Azafatak podiumetik kentzeko mozioa onartu dute

Zarauzko Hitza 2017ko urtarrilaren 31

Alderdi guztien babesa jaso zuen PSE-EEk aurkeztutako proposamenak.

Joan den ostegunean Zarauzko Udalak egindako udalbatzarrean, azafatak podiumetik kentzeko eskatuz mozioa aurkeztu zuen PSE-EEk. Horren bidez, Gloria Vazquez alderdi sozialistako bozeramaileak Australiako Tour Down Under txirrindularitza lasterketan gertatutakoa ekarri zuen gogora. Hura izan da azafatarik gabeko elite mailako lehenbiziko proba. "Askotan indarkeria matxistaren inguruko datu gogorrak entzuten ditugu, baina ezin dugu ahaztu horren atzean kultura matxista bat badagoela, egunerokoan, diskriminazio matxista ororen oinarria dena". Horregatik, Australian gertatutako berdintasunerako "oso garrantzitsua" dela nabarmendu zuen Vazquezek. "Horrek instituzioak, eta oro har gizartea behartzen ditu kirol arloan emakume objektuen irudia birplanteatzera. Azken urteotan gora egin du emakumeen parte hartzeak elite mailako kiroletan, eta zentzu horretan, emakumearen irudi sexista oro desagerrarazi beharko litzateke". Indarkeria matxistarekin amaitzeko, estereotipo sexistak bultzatzen dituzten jarrera, mezu, irudi, iragarki eta bestelakoak saihestu behar direla adierazi zuen, bereziki, zabalkunde handia duten ekitaldietan. Mozioa osorik Zarauzko Hitzaren webgunean ikus daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide