(3.895,87 euro, 14 hilekotan), Itziar Murua EH Bilduren bozeramaileak (3.444,48 euro, 14 hilekotan) eta Ainara Lana EH Bilduko zinegotziak (2.675,76 euro, 14 hilekotan). Inaxio Illarramendi PSE-EE udal taldeko zinegotzia, berriz, dedikazio erdian ariko da (1.927,94 euro, 14 hilekotan).

Dirusari eta kalteordainak ere zehaztu zituzten udalbatzarrean. Hala, udal talde bakoitzak 700 euro jasoko ditu hilero, eta zinegotzi bakoitzak 75 euro. Dedikazio osoa ez duten zinegotziek, berriz, 125 euroko kalteordaina jasoko dute bilkura bakoitzera joateagatik, eta Informazio Batzorde nahiz Tokiko Batzordeko batzar bakoitzeko 60 euro.

EH Bilduren emendakinak

Zinegotzien ardurak eta dedikazioak zehazteko puntuan, EH Bilduk bi emendakin aurkeztu zituen, eta Udal Gobernuko kideekin adostasun batera iritsi ondoren, aho batez onartu ziren atzoko udalbatzarrean. EH Bilduko bozeramaile Itziar Muruak azaldu zuenez, oposiziotik espero zuten aurreko agintaldiko baldintza berak izango zituztela lanerako –liberazio oso bat eta bi erdi–, baina Gobernuak liberazio bakarra eta idazkari bat eskaini ziola hasieran. "Ez genion zentzurik ikusten idazkari bat edukitzeari", azpimarratu zuen Muruak. Hori horrela, emendakinen bidez, idazkariari muzin egin eta haren ordez Ainara Landa zinegotziari erabateko dedikazioa jartzea eskatu zuten.

"Azkenean, erdibide batera iritsi gara, baina ez gaude pozik. Ez duzue ulertu bozetan herriak eman zuen erantzuna. EAJren erabakia izan da guri oztopoak jartzea. Hauteskundeetan zigor bat jaso zenuten eta guri ordainarazi nahi diguzue", leporatu zien EH Bilduko bozeramaileak.

Udal Gobernuak eskaini ziena legeak agindutakotik harago doala erantzun zion Jesus Arana jeltzaleak, eta gogoratu zion EAk bere garaian jarritako bidea zela eta EH Bildu gobernuan egon zen agintaldian ez zuela berdin jokatu, "ez zen zinegotzi liberaturik egon". Halaber, alderdi asanblearioa direla nabarmendu zuen eta koalizio subiranistak Gipuzkoako beste herrietan nola jokatzen duen badakitela: "Alderdiko kidek argazki bat helarazten digute eta solidarioak gara haiekin".  Edonola ere, "malgutasunez" jokatzea erabaki dutela zehaztu zuen, proposatutako emendakinen alde bozkatzea.

Gloria Vazquez sozialistak esan zuen "kontzeptuak nahastu" dituela EH Bilduk: "Herriaren botoekin ari zarete, baina ohartu behar duzue Udal Gobernuko kideok ordezkaritza kopuruari eutsi diogula".  Hariari helduz, koalizioa gobernuan egon zenean "oso bestelako diskurtsoa" zutela gaineratu zion Muruari: "Oposizioa ahalik eta baliabide gutxienekin utzi zenuten".

 

DEPARTAMENTUEN ZINEGOTZI ARDURADUNAK

  • Zarautz 200, Proiektu estrategikoak eta Berrikuntzak: Iker Basurko
  • Bizikidetza: Jesus Arana
  • Gobernantza, Giza Baliabideak, IKT eta e-administrazioa: Jesus Arana
  • Ogasuna eta Finantzak, Kontratazioa eta Ondarea: Iker Basurko
  • Herritarren Arreta Zerbitzua: Leire Arana
  • Partaidetza, Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Turismoa, Jaiak eta Ekitaldiak: Leire Arana
  • Mugikortasuna: Iker Basurko
  • Euskara, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria: Irune Urbieta
  • Gizarte Politikak: Jesus Arana
  • Kirola: Inaxio Illarramendi
  • Parekidetasuna: Gloria Vazquez
  • Ingurumena, Eraztun Berde-Urdina, Landa Garapena eta Merkatu Plaza: Gloria Vazquez
  • Animalien Ongizatea: Gloria Vazquez
  • Hirigintza eta Etxebizitza: Garbiñe Oiarbide
  • Azpiegiturak, Obrak, Zerbitzuak eta Bizitza Kalitatea: Iban San Martin
  • Udaltzaingoa: Gervasio Gabirondo

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide