2023ko udal eta foru hauteskundeak

Gloria Vazquez: "Etxebizitza sozialari eman zaion bultzada sozialiston lorpen argia da"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 25a, 09:00

Hirugarrenez aurkeztu du bere Gloria Vazquezek (Errenteria, 1965) Zarauzko Udal Hauteskundeetan PSE-EEko zerrendan. Bigarrenez izango da alkategai eta politika berdeak bultzatzen jarraitu asmo du.

Hirugarrenez aurkeztu zara Zarauzko Udaleko hauteskundeetara. Zerk bultzatuta oraingoan?

Nire herriaren alde lan egiteko borondateak bultzatu nau beti. Beraz, ahal dudan guztia egingo dut umiltasunez herria hobetzeko eta herritarrak laguntzeko.

Udal Gobernuko kide izan zara azken agintaldian. Parekidetasun eta Ingurumen departamentuetako buru. Zein balorazio egiten duzu?

Oso balorazioa positiboa egiten dugu, baina egia da oso agintaldi gogorra izan dela. Hasi bezain laster COVID-19aren pandemiak harrapatu gintuen eta hori amaitutakoan Ukrainako inbasioa izan genuen. Ekonomia eta energia krisiak eragin dituzte eta zaila izan da hori kudeatzea. Hala eta guztiz ere, lortu dugu arazoei aurre egitea eta herritarrak laguntzeko proiektuak aurrera eramatea.

Zuzentzen dituzun sailetatik Emakumeen* Etxea eta Eraztun Berde-Urdina bultzatu dituzue, besteak beste. Zure alderdiaren proiektu izarrak izan direla esango zenuke?

Oso harro nago Emakumeen* Etxea ireki izangatik, egia esan. Oso proiektu anitza da eta parte hartze handia du. Urte batean mila emakumetik gora igaro dira bertan egin diren saioetatik.

Bestetik, Eraztun Berde-Urdinarekin jarraitu dugu 2019an Vista Alegreko parkea berritzeko lanak amaitu ondoren. Azken finean, nire helburu nagusietako bat da klima aldaketari aurre egitea eta Eraztun Berde-Urdina baliabide garrantzitsua da bide horretan.

Horrez gain, pauso garrantzitsuak eman ditugu etxebizitza sozialaren arloan. Eusko Jaurlaritza ahalegin berezia egiten ari da horretan eta gure zerrendan doan Pablo Garcia Astrain da horren arduradunetako bat, etxebizitza zuzendaria baita. Hasieratik esan nuen horrek eragin zuzena izango zuela Zarautzen eta horren erakusle da, alokairu sozialera zuzendutako 197 etxebizitza eskainiko ditugula herrian. Aldapetan hamazazpi ditugu jada, Salberdinen gazteei zuzenduta beste 60 zuzkidura-apartamentu ari dira eraikitzen eta Salberdinen, era berean, beste 91 etxebizitza egingo ditugu aurki. Beraz, agerikoa da etxebizitzari ematen ari garen bultzada eta hori sozialiston lorpena da argi eta garbi.

Hurrengo agintaldian horri jarraipena ematea da helburua?

Noski. Nire lehentasuna herritarren ongizatea bultzatzea, eta horretarako beste alor batzuk ere badaude gizarte zerbitzuez gain: ingurumena zaintzea, berdintasuna zaintzea, babestutako etxebizitzak bultzatzea oso garrantzitsua da, baita lidergo berria ere.

Beti esaten dut lidergo horizontalagoa bultzatu nahi dudala udaletxean, herritarrei arreta eskaintzen diena eta entzun egiten dituena. Era berean, udal barruan ere talde lana bultzatu nahi dut. Uste dut horrela egin dudala lan nik eta lidergo eredu hori aplikatu nahi dut helburuak lortzeko modurik onena delako.

Zu gobernuan izan zara, herritarrei nahikoa entzun ez zaila iruditzen zaizu?

Gobernuan izan naiz, baina ez naiz alkatea. Herritarrak gerturatu izan zaizkidanean, arretaz entzun ditut eta pentsatzen dudana esan izan diet beti, baita haiekin ados ez nagoenean ere. Arreta hori eskertu egin didate eta esan didate lehenengo aldiz jaso dutela udalaren aldetik. Horrek tristura eragiten dit, zeren, herritarren zerbitzura egotea eta baliabideak eskaintzea izan behar da politikarion helburua.

Etxebizitzaren gaira itzulita, hartutako neurriak aski dira herrian dagoen arazoari erantzuteko?

Ez dakit aski diren ala ez, baina emandako aurrerapausoak izugarriak izan dira, zeren, kontuan hartu behar da Zarautzek alokairu sozialera bideratutako bederatzi etxebizitza soilik zituelako orain arte.

Gainera, etxebizitza lege berriak aukerak gehiago emango dizkigu etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Erregulatu nahi ditugun apartamentu turistikoei mugak jartzen lagunduko digu, esaterako; izan ere, beharrezkoa iruditzen zaigu ordenantza bat egitea. Horrek inork nahi ez duen gaueko aisialdiari lotutako turismoa saihesten lagunduko digu, aldi berean.

Turismoari lotuta, nolako eredua proposatzen du PSE-EEk?

Iturri ekonomiko garrantzitsua da turismoa zarauztarrontzat eta zaindu egin behar da. Guretzat, iraunkorra, naturan oinarritutakoa eta familiakoa izan behar da Zarauzko turismoa.

Motor ekonomiko gehiago ere baditu herriak. Zein asmo dituzue eraikitze bidean diren Errotaberri eta Errotazhar industrialdeetarako?

Industria berdea eta energia iturri garbiak bultzatu nahi ditugu guk. Horregatik, lagundu behar ditugu gure industria enpresak ingurumena zaintzako bidean aldaketak egin ditzaten eta, horretarako, baliabideak sortu behar ditugu.

Kultur arloan, Santa Klara komentua erosi du udalak eta kulturara bideratzea da, hain justu, beharrezko egokitzapen lanak egin ondoren. Alkate bazina, zein proiektu eramango zenituzke aurrera?

Lehen esandakoaren bidetik, parte hartze prozesua irekitzea litzateke lehenengo urratsa. Guk lehenago ere ikusten genuen azpiegitura kultural gisa gauza asko egin daitezkeelako bertan. Dena den, herrian dagoeneko baditugu kulturara zuzendutako azpiegitura asko eta horien berrantolaketa egin beharko genuke bakoitza zertarako erabiliko dugun erabakitzeko. Nire ustez, Sanz Eneak, adibidez, herriko liburutegia izan beharko luke eta erabilera hori soilik izan behar luke. Villa Munda adibidez, musikara bideratu genezake Musika Bandak bertan duelako egoitza. Edonola ere, baliabide guzti horiek herritarrek erabiltzen dituztenez eurek hartu beharko lukete erabakia. Horregatik, lanketa haiekin egitea gustatuko litzaiguke. 

Irisgarritasunari eragiten dioten obra ugari ere badaude herrian. Aurreikusi duzue neurririk ildo horretan?

Obrak herria hobetzeko badira, ez ditugu gaizki ikusten. Dena den, nire lehentasuna berdea da hormigoiaren aurrean. Hirigintzan aldaketa handiak dakartzate obrek eta aldaketa klimatikoa kontuan hartzeko aukera ematen dute. Horregatik, zoladura iragazkorren aldeko apustua egin beharko genuke ura xurgatzeko. Espero dut berritzeko premia duen hurrengo Hirigintza Plan Orokorrean hori jasotzea.

Aipatutakoez gain, zein dira PSE-EEren lehentasunak hurrengo agintaldiari begira?

Etxebizitza arazoa da erronka nagusia, baina, esan bezala, ingurumenari lotuta ere egin nahi ditugu urratsak. Batez ere, energia trantsizioaren alorrean. Egia da badugula udalean onartutako energia plana, baina azkarrago garatu behar da. Horri loturiko gauza asko egin nahi nituen aurten, adibidez, komunitate energetikok martxan jartzea, eskaera ere egin nion EAJri, baina hori ez dago nire esku soilik eta lehenago esan bezala ez nahi alkatea. Esan dezakedana da guk sozialistok eraikin publikoren bat kudeatuko bagenu, kiroldegia, kasu, eguzki plakak jarriko genituzkeela. Zentzu horretan, industriari begira ere hartu daitekeen neurria litzateke.

Nolakoa ikusi nahiko zenuke Zarautz lau urte barru?

Herri berdeagoa ikusi nahiko nuke. Dagoeneko bada, zuhaitz eta lorategi asko dituelako, baina uste dut hirigintzaren aldetik badagoela zer aldatu. Etorkizuneko herriak bultzatu behar ditugu eta hiri biodibertsitateak garrantzia handia du zentzu horretan. Herri inguruan ditugun Eraztun Berde-Urdina eta basoak oso garrantzitsuak dira, baina herrian bertan ere biodibertsitatea bultzatu behar da. Lorategi biziagoak dituen eta zarata gutxiago duen herri lasaiagoa ikusi nahiko nuke lau urte barru.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide