Zarauzko Argazkizale Elkarteak Nazioarteko XXI. Argazki Mostra inauguratu eta aurkeztuko du gaur Torre Luzea aretoan. «Guztiz konsolidatuta dago, eta klasiko bat da antolatzen ditugun erakusketen artean», nabarmendu du elkarteko presidente Iñigo Saizek. Erakusketa honen helburua, euskal herritik kanpo dauden argazkilarien lanak Zarauzko eta inguruko jendeari gerturatzea da. Betiere euskal argazkilaritzaren esparruan gaur egun egiten dena ahaztu gabe.
«Urtean zehar argazkilari ezberdinen jarraipena egiten dugu, eta interes handiena sortzen digutenen artean bost aukeratzen ditugu. Beraiekin harremanetan ipini, eta ahal den moduan erakusketa prestatzen dugu», azaldu du Saizek. Aurtengo bost gonbidatuak honako hauek dira: Mertxe Alarcon katalana, Olga Simon madrildarra, Jean Saleilles frantsesa,
Xanti Rodriguez azpeitiarra eta Rafa Herrero irundarra, hain justu ere.
Olga Simon madrildarraren izotz argazkia. (Argazkia: Olga Simon)
Argazkilari bakoitzak nahierara eta bere kabuz aukeratutako sei argazki aurkeztuko ditu nazioarteko mostran. «Egile batzuk erakusketa honetarako espreski ateratako argazkiak bidaltzen dituzte, eta beste batzuk, berriz, beren ibilbide profesionalean arrakasta gehien izan duten argazkien bilduma», aditzera eman du.
Aurtengo erakustaldian, hala nola, argazkigintzako hainbat arlo eta joera ikusteko parada eskainiko dute: autoerretratoak, minimalistak, paisaia irudiak, hiru dimentsiotakoak eta abstraktoak, besteak beste. Saizen iritsiz, «mundu ezberdinetan murgiltzeko» aukera paregabea eskainiko dute.
Jean Saleilles frantsesak ateratako erretratua. (Argazkia: Jean Saleilles)
Gaur arratsaldean, 20:00etan, egingo dute Nazioarteko Argazki Mostraren irekiera ekitaldia. Erakusketan parte hartuko duten hainbat argazkilari, gainera, Torre Luzea aretora bertaratuko dira. «Beraz, argazkiak ikusteaz gain, horien atzean ezkutatzen diren istorioak entzuteko aukera izango dugu egileen eskutik», nabarmendu du argazkilari elkarteko presidenteak. Bien bitartean, mostra abenduaren 8a bitartean bisitatu ahal izango da.