Gutuna

Oinez, gurpildun aulkian, bizikletaz...

Erredakzioa 2023ko mai. 11a, 09:00

Mitxelena eta IƱurritza arteko behin-behineko pasabidea. (Amaia Urbieta Arruti)

Joseba Makazaga herritarrak ondorengo gutuna helarazi du Zarauzko Hitzara, herriko obrak eta irisgarritasuna hizpide duela.

Dedio! zein ederra den Zarautz! Paseorako ibilbide zoragarriz josita dago, bai biotopo aldea, bai malekoia, bai Getaria bidea, baita Klabelinsoro eta inguruak ere... Eta aldapa nahi duenak Talaimendi, Elkano, Allemendi, Irustagain edota Pagoeta artean aukera dezake.

Hala ere, azken aldian oztopoz josi digute herria eta bertan mugitzea gehiegi zaildu digute. Denbora luzeegia daramagu Itxamendin eta inguruetan bizi garenok Nafarroa kaleko bus geltokira joateko pasarela zaratatsu eta maldatsu batetik pasatzen. Alkateak proba dezala gure ama
gurpildun aulkian alde batetik bestera bultzaka eramatea zer den! Gainera, trenbide azpiko pasabidea egina dago, aspaldi egin zuten! Baina ez digute bertatik pasatzen lagatzen. Astebukaeretan inor ez da lanean aritzen, eta ostiral arratsaldeko azken ordu laurdena nahikoa litzateke egokitzapen lan sinple bat egin eta azpiko pasabidea erabilgarri lagatzeko. Horrela, gutxienez aste bukaeran ez genuke pasarela nazkagarri hori erabili beharko. Ziur nago kotxeen ibilbidea balitz, egunero-egunero  kotxeak pasatzeko moduan lagako luketela pasabidea, edota joan-etorriak kontrolatzeko langile bat pasoa ematen egongo litzatekeela bai eta lanean ari diren bitartean ere! Baina oinezkoei, ziklistei edota gurpildun aulkian doazenei jarritako oztopoa denez,
izorra bitez!

Beste oztopo lotsagarria kanaleko zubiarena da. Denbora luzeegia daramagu zubirik gabe. Hori gutxi ez eta... zubiaren inguruko paseorako aukerak ere mugatu egin ez dizkigute bada! Alde batetik, araztegi parean (zubia baino 300 edo 400 metro lehenago!) biotopoko paseoa galarazten
duen hesia jarrita dago, eta beste aldetik, dunen gaineko egurrezko paseo dotorean, zubia baino 300 metro inguru lehenago, itxi egin dute pasealekua. Baita kanaletik gertuen dauden eskailerak ere, dunen gaineko egurrezko pasabidera doazen eskailerak hain zuzen. Ze nezesidade dago horretarako? Hondartzatik zubi ondoraino joan gaitezke, baina egurrezko pasabidetik ez? Zein buruargiri bururatu zaio halakorik? Hainbeste denboran zubirik gabe lagatzea gutxi ez eta gainera hori!?

Goiko kanpinekoak ere gustura egongo dira... Eskaileretan ere hesia jarrita dago!

Oinez, gurpildun aulkian edota bizikletaz mugitzen garenekiko begirunerik eza erakusten dute Zarauzko oztopo hauek guztiek. Kudeatzaileen gaitasun eza ere bai. Eta beldur naiz helburu nagusia ez ote den izango alkateak hauteskunde aurretik atera nahi dituen argazkiak.

Alkateak eta udal talde honek zer egiten duten erakutsiko dute argazki horiek, bai horixe! Zarauztar asko eta asko izorratzen dituztela erakutsiko dute; kotxea alde batera lagako balute, oinezkook, gurpildun aulkian doazenek edota bizikletaz mugitzen garenok zer sentitzen dugun
ikusiko lukete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide