SARETZEN

Malvina Tapia: "Euskarari heldu diogu orain, semeak behar duelako eta integratzeko balio duelako"

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 5a, 08:55

Malvina Tapia, Uxue eta Mateo seme-alabekin eta Fernando bikotearekin. (Utzitakoa)

2008tik Zarautzen bizi da Malvina Tapia argentinarra, eta azaldu du bera iritsi zenean ez bezala, argentinar asko dagoela orain herrian. "Inflazio izugarria dugu Argentinan, eta zoritxarrez, jendea alde egiten ari da", kontatu du.

Malvina Tapia argentinarra 2008an iritsi zen Zarautzera, 22 urterekin, "abenturara". Lehengusina zeukan Zarautzen bizitzen, urtebete lehenago etorria, eta hark beti esaten zion animatu eta etortzeko. "Baietz esan nion, eta ordutik hemen nago; ez nintzen bueltatu". Azkenean, bertan aurkitu zituen bai lana, bai maitasuna. “Lan batean baino gehiagotan aritu nintzen, eta senarra ere hemen ezagutu nuen, nahiz eta urte asko geroago izan”, kontatu du.

"Kasualitatez, argentinarra da senarra ere, eta familia osatu dugu eta ostalaritza negozioak ditugu Zarautzen", azaldu du. Zortzi urtez bizi izan zen Zarautzen, gero hiru urtez Donostian, eta berriz ere herrian bizi dira. "Nire lanbidea, berez, ez da hau, baina lana utzi nuen familiako negozioan aritzeko", zehaztu du. Gaur egun bi taberna dituzte, bat Nafarroa kalean, eta bestea Salbiden.

Zarautzen gustura bizi dela azaldu du: "Hondartza izugarri gustatzen zait, itsasoan bainatzea maite dugu, eta familian bizitzeko toki oso ona dela uste dut. Horregatik ere etorri ginen hona umea izan genuenean, lanetik eta etxetik gertu daudelako ikastetxeak ere. Atsegina da familia bizitza egitea Zarautzen, hori zen nahi nuena".

Herrian urte dezente daramatzan arren, aitortu du euskarari "orain heldu" diotela, umea eskolan hasi denean. "Integratzeko balio du, eta hor ari gara euskara ikasten, semeak behar duelako. Ziur nago, gainera, guraso atzerritarrak eduki arren, semea erabat integratuko dela eta hemengo lagunak izango dituela".

"Argentinar asko etorri da azken urteetan"

Euskal Herrian argentinarren elkarteak badauden arren, Tapiak eta senarrak ez dute horietan parte hartzen. "Momentu honetan, bizitza sozial handirik ere ez daukagu lanarekin eta umeekin", azaldu du. Hala ere, gauza batetaz ohartu dira: "Argi eta garbi ikusten ari gara azken urteetan argentinar asko ari direla immigratzen hona".

"Lehen ia argentinarrik ez zen hemen", gaineratu du. "Ni etorri nintzenean ez zegoen krisirik Argentinan, baina orain arazo larria dugu han, krisi ekonomiko itzela dagoelako. Inflazioa ikaragarria da, eta zoritxarrez, jendeak alde egin beharra dauka, ezin baituzu aurrera egin inolaz ere herrialdean".

Argentinako komunitatearekin loturarik eduki ez arren, beren tabernetan eskaintzen dute jaki argentinarren bat ere; esaterako, enpanada argentinarrak eta plater konbinatu argentinarren bat.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide