Etxegabetze arriskuan daudenei laguntzeko zerbitzua sortu du udalak

Zarauzko Hitza 2016ko irailaren 2a

Uztaileko osoko bilkuran arreta eta laguntzarako onartutako jarduera-protokoloa izango du ardatz. Protokoloa laburbiltzen duen eskuorriak argitaratu dituzte, interesatuak informatzeko.

Etxegabetze arriskuan dauden Pertsonen Arreta eta Laguntzarako Udal Zerbitzua sortu du Zarauzko Udalak, eta Gizarte Zerbitzuetako departamentutik koordinatuko  dute, Zarautz Lur erakunde publikoaren laguntza teknikoarekin, eta Zarauzko bake epaitegiarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Hipoteka-bitartekaritza Zerbitzuarekin elkarlanean. Uztaileko udal osoko bilkuran onartutako jarduera-protokoloa izango du ardatz zerbitzuak: etxetik kaleratzeko arriskuan daudenei laguntzeko, eta egoerari aurre egiteko neurriak finkatu dira bertan. Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Gloria Vazquezek azaldu duenez, protokoloaren helburua da kaleratzeen aurrean "berehala eta modu eraginkorrean erantzuteko barne baliabideak izatea". Hala nola, beharrezko neurriak zehaztea kaleratzeetan jarduteko eta geldiarazteko edo, muturreko egoeretan, kaltetuei ostatua emateko. "Bake epaitegitik jakinarazi digutenez, hipoteka ez ordaintzeagatik etxegabetze kasuak apenas daude Zarautzen", adierazi du Vazquezek. Aitzitik, alokairuko etxegabetxe kasu batzuk izan ohi direla gaineratu du. "Kasu bakar bat egonda ere, nahiko larria eta inportantea izango litzateke, jarduera mekanismoak abian jartzeko modukoa. Krisiaren eraginez arriskua izan bada, eta ka­suren bat egongo balitz ahalik eta lasterren egin beharko genioke aurre". Irakurri albiste osoa Zarauzko Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide