Jokin Eizmendi: "Harri handiekin makalaldi txiki bat oso garesti ordaindu daiteke"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko urtarrilaren 3a

Harri handien Euskal Herriko txapela irabazi zuen Jokin Eizmendi zarauztarrak abenduaren 22an, Asteasun (Gipuzkoa) jokatutako txapelketan. Guztira, 7.125 kilo altxatu zituen.

Jokin Eizmendi, 150 kiloko harria jasotzen Asteasun. (Juan Carlos Irigoien) Askori entzun genion txapelketa hasi aurretik irabazteko faboritoa zinela. Zuk espero al zenuen? Aimar [Irigoien] falta zenez, banintzen faboritoa bai. Baina nik ere neure lanak bukatu behar nituen horretarako, egia da, ordea, besteak baino apur bat hobeto moldatzen naizela. Apur bat bakarrik. Harri handiekin moldatzen naiz ondoen. Harri-jasotzen hasi nintzenean harri txikiekin hasi nintzen, baina denbora aurrera joan ahala handiekin hobeto moldatzen hasi nintzen, eta pentsatu nuen horretan espezializatzea. Zuk altxatutako kopurutik bigarren sailkatuak altxatu zuenera alde handia egon zen. Ohikoa al da hori? Telebistan gaizki jarri zituzten altxatutako kopuruak. Nik 7.125 kilo jaso nituen, eta bigarrenak 5.000tik gora. Telebistan, nik 9.025 kilo eta bigarrenak 6.625 altxatu genituela esan zuten. Aldea egon zen, baina ez telebistan esan zutena bezainbestekoa. Alde hori ikusita, igartzen da apur bat hobeto moldatzen naizela, baina esan beharra dago oso egun ona eduki nuela, gainontzekoek ez bezala. Harri handiekin makalaldi txikiren bat sartzen bazaizu edo ez bazaude zure momenturik onenean garesti ordaintzen duzu. Garrantzitsua da punta-puntan egotea. Harri txikiekin, berriz, aldea ez da horrenbestekoa izaten. Lau harri ezberdin jaso zenituzten. Zeinekin aritu ohi zara erosoen? Gustukoena 200 kiloko koadroa dut, eta kubikoarekin ere eroso aritzen naiz. Aimar Irigoien ez da joan aurtengoan, eta bere harri batekin, zilindroarekin, ohi baino erosoago jardun nintzen. Zehazki, aurreko urtean baino bi altxaldi gehiago eman nizkion. Aimarrek parte hartu ez izanak asko baldintzatu du aurtengo txapelketa. Ni eta gainontzekoak baino pare bat koska gorago dagoela esango nuke. Dena den, iazkoa ez zuen bere urtea izan. Harri txikietan ere gorabereherak izan ditu, gerriko minarekin dabil... Horrek lagundu dit, egin behar nituenak ondo eginez, txapela irabazten. Formatu desberdina izan du txapelketak. Telebistan zuzenean eman dute lehen aldiz eta ikuskizun itxura eman diote. Zer deritzozu horri? Nik uste dut jendearen artean Herri Kirolekiko interesa piztu nahi dutela horrelako gauzen bidez. Oso polita iruditu zitzaidan moldaketa, baina pertsonalki, gauza onak eta txarrak izan zituela uste dut. Ordua, esaterako, ez zitzaidan  egokia iruditu [22:00etan izan zen], eta jarri zuten boxeoko ring hori ere ez zitzaidan gustatu. Dena den, formatuari dagokionez gauza berriak probatzea ongi iruditzen zait. Esaterako, ikusleak gugandik oso gertu zeuden eta jende dezente hurbildu zen; hori oso polita izan zen niretzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide