2023ko udal eta foru hauteskundeak

Udalak eta foru aldundiak gobernatzeko akordioa lortu dute EAJk eta PSE-EEk

Jabi Gonzalez Toston - Andoni Elduaien 2023ko eka. 2a, 13:00

Sabin Etxea, EAJren Bilboko egoitza nagusia. (EAJ)

Itunak Zarautzen eragina izango du, nahiz eta, Gloria Vazquez alkategai sozialistak aitortu duen oraindik ez dutela "ezer adostu" herri mailan. Azkoitian, berriz, Azkoitia Bai Elkarrekin plataformak du gobernua osatzeko giltza.

EAJk eta PSE-EEk akordioa lortu dute udaletan eta foru aldundietan gobernuak osatzeko. Gaur goizean argitaratu duten ohar bateratuan nabarmendu dutenez, "beharrezko" jo dute "egin ahal den tokian 2015etik aurrera Euskadiko erakunde nagusiak koalizioan gobernatzeko akordioa berriz gauzatzea".

Zentzu horretan, alderdiek adierazi dute "asebetetze maila altua" utzi diela zortzi urtean elkarrekin egin duten ibilbideak eta datorren agintaldiari begira espero dute "gobernagarritasuna bermatzetik harago, oinarri garbiekin egitea aurre ondorengo erronkei: zerbitzu publikoen babesa, desparekotasun-egoeren kontrako borroka, gizartearen aurrerabidea eta justizia soziala eta euskal gizarteak egun dituen erronka handiei –klima aldaketa, erronka demografikoa eta ekonomia produktibo berri baterako ibilbidea, eta enplegu eta laneko eskubide berriak-"

Hauteskundeak egin eta bost egunera berritu dute ituna aipatu alderdiek eta Urola Kostako eskualdean Zarautzen izango du eragina; izan ere, sozialistek dute herriko Udal Gobernua osatzeko giltza. Hala aitortu du Gloria Vazquez PSE-EEko alkategaiak ere, nahiz eta, argitu duen, halaber, herri mailan oraindik ez dutela "ezer" adostu alderdiek "goi mailan" hitzartu dutelako ituna. Horren harira, zehaztu du datorren astean indartuko dituztela negoziaketak.

Azkoitian herri plataformak du giltza

Azkoitian ere zehazteke dago oraindik nork gobernatuko duen herrian datozen lau urteetan. EAJk irabazi zituen hauteskundeak eta PSE-EErekin bat eginda ere ez lukete gehiengo osorik izango.

Azkoitia Bai Elkarrekin plataforma da Udal Gobernua osatzeko giltza duena eta atzo egin zuten horretarako lehenengo bilera udaletxean ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin. Plataformak adierazi duenez, "emaitzen araberako Udal Gobernua osatzea" da euren nahia.

Dena den, Jose Joakin Etxaniz plataformako zerrendaburuak argitu du "oraindik ezer erabaki gabe" dutela. "Ez dakigu alkatetzarako nori emango diogun botoa. Ikusteko dago botoa alderdi bati, besteari, geure buruari edo zuria emango dugun; aukera guztiak zabalik ditugu. Negoziazioak hasi besterik ez dira egin, eta horien arabera hartuko dugu erabakia".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide