Zarauzko Udalak Villa Mundako dorreak berrituko ditu eta aste honetan hasiko dituzte lanak

Aritz Mutiozabal 2022ko ekainaren 7a

Harri Construcciones y Mamposteria SL enpresari esleitu dizkiote lanak ia 230.000 euroko aurrekontuarekin, eta udazkenerako aurreikusten dute amaitzea.

Jabetza publikokoak diren Villa Munda eraikin multzoaren barruan dauden dorreen birgaitze lanekin hasiko dira aste honetan. Zarauzko Udalak Harri Construcciones y Mamposteria SL enpresari adjudikatu dizkio lanak, 229.102,94 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin, eta hondar-harrizko dorreak birgaitzeaz gain, horien arteko hesia eta ate nagusia guztiz eraberrituko dituzte. Aste honetan ekingo diote lanei, eta udazkenean amaitzea aurreikusten dute. 

Villa Munda "herriko ondarearen altxor garrantzitsu bat" dela adierazi du Xabier Txurruka alkateak: "Sanz Eneako eraikinarekin batera, gaur egun Zarautzen aurki daitekeen XIX. mendeko arkitekturaren adierazle nagusia da Villa Mundako jauregia. Ondarea zaintzea erakunde denon ardura beharko luke izan eta horretan gabiltza etenik gabe azken urteetan udalean". Hori horrela, gogora ekarri ditu Santa Klara komentua erosi izan, baita Zarauzko moilako, Vista Alegreko torreoiko eta Merkatu plazako eraberritze lanak ere.

XIX. mendearen azken herenean eraiki zen Villa Munda, garaiko hilerriaren lurretan, Pedro Gonzalez de Velasco medikuaren esanetara. Hasiera batean, oin laukizuzenarekin eraiki zen jauregitxo hau eta, geroago, altuera baxuagoko beste bi gehigarri eraiki ziren hegoaldean, gaur artean iritsi den U formako eraikina osatuz. Gaur egun, Villa Mundako eraikinak hainbat funtzio betetzen ditu, besteak beste, Zarautz Abesbatzaren eta Zarauzko Musika Bandaren egoitza da eta bertan egiten dituzte entseguak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide