Alternatiba gidatzeko prest?
Egia esan, oso prest nago. Duela lau urte aurkeztu nintzen ilusio eta gogo berarekin jarraitzen dut, eta, gainera, orain prestatuago nagoela uste dut, lau urte hauetan ikasi dudan guztiaren ondoren.
Zer-nolako balorazioa egiten duzu orain arte egindako lanari buruz?
Orain lau urte kanpotik ikusten nuenaren balorazio antzekoa egiten dut. Zarauzko Udalak haize berri bat berri bat behar zuela nioen orduan, eta gauza bera diot orain ere. Eguneroko lau urteko dinamikaren ondoren, berretsi egiten dut. Batetik, ikusten dut herritarren eta udalaren arteko distantzia handia dela, komunikazio aldetik asko kostatzen delako eta parte hartze guneak ez direlako behar bezala egiten. Bestetik, barne mailan, alderdien arteko harremana formala da, baina bestela komunikaziorik, ezta akordioetarako benetako gogorik ere. Nik uste dut politikak, eta batez ere herri mailan, errazagoa beharko lukeela, elkarrizketarako erraztasun gehiagorekin.
Zarauzko EH Bilduk ze eredu planteatzen du?
Gobernantza herrigilea eta komunitarioa. Hain justu ere, aurretik aipatu dudanaren kontrakoa proposatzen dugu. Kanpora begira, espazioak egon behar dute herritarren eta udalaren artean komunikatzeko, iritziak emateko, baita erabakiak hartzeko ere. Udal Gobernuak horretarako ere prest egon beharko luke: kasu batzuetan, norbere gustukoa ez diren erabakiak hartzea eta horretarako prest gaude gu. Herriko kohesiorako ahalegin handiagoa egin behar da, gehiago entzun eta kontuan hartu erabakiak hartzerakoan. Udaleko barne mailan ere, alkate izatera iritsiko banintz, ez dut zalantzarik saiatuko nintzatekeela harreman zuzenagoa izaten.
Etxebizitza ugari eraiki dira agintaldi honetan. Hala ere, ez dirudi horrek konpontzen duenik herriko etxebizitza arazoa zuen iritziz?
Alde horretatik, guk argi daukagu. Etxebizitza eskubide bat da, eta Zarautzen eskubide hori ez dago bermatuta. Jende askok eta askok ezin du etxe bat erosi edo alokatu, nahiz eta babes ofizialekoak tokatu. Egin diren babestutako gehienak tasatuak izan dira, eta babes ofizialekoak egin direnak gutxi izan dira alokairura bideratu direnak. Uste dugu beste modu batera egi zitezkeela gauzak. Horrez gain, iruditzen zaigu etxebizitzak egitea ez dela arazoa, baizik eta norentzat eta nolakoak egiten diren. Tokatzen zaionarentzat eta ordaindu dezakenarentzat, zoragarri! Baina jende askori ez zaio tokatzen, eta arazoa ez da konpontzen. Madrilen onartu berri den legearen bitartez, Zarautz herri tentsionatu izendatu dezakete eta horrek, adibidez, alokairuen prezioak mugatzeko leiho bat zabaltzen digu.
Bestalde, Etxebizitzaren Behatokia proposatzen dugu: oso garrantzitsua iruditzen zaigu azterketa jarraia eta zehatza egitea etxebizitzen prezioen inguruan, etxebizitza hutsen inguruan eta hainbat gaien inguruan. Hortik abiatuta, etxebizitza politika zehaztu nahiko genuke. Era berean, herritarrak aholkatzeko bulego aproposa izango litzatekeela uste dugu.
Mugikortasunari dagokionez, bidegorri sare baten proiektu zehatz bat proposatu duzue.
Azken urtetan mugikortasuna bidegorriaren inguruan atzerapausoak eman dira Zarautzen. Bizikletarekin irtetea besterik ez dago! ez dakizu nondik joan behar duzun; batzuetan obrengatik da, baina beste batzuetan bidegorriak ez direlako behar bezala zaindu edo moztu egin direlako da. Mugikortasun Plan bat onartu zen duela urtebete, eta ez ginen bat etorri aurrera eraman zen moduarekin, ezta edukiarekin ere. Kontra bozkatu genuen lehentasuna autoari ematen jarraitzen diolako. Guk bidegorriak eta bizikleta bideak kontuan hartzen dituen hiru ardatzetako proposamen bat egiten dugu; nolabait ere, Zarautzen bizikletaz joateko garrantzitsuak diren tokiak lotuko lituzkeenak: ikastetxeak, osasun zentroa, kirol guneak eta Alde Zaharra. Argi dugu pausoak eman behar direla norabide horretan eta Europari begirako herri bat izan behar dugula, bizikletaren erabilerari dagokionez.
Bizikletei lehentasuna eman, baina beste arazo bat dago herrian: aparkalekuak.
Gure iritziz, herriaren inguruan jarri behar dira aparkalekuak. Egoiliarrenak auzoetan jarri behar dira, herritarrentzako arazo bat delako aparkatu ahal izatea, baina kanpotarrentzat aparkaleku disuasorioak jarri beharko lirateke, eta ez herrira ekarri. Jendeak ahal balu, Musika Plazaraino etorriko litzateke autoz, baino guk ezin diegu bide hori ireki. Ahalik eta erosoen jar ditzakegu aparkalekuak, baina herriaren kanpoaldean, Asti, Errotaberri edo Abendaño inguruan, eta gero garraiobide publiko jarriko genuke jendea herrira etor dadin. Gainera, oso ongi komunikatuta gaude garraiobide publikoei dagokienean, eta gehiago sustatu beharko genuke alderdi hori kanpotik datorren jendearen artean.
Kanpotarrak aipagai, turismotik jaten duen herria omen da Zarautz. Ze eredu babesten duzue?
Ez dago dudarik turismo jasangarri bat bilatu behar dugula Zarautzen. Guztiok ezagutzen ditugu hainbat herri eta hiri turismoak jan egin dituena, eta azkenean bertako herritarrak gustura bizi ez direnak. Gu geu ere toki batera joan eta turistak josita dagoenean, bertako xarma galduta, ez zaigu gustatzen. Turismoa ez da gero eta gehiago, baizik eta kalitate oneko turismo bat bilatu behar dugula. Dituen ondorio sozialak zaindu behar ditugu, ondorio ekonomikoak ere bai, baita ingurumenarekiko ondorioak ere. Beraz, turismo zaindu bat, orekatua ahal dela, herritarrak ahaztuko ez dituena, eta urte guztian zabalduko dena. Aberastasuna ekartzen du, baina asko zaindu behar da, zeren sortzen duen lanpostu mota ez da kalitatezkoa izaten askotan.
Dena ez da turismoa herrian...
Azken urteetan industriak %40ko jaitsiera izan du, eta hor apustu garbia egin behar da industria hori berreskuratzeko. Zerbitzuetara bakarrik bizi den herria ezin dugu izan. Turismoa hor dago, eta zaindu behar dugu nolako turismoa nahi dugun, baina turismoa ezinbestean bultzatu behar dugu. Eta udalean hartu diren azken erabakien oso kontra gaude, hau da, industrialdeetan zerbitzuetarako baimenak irekitzearen edo merkatalgune ez oso handiak baimentzearen kontra. Horren industria bultzatu beharrean, zerbitzura bideratzen du herria.
Horrez gain, lehen sektorea ere badago. Izan ere, nekazaritza badugu gure inguruan, eta herriari asko eman diezaioken sektore bat da. Eta guk beraiei ere bai. Beraz, ekonomiaren alorrean, turismoari ez ezik, industria berreskuratu eta lehen sektorea kontuan hartu behar dugu. Hiru sektoreen artean oreka bat bilatu behar dela uste dugu.
Eta kulturaren alorrean, Santa Klara komentua izango litzateke proiektu izarra.
Aukera ikaragarriak ematen dituenez, ondo pentsatu beharreko proiektua da. Guretzako inportanteena da eraikin horren barruan gertatuko dena. Horregatik, Zarauzko sortzaile ezberdinekin eta kulturarekin zerikusia duen jendearekin bildu gara, eta egin dugun proposamena da Zarauzko kultura dinamizatuko duen espazio bat eratzea. Sortzaileak kontuan hartuko dituena, elikatuko dituena, espazioak eskainiko dizkiena... Hainbat diziplinetako jendearekin elkartuko gara: antzerkia, dantza, literatura, arte plastikoak... Bilera dezente egin ditugu, eta denek bat egin dute sortzeko espazioen beharrarekin. Beraz, Zarautz bezalako herri batek horri erantzun behar dio, eta Santa Klara horretarako toki egokia da. Horrez gain, herritarren kultura gozamenerako ere aurreikusten dugu, baina zerbait berria sor dezakegula uste dugu eta horregatik deitu diogu Kultur Faktoria proiektuari.
Eraikina lotuta joango litzateke Amalur parkearekin.
Zarautzek garai batean baratzeak, erreka eta natura herrian bertan zeukan. Horrenbeste etxe egiten joan diren heinean, apur bat desagertzen joan dira. Berdeguneak baditugu, baina herria inguratzen. Santa Klara kanpoaldean egongo den Amalur parkea aukera paregabea dela iruditzen zaigu arnasgune bat edukitzeko herrian bertan. Ikusten dugu arnasgune horrek serioa izan behar duela. Ezin du parketxo bat izan, loretxo batzuekin eta asfalto askorekin, baizik eta zuhaitz asko eduki behar ditu, belarra zapaldu aukera eman beharko luke, jendea bertan elkartzeko, gauza ezberdinak praktikatzeko... Kokaleku zoragarria du, gainera. Gero, lotura ematen diogu Kultur Faktoriaren gure proposamenarekin, iruditzen zaigulako leku egokia dela kanpo oholtza bat jartzeko, kontzertuetarako eta kulturaz gozatzeko.
Arnasgune berde bat herrian. Zarautz euskararen arnasgune ere bada. Ze ideia dituzue hizkuntzari dagokionez, euskarari dagokionez?
Kezka dugu gaiari dagokionez, euskararen erabilera ez baita handitzen. Eman zituzten azken datuen arabera, mantendu egin da, eta, hain justu, Azken Portu auzoan eman zuen gorakadatxo bat. Zarautz arnasgune bada, baina herri handi bat da eta azken boladan kanpotik jende asko etortzen ari da. Jakina, ongietorriak dira, baina zaindu behar dugun gauza bat da. Orduan, herrian sortzen diren proposamenei eutsi behar diegu.
Badakigu azken urteetan Euskal Herrian Euskaraz eta euskararen aldeko mugimenduak apalduta ibili direla, eta orain herritar batzuk elkartu eta elkarte bat sortzekotan direla. Zentzu horretan, guk babestuko genuke noski.
Bestalde, agintaldi honetan ordenantza bat onartu da terrazak arautzen dituena, eta hor gure proposamenez sartu zen horietan euskararen erabilera ere arautzea. Eta hori aukera dugun beste esparru batzuetan txertatuko genuke.