Segurtasun eta higiene neurri berriak Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 30a, 15:25

Antolatutako ikastaro guztiak mantenduko dituzte, baina arau berriak errespetatzeko hainbat egokitzapen txiki egingo dituzte; esaterako, azpitalde txikiak osatzea, kontaktua jende gutxiagorekin edukitzeko.

Hainbat aldaketa egin ditu udalak Aritzbatalde Kiroldegiko instalazioak erabiltzeko jarraibideetan, COVID-19a ez hedatzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurrien harira. 

Instalazioaren edukiera baimenduaren %50a da araututako edukiera muga. Horretara egokitu dute kiroldegiko gune bakoitzeko edukiera; hemen dago ikusgai kiroldegiaren gune bakoitzean sartzen den jende kopurua.

Aireztatze sistemari dagokionez, instalazioko areto guztietako leihoak zabalik egongo dira eta airea berritzeko sistema une oro aktibatuta izango dute, espazioen aireztapena bermatze aldera. Arreta zerbitzuaren ordutegia, berriz, Fitness gelako eta igerilekuetako txanden ordutegira egokitu da: astelehenetik ostiralera 06:30etik 21:00etara eta larunbatetan 08:30etik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara.

Igerilekuak

Erreserba txandak eta edukierak mantenduko dira aldagela zein hiru igerilekuetan: igerileku handian hemezortzi pertsona, ertainean hamazazpi eta txikian 23. Aldageletan, berriz, hamabi pertsonak egon ahal izango dute gehienez. Horrez gain, erreserba txanda hasi baino hamabost minutu lehenago instalaziora sarzteko aukera mantenduko dute.

Fitness gunea

Erreserba txandak eta edukierak mantenduko dira Fitness gunean: aldageletan bederatzi pertsona eta gune osoan 65. Muskulazio aretoari dagokionez, jende pilaketak ekiditeko, gune horretako edukiera partziala hamahiru pertsonakoa izango da. Horrez gain, erreserba txanda hasi baino hamabost minutu lehenago instalaziora sartzeko aukera mantenduko dute.

Talde txikietan eta bikotean ezingo da kirolik egin Fitness gunean, arau berriak kirola bakarka egitea soilik baimentzen duelako. Era berean, maskararen erabilera egokia egitea derrigorrezkoa izango da, jarduera fisikoa egiten denean izan ezik.  

Express saioak

11 pertsonara jaitsiko dute saio horietako edukiera (hamar ikasle eta monitore bat), eta bost pertsonako azpitaldeetan banatuko dira. Tatami aretoan emango dituzte saio horiek.

Ikastaroak

Antolatutako ikastaro guztiak mantenduko dira, gehienez sei pertsonako azpitaldeetan banatuta. Azpitaldeetako neurri horrekin burbuila sistema ezartzea da asmoa, prebenitzeko eta kutsatzeen trazabilitatea errazteko. Bestelako neurriak hartuko dituzte ikastaroekin aurrera egin ahal izateko:

  • Talde bakoitzaren barruan sei pertsona baino gutxiagoko taldeak egin dituzte. 
  • Azpitaldeen arteko distantzia hiru metrokoa da, gutxienez.
  • Aretoetako koadranteen sistema mantentzen da. Koadrante bakoitzak 2x2 metroko azalera du, eta koadranteen arteko tartea 15 zentimetrokoa da.
  • Koadrantearen erditik gertueneko koadrantearen erdira 2,15 metroko distantzia dago.
  • Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonak beti koadrante berean jarriko dira, beti azpitalde berean egoteko.
  • Spinning aretoa 3 Aretora mugituko da, distantzia gehiago izateko eta azpitaldeen arteko banaketa hobetzeko asmoz. 
  • Igerilekuko ikastaroak
    • Haurren igeriketa ikastaroak mantenduko dituzte aldaketarik gabe, monitore batek edo gehiagok zuzendutako sei pertsona baino gutxiagoko ikastaroak direlako. 
    • Aquafitness ikastaroak berreskuratuko dira igerileku txikian, sei pertsona baino gutxiagoko azpitaldeetan, igerileku osoan sakabanatuta.

Aldaketen inguruko zalantzarik izanez gero edo kiroldegiaren inguruko bestelako informaziorik nahi bada, 943-00 51 23 telefono zenbakira deitu daiteke edo kirola@zarautz.eus helbide elektronikora idatzi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide