IRITZIA

Herritarron Ikastola

Joseba Makazaga 2023ko api. 1a, 14:20

Artxiboko irudian, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola.

Joseba Makazaga Zarauzko Ikastolako ikasle eta guraso ohiak honako iritzia helarazi du matrikulazio sistema berriaz.

Zarauzko Ikastola, gurasoen kooperatiba moduan antolatutako ikastola, bi lerroko edo bi gelako eskola izatera mugatu (nahi) dute. Eta, jakina, eskaera eskaintza baino handiagoa izan da.

Izena eman dutenez gain, bizpahiru zaurgarri sartuko dituzte, horrela, hezkuntza sailekoek esan ahal izango dute ikastolek ere bere kuota jasotzen dutela eta dibertsitatea banatutzat joko dute. Baina etorriko dira etorkin berriak irailean, edo abenduan edo otsailean, eta haien seme-alabak zein eskolatan sartuko dituzte? Ikastolan ez! Ondo beteta egongo dira bertako bi gelak. Hori da hori banaketa! Egoera hori urtero errepikatzeko arriskuak beldurtzen nau.

Eta okerrena da bide horretatik jarraitzen badugu ikastola, gu guztion ikastola, gure curriculuma landu nahi duen ikastola, zarauztar eta euskal herritar gisa hezi gaituen ikastola, dibertsitatetik urrutiratuko dutela, eta ezingo duela bere lana egin.

Herriarena dena elitearena izatera pasatzeko saiakera berria ikusten dut: Ikastolak publikoak ez direla esaten dutenek are eta ozenago esan ahal izan dezaten euskal eskola publikoan ez dutela tokirik gure ikastolek.

Egindako lanaren, egiten duenaren eta egin dezakeenaren kontrakoek ikastolekin bukatu nahi izatea ulergarria da, baina euskal eskola publikoaren alde gaudenok ez genuke ametitu behar altxor hori galtzea, ez eta desbideratzea ere.

Eskerrak herri honek ikastolak asmatu zituen, non geundeke bestela!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide