Inauteriak 2023

Asteburu "gustagarri eta oparoa" antolatu dute Zarauzko Inauterietarako

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 11a, 10:00

Inauteriak antolatzen aritu diren herriko eragileak, udal arduradunak eta Koxme balea. (Aritz Mutiozabal)

Otsailaren 17an hasiko da Jalgi dantza taldeak gidatutako Galtxagorrien jaitsierarekin, eta otsailaren 18an lehertuko da mozorroaren jaia herrian. Konpartsan 150 lagun irtengo dira dantzan.

Koxme balea lagun zutela, atzo eguerdian aurkeztu zuten Modelo aretoaren atarian Zarauzko Inauterien aurtengo egitaraua, berau antolatu eta sustatu duten eragileek. Elkarlanean, ahalik eta proposamen "gustagarriena eta oparoena" landu dutela azpimarratu du Kultura zinegotzi Irune Urbietak. Ostiral arratsaldetik hasi eta igandea bitartean, hilaren 17tik 19era, hamaika aukera izango festaz gozatzeko, eta, beraz, herritarrei ekitaldietan "mozorrotuta" parte hartzera animatu die, "ondo pasatzeko aukera bikaina izango baita asteburu osoan".

Tradizio bihurtze aldera, eta herriko Inauteei hasiera emateko, Jalgi dantza taldeak Galtxagorrien jaitsiera egingo du ostiral arratsaldez. Hirugarrenez eskainiko dute ekitaldia, Zarautz Trikek, Goizeko Ihintza txistulari taldeak eta Zarakatun batukadak girotuta. Jalgiko kide Oiartz Eizagirrek eta Ane Agirrek azaldu zutenez, kalez kale ibiliko dira dantza taldeko heldu zein haurrak.

Aurten, ordea, ibilbidea aldatu egin dute: musika eskolatik abiatuko dira, baina hasi bezain pronto Kasino kalerantz joko dute eta Gipuzkoa kalea zeharkatu ondoren, Musika Plazan sartuko dira; han, hiru pieza dantzatuko dituzte, eta jarraian, Zigordia kaletik Lege Zaharren plazan egingo dute ekitaldi nagusia, Akelarrea, hainbat dantza erakustaldirekin.

Txupinazoa Koxmerekin

Festen hasiera ofiziala, ordea, larunbat eguerdian  izango da, Koxme baleak Modelo aretoko balkoitik txupinazoa botatzen duenean. Jarraian, Jainekin txaranga kalez kale joango da herria mozorroaren festarekin girotzen eta alaitzen. Festari benetako erritmoa, nola ez, Inauterietako Konpartsak jarriko dio: aurten Moulin Rouge hartu dute ardatz. Alde Zaharreko kaleetan zehar erakutsiko dute 150 herritarrek asteotan prestatu duten koreografia, 17:30etik 19:30era, Musika Plazan hasita eta bukatuta. Ilusioz daudela eta oso ikuskizun polita izango dela aurreratu du Yasmilka Rodriguez konpartsako arduradunak.

Aurten ere ez da faltako Zurekin ostalari elkarteak antolatutako Kuadrillen Mozorro Lehiaketa; 19:00etan izango da hori, Musika Plazan bertan. Bertan parte hartu nahi duten lagun taldeek aurrez eman beharko dute izena Turismo Bulegoan, edo nahi izanez gero, egunean bertan Euskalduna tabernan. Hiru sari banatuko dituzte: 250, 150 eta 100 euroko bonuak Zurekineko establezimenduetan gastatzeko. Zurekineko ordezkari Maider Izagirre bertaratu zen agerraldira lehiaketaren berri ematera.

Erlazionatuak

Zarauzko Inauterietako egitaraua eskura

Juan Luis Romatet 2023 ots 11 Zarautz

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide