Gaueko hamarrak alderako bukatu dute udal hauteskundeetako Zarauzko kontaketa ofiziala. 18.794 zarauztar zeuden boza ematera deituta, eta horietatik 11.652k (%63,67) jo dute hautesmahaietara, udala osatzeko bozkatzera. Beraz, 2019eko udal hauteskundeekin alderatuta, 6,65 puntu jaitsi da parte hartzea; abstentzioa % 36,33 izan da, zehatz-mehatz.
EAJk gehiengoari eutsi dio Zarautzen, eta hirugarrenez jarraian nagusi izan dira hauteslekuetan. Edonola ere, orpoz orpo izan du EH Bildu; kontaketaren hasiera aurretik joan da koalizio abertzalea, baina erdialdetik aurrera eserleku baten aldearekin jarri da aurretik. Guztira, 4.772 boto eskuratu ditu alderdi jeltzaleak –botoen %41,46, hain zuzen–, duela lau urteko udal hauteskundeetan baino ia mila boto gutxiago jaso ditu EAJk; 2019ean, 5.757 izan ziren.
Nolanahi ere, datorren agintaldian ere hamar hautetsi izango ditu EAJk Zarauzko Udalean, azken bi agintaldietan bezalaxe. Txurrukaz gain, Irune Urbieta, Iban San Martin, Naiara Mendibil, Leire Arana, Estibaliz Agirre, Iker Basurko, Garbiñe Oiarbide, Jesus Arana eta Gervasio Gabirondok osatuko dute jeltzaleen udal taldea.
Zarautzen EH Bilduk jarraitu dio oso-oso gertutik EAJri, 234 botoren aldearekin. 4.538 herritarrek bozkatu dute koalizio subiranistak oraingoan, hautesle erroldaren %39,43ak, hain justu. 2019eko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, ia-ia boto kopuru behera lortu du EH Bilduk ere; izan ere, zortzi boto gutxiago jaso ditu oraingoan. Datorren agintaldiari begira, bederatzi zinegotzi lortu ditu, duela lau urte baino bat gehiago: Itziar Murua, Ion Arozena, Ainara Landa, Ander Lukas, Eider Gurrutxaga, Mikel Agirre, Ainhize Larramendi, Esther Agirre eta Jexus Goikoetxea.
PSE-EEk gutxi gorabehera mantendu egin du boto kopurua: 1.062 boto eskuratu ditu, 2019eko bozetan baino 120 gutxiago. Orain arte bezala, bi ordezkari izango ditu 2023-2027 agintaldian: Gloria Vazquez eta Inaxio Illarramendi. Azken lau urteetan Vazquezek eta Elolak ordezkatu dute PSE-EE udalean, eta orain Illarramendik hartuko du Elolaren tokia.
Ezustekoa Elkarrekin Podemos Berdeak Equo koalizioak jaso du, udalean zuen ordezkaritza bakarra galdu baitu. Oihane Delgado zerrendaburuak ez ditu nahikoa boto lortu datorren agintarian udalean jarraitzeko. Duela lau urte 664 zarauztarrek babestu zuten, eta oraingoan 481 boto soilik erdietsi dituzte.
PPk 410 boto lortu ditu eta, beraz, ez du izango ordezkaritzarik, azken agintaldian bezalaxe. Edonola ere, Carles Fernadez hautagaiaren taldeak 30 boto gehiago lortu ditu oraingoan.