Gallo Kalifornian, dominarekin. (ZSE)
Aitor Frantzesena Gallo zarauztarra surf egokituko munduko txapelduna izendatu berri dute. Igandean irabazi zuen txapelketa, San Diegoko (Kalifornia, AEB) La Joya hondartzan. Egindako balentria aitortzeko, Zarauzko Udalak harrera egingo dio bihar, zapatua. Arratsaldez izango da, 20:00etan, udaletxean. Udalak ekitaldian parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritarrei.
Atzo iritsi zen Gallo Zarautzera, eta iluntzean herritarren harrera beroa jaso zuen; izan ere, familiakoek eta lagunek txalo artean hartu zuten zarauztarra, Surf Elkartearen egoitzaren ondoan.