2023ko udal eta foru hauteskundeak

Xabier Txurruka: "Mila aparkaleku publiko sortzea da gure helburua"

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 25a, 13:00

Zortzi urtez alkate izan ostean, aurrera jarraitzeko "gogoz eta indarberrituta" aurkeztu da EAJren hautagai Xabier Txurruka (Zarautz, 1973).

Zarauzko alkate izan zara azken bi agintaldietan. Jarraipena emateko gogoz?

Gogoz, ilusioz eta, gainera, indarberrituta. Hautagaitza sendoa aurkeztu dugu; azken zortzi urteetan eskarmentu handi jaso dugun jendea gaude, eta bultzaka datorren gaztediarekin berritu dugu hautagaitza. Programa ere herritarrekin landu dugu, azken lau urtetan izan dugun harreman estuari esker, eta gogotsu gaude.

Nolako balorazioa egiten duzu azken agintaldian egindako lanaren inguruan?

Azken agintaldia aurrekoaren jarraipena izan da. Denbora behar da proiektu estrategikoak abian jartzeko, bultzada bat emateko, eta agintaldi honetan ikusi dugu Zarautzek nola egin duen aurrera, adibidez, etxebizitza politikan, azpiegituren proiektuetan, zerbitzuetan edo ekipamenduetan. Gauzak lau urtetan soilik egitea oso zaila da, proiektuek beraien lanketa behar dutelako, herritarrekin ere landu behar direlako, prozesu guztiek beraien fiskalizazioa behar dutelako, eta askotan aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin aritu behar delako elkarlanean. Beraz, balorazio oso positiboa egiten dugu, aurreko agintaldian abian jarritako proiektu asko gauzatuta ikusi ditugulako eta balio izan digulako hurrengo agintaldirako proiektu nagusi asko bideratzen.

Hautes zerrenda aurkeztu zenutenean, «onena iristeko» dagoela nabarmendu zenuen. Etorkizunera begirako proiektua al da zuena?

Bai, benetan horrela dela sinesten dugulako Etorkizunerako proiektu hori ez da pose bat Agintaldi honetan lanketa garrantzitsu bat egin dugu: Zarautz 2030 Plan Estrategikoa onartu dugu aho batez, herriko alderdi politiko guztien oniritziarekin. Gobernu honek egin duen apustu nagusi izan da, parte hartzea sustatzeko, elkarlanetik abiatuta proiektuak bideratu ahal izateko eta hurrengo agintaldian beste modu bateko harremana nahiz proiekzioa izateko udalaren eta herritarren artean. Zarautz 2030 hor daukagu, jasangarritasun helburuak finkatzen dituena, eta hiru oinarri nagusitatik osatu duguna: herritar denei irekia egon da eta ahalik eta zabalena, parte hartzaileena eta objektiboena izatea nahi izan dugu. Oso gustura gaude emaitzarekin.


Etxebizitza ugari eraiki dira agintaldi honetan; horietako asko babestuak, eta zozkatu ere egin dira. Arazoari aurre egiteko beste 500 bizileku eraikitzea aurreikusten duzue.

2016an Etxebizitza Plana kaleratu genuenean garbi geneukan erantzun zuzena eta sendoa behar zuela Zarauzko etxebizitza beharrak. Aurreko hamalau urtetan sei etxebizitza tasatu baino ez ziren esleitu, eta, beraz, herrian bazegoen beharra, gaur egun dagoen bezala. Baina orduan ez zegoen itxaropenik babes ofizialeko etxebizitzak sustatuko zirenik. Horri aurre egitea erabaki genuen, eta martxan jarri genuen Etxebizitza Planaren barruan, Aldapetan 50 etxebizitza babestu eta tasatu esleitu genituen, eta berdin egin genuen Salberdinekin. Bideragarri bihurtu genuen, bi fasetan antolatuta, eta gaur da eguna Jaurlaritzak egin beharreko alokairuzko 60 etxebizitzak bakarrik falta diren Salberdin iparraldean. Amaitzear den agintaldi honetan babestutako 375 etxebizitza esleitu ditugu. Datorren agintaldira begira, Bigarren Etxebizitza Plana agertu dugu, eta hor gure konpromisoa da babestutako 500 etxebizitza esleitzea, bai Salberdinen eta Lanpardon, baita Amillubi-Irita eremuan ere, azken udalbatzarrean planari behin-behineko onarpena eman ondoren. 

Aparkalekuei dagokienez, Hegoalden 400 ibilgailuentzako eremu bat aurreikusi duzue.

Lizitazioan dago jada Arregi eta Manufacturas Zarautz enpresen pabiloiak eraisteko lehiaketa. Bere garaian Salberdinen egin bezala, behin-behineko aparkaleku publikoa jarri nahi dugu hor, udaldian jende asko datorrelako eta beharra dagoelako. Izatez, urte osoan dago beharra, eta EAJren helburua harago doa. Etxebizitzarekin batera, aparkalekua da gure herriko arazo nagusienetako bat, eta behin betiko erantzuna eman nahi diogu. Gure helburua da mila aparkaleku publiko sortzea. Iñurritza eremuan  eraikitzen ari diren etxebizitzen sotoetako bat udalarentzat izateko sinatuta dago, eta hor 130 bat aparkaleku joatea aurreikusi dugu. Bestalde, autobus geltokia eraikiko dugu Amillubin, eta horko bi soto aparkaleku publikorako bideratuko genituzke. Gero, Hegoalde eremuan aipatu behin-behineko 400 aparkaleku izango genituzke. Eta, azkenik, Salberdinen badugu proiektu bat beste 400 aparkaleku egiteko lurpean , bi sototan, bere garaian Arrona Hermanos zegoen inguruan. Erronka horiek martxan jarri eta bukatu nahi ditugu hurrengo agintaldian.

Azken aparkaleku horren ondoan, kultur arloari begirako proiektu izarra egongo litzateke: Santa Klara komentua.
Zalantzari gabe. Hauteskundeak pasa ahala, alderdi politiko guztion artean hitzartuta dugu uda honetan parte hartze prozesu bat egitea, finkatzeko zehatz-mehatz ze erabilera nagusi jasoko dituen komentuak. Izan ere, Europar Funtsetatik hiru milioi euro jaso ditugu eraikinaren birgaitze energetikoa gauzatzeko, eta horrek obra bukatzeko epe zehatz bat dauka, 2026ko martxoa, alegia. Denok ados gaude kultur erabilerarako jarduerak izango direla, baina gure proposamena da Santa Klarak izan behar duela zarauztar ororentzat irekia den kultur ekipamendu bat. Baina bihotz bat izan behar du, eta hori udal liburutegi modernoa izango litzateke, egungo garaietara egokitutakoa. Denok dakigu Sanz Enea zein egoeretan dagoen; erabilera handia du eta, zorionez, erreferente da emakidatan nahiz bazkide kopurutan, baina hori indartu nahi dugu Santa Klarara eramanda. Era berean, espazio falta dagoela ikusten dugu ikasgelei dagokionez, eta pentsatzen dugu komentuak behar horiei guztiei erantzun behar diela. Inguruak erabilera anitzeko aukera asko zabaltzen ditu: kongresurako, artxiborako, ikerketarako, arterako... Betiere balioaniztasun baten barruan.

Ondoan Amalur parkea izango luke. Izan ere, herrian sortu da nolabaiteko berdeguneekiko eta zuhaitzekiko sentsibilizazioa.

Sentsibilizazio hori baino lehen sortu zen Amalur parkea. Santa Klara komentua erosi ondoren, mojenak ziren baratze eta orubeak batzen ditugu Azken Portuko espazio libreekin eta Salberdingo hirigintza garapenean lortutako espazio libreekin. Salberdingo Plana onartu zenean, parke publiko bat egiteko gaur egun ikus daiteken espazio hori guztia libre uztea aurreikusi zen. Norbaitek pentsatu zuelako, agian, egunen batean Santa Klarako lurrekin batera, Zarautzen birika berde hori lortzea posible izango zela. Amalur parkea, gainera, Santa Klara inguratzen duen guztia da, eta agintaldi honetan, Eusko Trenbide Sarearekin batera, martxan jarri dugun tren geltoki berria nahiz pasabide berriarekin, parke horrek bat egingo du Gaztainpe parkearekin eta Villa Munda parkearekin. Beraz, hor sortuko den parke sekuentzia ez da izango nolanahikoa. Lehenik eta behin, uda honetan herritarrei zabaldu nahi diegu, bidexkak atondu, bankuak eta argiak jarrita, eta Kalerkiko saioak bertan eskaini.

Familia turismoa sustatu izan duzue. Eredu beretik jarraitzeko asmoa al duzue?

Bai, dudarik gabe. Aurreko agintaldi amaieran Turismo Plana onartu genuen aho batez. Zarautzek zer-nolako turismoa erakarri nahi duen erabaki genuen; hau da, turismo jasangarria, familiei zuzendutakoa... Ez dugu ahaztu behar duela zortzi urte zer-nolako turismoa jasaten genuen, sanferminetara etortzen ziren haiekin, eta ez genekien zer zen gure herria uztail haietan. Hori zorionez joan da. Zarautz ez da erakargarri gaur egun horrelako turismo batentzat. Beste helburu eta proiekzio bat dugu, eta Fiturrera joaten garenean, familia turismoa lantzen ari diren erakunde eta beste herri batzuekin estutzen ditugu harremanak. Mapa eta erakusleiho horretan egon nahi dugu.

Zarautz ez da turismotik bakarrik bizi, industriatik ere bizi da. Hor badira Errotaberri eta Errotazahar industrialdeak... Zer proiektu dituzue esku artean ekonomia arloari begira?

Duela lau urte aipatzen nuen Zarauzko industriari bultzada berezia eman behar geniola. Nahiz bi urteko pandemia jasan dugun, eta horrek zailtasun handiak eman dizkigun kontratazioetan eta materialen prezioan, non atzerapenak ekarri dizkigun, agintaldi honetan Errotaberri industrialdeari eman diogun bultzada oso garrantzitsua izan da. Kale nagusiak urbanizatuta daude, eta asmoa da urte honetan bukatzea urbanizazio lan osoa. Gainera, badaude jada enpresak Errotaberrira etortzeko interesa agertu dutenak, eta horretan ari gara lanean. Baina ez hori bakarrik. Agintera iritsi ginenean arazo larriak zeuden: KSB Itur Zarauzko enpresa nagusiak azaldu zigun bertako uholdegarritasun arazoa konpondu ezean herritik joateko aukera lantzen ari zirela. Beraz, ez da enpresa berriak erakartzeko bidea bakarrik, baizik lehendik zeudenak ere bertan geratzeko hautua egin dutela. Berdin gertatzen ari da Abendañon, libre zeuden azken orubeetan sekulako enpresa parkea sortzen ari baita, Zarauzko ekonomia suspertzeko.

Eta horri laguntzeko, zuen proiektu nagusietako bat saihesbidea litzateke, ezta?

Hori da, bai. Zarauzko industrialdeak –Abendaño, Errotaberri eta Errotazahar– daude bata bestearen ondoan, baina horra iristeko lehen herri osoa zeharkatu behar zen, Araba kaletik edo Zuberoa kaletik. Agintaldi honetan pauso bat eman dugu aurrera, eta Frantsesbidea zabaldu dugu, eta horik konexio bat egitea Errotaberri aldera, KSB Itur enpresa aldera. Aldundiak 1,2 milioi euro jarri ditu, eta Zarauzko Udalak ere inbertsio handia egin du hori aurrera ateratzeko. Edonola ere, ez da nahikoa. Aritzbataldeko bizilagunek trafiko hori erretiratzeko eskaera egin zuten, eta agindu genien saihesbidearen proiektua bideratuko genuela ahal bezain pronto. Gaur da eguna proiektua ixtear dela, azken lurren okupazioak lotzen ari delako aldundia. Behin hori lortuta, gure asmoa litzateke aldundiak agintaldi hasieran lizitaziora ateratzea eta urtebete barru obrak martxan jartzea. Saihesbidearekin lortuko genuke industrialdeetan zuzenean sartzea AP-8 autobideko ordainlekutik, Asti ukitu gabe, lehen biribilgunea moldatuta eta gaur egun dauden bideak nahiz azpibideak aprobetxatuta.

Saihesbidea Asti ingurutik igaroko dela, eta Asti kirolgunea dela jakinda. Ze asmo dituzue kirol arlorako?

Asti da gure proiektu nagusienetako kirolari dagokionez, baina ez da bakarra. Lur kudeaketa oso garrantzitsua egin dugu Astin agintaldi honetan, eta asmoa litzateke hurrengo agintaldian beharrezkoa den Plan Orokorraren aldaketa gauzatu, proiektua idatzi eta Astik behar duen atletismoko pistak eraiki nahi dugu, erabilera anitzeko belar artifizialezko zelaiarekin, futbolerako nahiz errugbirako, eta padeleko pistak ere bertan kokatu nahi ditugu. Asti indartzeaz gain, gure konpromisoa da udal kiroldegia zabalpena aztertzeko proiektua idaztea. Badaude lorategiak inguruan eta berrantolatu daiteke kiroldegia bera. Gure xedea litzateke aztertzea eta ea bideragarri den aurrera eramatea buruan ditugun ideia eta lekualdaketa horiek, Zarautz berrira moldatzeko kiroldegiaren beharrak..

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide