Erakusketako obra bat. (Zarauzko Hitza)
Zabaldu dute Memoriaren Plaza erakusketa, memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen Gogora institutuak bultzatu duen ekimen ibiltaria. Gaur egin dute aurkezpena, eta Zarauzko udaleko talde politiko guztietako bozeramaile guztiek hartu dute parte agerraldian, Gogora erakundeko zuzendari Aintzane Ezenarrorekin batera. Horrek nabarmendu du izandako jarrera eskertzekoa dela. "Ekimen honek Zarautzen izan duen harrera txalotzekoa da, eta horren adierazle da gaur hemen bozeramaile guztiak ditugula, guztion harrera anitza eta bateratua dela adieraziz".
"Gure herriko memoriaren eraikuntzan gizartearen parte hartze anitza bermatzea" da Memoriaren Plaza ekimenaren helburu nagusia eta horregatik atera dute plazara . "Gure ustez, erakundeak egin behar duena da plazetara irten, eta batetik, erakutsi orain arte jaso dugun memoria anitza, eta bestetik, herritarrak gonbidatu beren bizipenak zein emozioak bertan utzi ditzaten, guztion artean eraiki behar dugun memoria horretan parte hartu dezaten".
Erakusketa “nahiko berritzailea” da, “harritu egiten du egiturak berak”. Hainbat gunetan dago zatituta. Batetik, askotariko biktimen testigantzak jasotzen dira hiru gunetan: lehenbizikoan, terrorismoaren biktimen testigantzak; bigarrengoan, 1978 bitartean indarkeria polizialak eragindako biktimen testigantzak, eta azkenik, memoria historikokoak.
Laugarren espazio batean, herritarrek orain arte emandako testigantzak bildu dituzte, besteak beste, kultura arloko zenbait pertsonen iritzia eta hausnarketa eta baita askotariko herritarrek emandakoak ere. Guztira, 200dik gora bizipen aurkitu ahalko dira erakusketan. Hori dela eta, Ezenarrok adierazi du “benetan eskertzekoa” dela biktimek testigantzak emateko izan duten borondatea.
Testigantzak ikus-entzunezkoetan daude jasoak, eta kanpai erraldoi batzuetan proiektatuko dira laburpenak. Horrez gain, testigantzak bere osotasunean ikusteko, totem batzuk ere atonduko dituzte. Terrorismoa zein indar polizialak eragindako biktimen bideoak Gogora berak egin ditu aurten, eta memoria historikokoak lehendik jasota zeudela. Gogoratu du Zarauzko Udalak ere baduela memoriari eskainitako ikus-entzunezko labur bat eta hori ere ikusgai dagoela erakusketan.
Irakurri albiste oso
Zarauzko Hitzaren webgunean.
Ikusi argazki galeria,
hemen.