Hizkuntza irizpideen kontrako helegitea jaso du Zarauzko Udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko irailaren 25a

Espainiako Estatuko Abokatuak helegitea jarri du Zarauzko Udaleko hizkuntza irizpideen aurka. Otsailaren 27an onartu zituen Udalbatzak irizpide horiek gehiengoz, eta hizkuntza politika eguneratu eta «aldaketa garrantzitsuak» egiteko konpromisoa hartu zuen. Aldaketa nagusi bat finkatu zuten, hala: udala herritarrekin euskara hutsean komunikatuko dela, hitzez zein idatziz. Eta hori abiatzeko data ere ezarri zuten: irailaren 24a, atzo. Estatuak erabaki horren aurka helegitea jarri du orain, eta besteak beste, erabakiaren espediente osoa gaztelaniaz igorri beharko dio udalak. Hala ere, hartutako konpromisoarekin aurrera jarraitu du horrek, eta aurrerantzean zarauztarrek euskaraz jasoko dituzte agiriak, eta kartelak, esku orriak eta bestelako jakinarazpenak ere hizkuntza horretan jarriko dituzte. Horrekin batera, hizkuntza irizpide berrien arabera moldatuko dituzte baita ere aplikazio informatiboak, udalaren argitalpenak, herriko hizkuntza paisaia, publizitate kanpainak, diru laguntzak emateko irizpideak eta kontratazio administratiboak, besteak beste. Udalarekin gaztelaniaz komunikatu nahi dutenek izango dute horretarako aukera, baina eskatu egin beharko dute espresuki. «Elebietan jardun nahi dutenen aukera bermatuko dugu. Euskaldun bezala badakigu hizkuntza irizpideak zapalduta izatea zer den, eta beraz, argi dugu hori dela egingo dugun azkenengo gauza». Ez dago «zirrikiturik» Estatuko Abokatuak errekurtsoa jarri izanak «politikoki eragina» duela dio Zarauzko Euskara zinegotziak, Gari Berasaluzek.  «Bigarren mailako herritarra izatetik lehen mailako herritar izateko pausoa eman dugunean, benetako ofizialtasuna aldarrikatzen dugunean, Estatuak berriro ere trabak jarri dizkigu», salatu du Berasaluzek. Zehazki, Espainiako ordezkari Carlos Urquijo aipatu du: «Iruditzen zaigu Estatuko ordezkariaren, Carlos Urquijoren kixotekeria horietako bat dela. Leku guztietan erraldoiak ikustea haize errotak besterik ez daudenean». Hori dela eta, azaldu du Estatuak ez duela hizkuntza irizpide horien «kontrako argudiorik». «Hizkuntza irizpideak legearen zirrikitu guztiak kontuan izanda landu dira, Konstituzioa deitzen dioten hori errespetatuz. Hain zuzen, Konstituzio hori frankismoaren eta militarren itzalpean onartu zen. Hori ez da inondik inora herri honek nahi duena, baina, hala ere, horiek ezarritako lege batzuen barruan eta horiek betez osatu ditugu irizpideak». Legalki, ez dago «zirrikiturik», beraz. «Udaletik esaten dugun bakarra zera da: herritarrak udalarekin euskaraz ere komunikatzeko aukera izan behar dutela. Horrek ez du esan nahi herritarrak edota esleipenak lortzen dituzte enpresak euskara hutsean jardutera behartuko ditugunik. Udalak kontratatzen dituen zerbitzuak euskaraz ere eman beharko direla besterik ez dugu esan». Era berean, ez dela Udal Gobernuaren edota zinegotzi baten «kapritxoa»  izan gogoratu du. «Behingoz euskararen normalizazioa bidean hartutako erabaki potentea da honakoa. Kontsentsu zabala behar izan duen zerbait da, eta horretan saiatu gara hasieratik. Eta lortu dugu, gainera. 21 zinegotzitik 20ek babestu baitu proposamena». PP abstenitu egin zen. Auzia epaitegietarako bidean dago, Berasaluzeren arabera. Aurrez, gaiari lotutako txostenak eta dokumentazioa bidali beharko ditu udalak EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salara, guztia gaztelaniaz. Sei udalerri Zarauzko Udalak ez ezik, eskualdean Zestoa eta Zumaiakoak ere jaso dituzte auzi errekurtsoak, arrazoi beragatik. Anoetak, Elgoibarrek eta Lezok osatzen dute hizkuntza ofizalak erabiltzeko irizpideak zehaztu eta Estatuko Abokatuaren helegitea jaso duten udalerrien zerrenda. Horren aurrean, Uemak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak babesa eta elkartasuna adierazi zien udaloi, «eraso erabat politikoa» izan zela nabarmenduz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide