Hainbat eragiletako eta udaleko ordezkariak Zuhaitz Egunaren aurkezpenean. (Maialen Etxaniz/Uztarria.eus)
"Azken urteetan indarra hartzen ari den" Zuhaitz Eguna ospatuko dute igandean Azpeitian. Esklabetako elizaren eta Olazko komentuaren artean, Izarraizko Atea parkea eraikitzen ari diren gunean, landatuko dituzte zuhaitzak.
Guztira, 140 zuhaitz sartuko dituzte eremu horretan, eta 10:30erako Esklabetan jarri dute herritarrak elkartzeko hitzordua. Udalak herriko ikastetxeekin, Lagun Onak Mendi Bazkunarekin, Ingurugiro Etxearekin, Baigerarekin eta baratze parkeetako erabiltzaileekin elkarlanean antolatu dute egitasmoa. Parte hartzaile guztientzat hamaiketakoa izango dela ere aurreratu dute egitasmoaren antolatzaileek.
Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotziak azaldu du iazko parte hartzea ikusita, Zuhaitz Eguna "forma hartzen" ari dela dirudiela. Hark esan du "jendearen beharra" izango dela hainbat zuhaitz landatuko dituztelako, eta herritarrei dei egin die bertara daitezen. Gainera, esan du udala berdeguneak zaintzeko eta horiei balioa emateko egiten ari den ahaleginarekin lotu behar dela egitasmoa: "Beste urrats bat eman nahi dugu, herritarrak parte aktibo bilakatuz. Horrez gain, Izarraizko Atea parkeari beste jantzi bat emateko pausoa ere izango da".
140 zuhaitz
Lau eremutan, zuhaitz desberdinak landatuko dituztela adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak. Esaterako, Ikasberri Ikastolaren ondoko baratze parkearen alde bietan 40 bat fruitu arbolak landatuko dituzte. "Bertako arbolak izango dira gehienak, baina izango dira barietate pixka bat bereziagoak ere", azaldu du Bereziartuak.
Izarraitz aldera egin duten bidexkaren inguruan ere landatuko dituzte zuhaitzak. Gune horretan, hain zuzen, 25 haritz sartuko dituzte. "Berezitasun bat dute zuhaitz horiek: mikorrizatuak dira. Perretxikoak dituzte enborretan, eta landatuko ditugun zuhaitzetan, zehazki, onddoak aterako dira hemendik sei-zazpi bat urtera".
Ikasberri ondoko aparkalekuan ere sartuko dituzte zuhaitzak, "eraikina eta parkea banatzeko". Han 40 pago landatuko dituzte, eta horietako batzuk ere mikorrizatuak izango direla jakinarazi dute. Bestalde, parkean, umeentzako jolasak jarriko dituzten inguruan, 40 bat hurritz eta erramu landatuko dituzte. "Hurritz zuhaixkak landatuko ditugu, eta erramu berezi batzuk ere bai".
Zarautzen, bihar
Urtero legez, Orokieta herri eskolako ikasleek eta irakasleek Zuhaitz Eguna ospatuko dute bihar. Astin zumarrak landatuko dituzte 11:30etik aurrera, Europa osoan onddo batek eragindako gaitz batek jota hiltzen ari direlako zuhaitz mota horiek. Gainera, tximeleta mota bat babestu nahi dute landaketarekin. "Tximeleta txikiak zumarrak behar ditu bizirauteko, zuhaitz horien loreez elikatzen baita. Zumarrak desagertzen ari direnez, tximeleta mota hori ere gutxitzen ari da".
Egitasmoa Arkamurka natur taldeak, Zerynthia tximeletak babesteko elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak antolatu dute, "gazteek ingurunea ezagutzeko, maitatzeko, errespetatzeko eta zaintzeko" helburuarekin.
Behin zuhaitzak landatuta, ikasleak izango dute horiek zaintzeko eta hezteko nahiz tximeletak babesteko ardura.