Ezkerretik hasita, Miren Gojenola, Nekane Iribar, Agurtzane Intxaurraga eta Eneko Arteaga (Aritz Mutiozabal).
Hamabi emanaldi eta ikastaro bat eskainiko dituzte Kalerkin, uztailaren 6tik 8ra. Ikusgai izango diren ikuskizunetatik sei Euskal Herriko konpainien azken ekoizpenak dira, eta, hain justu ere, horietako bik estreinaldia egingo dute herrian. Alde batetik, Anita Maravillas Teatroak irekiko du Kalerki, ostegun arratsaldean (uztailak 6), eta Sardiña bakalau animazio ibiltaria egingo du lehen aldiz. Bestetik, Hika teatroak eta Oinkari dantza taldeak Sagartu estreinatuko dute larunbat gauean (uztailak 8), Munoa plazan. Estreinaldiek jaialdiari "bere garrantzia" ematen diotela azaldu zuen Nekane Iribar Kultura zinegotziak atzoko aurkezpen ekitaldian.
Iaz, San Fermin egunez, zezen puzgarriek izan zuten arrakasta ikusita, aurten ere Madrilgo Recortauroren Dira, dira, zezenak dira ekartzea erabaki dute; ostiral arratsaldean (uztailak 7) izango da, udaletxe aurretik abiatuta . Aurten, gainera, ibilbidea luzatzea erabaki dutela jakitera eman zuenu Iribarrek, eta entzierroa Alde Zaharrean zehar igaroko dela. "Iruditzen zaigu, aurten ere, batez ere umeak oso pozik ibiliko direla", gaineratu zuen
Urtero bezala, publiko guztiei zuzendutako egitaraua antolatu dute: antzerkia, dantza, kalejira, klowna eta abar ikusteko aukera izango da, besteak beste, Teatro dei piedi, Philotajole, Cia. Tornado, Yeyo Guerrero eta Lekittoko Deabruak taldeen bidez. Horiez gain, Zarauzko Udalak parte hartu duen Karrikan deialdian aukeratutako lana ere ikusteko aukera izango da jaialdian: Doos Colectivoren El fin de las Cosas dantza garaikidea.