Zarauzko ostalariek TAO sistema bertan behera uzteko eskatu dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko irailaren 11

Zurekin elkartekoek Salberdineko aparkalekua udan «askotan ia hutsik» egon dela adierazi dute. Argazkian, aparkaleku horren itxura abuztuaren 11ean, 14:00ak inguruan (Argazkia: Zurekin) Euskal Jai Eguna pasata, eta eguraldia pixka bat tristetuta, uda sasoiaren balorazioa egiteko unea iritsi da. Zarauzko Udalak ekaina eta abuztua bitarteko bisitarien datuak aurreko urteko «zifra paregabeen» parekoak izan direla nabarmendu du, eta ohiko zenbait ekitaldi —amabirjinetako su artifizialak eta munduko surf txapelketa, kasu— antolatu ez izanak ez duela eragin. Esaterako, Sortaldeko ekimenetan 11.000 bisitari bildu dira aurten, eta La Caixaren Gizarte Ekintzak Zarauzko Udalaren laguntzarekin antolatutako Artikoa apurtzen ari da erakusketak ere 23.166 bisita izan ditu. Okupazioari dagokionez, ekaina eta abuztua bitartean 17.000 bisitari dira Zarauzko Turismo Bulegotik, eta horietatik %45, 53 estatutik (Kataluniatik eta Madrildik gehienbat) etorri dira eta %28,60, berriz, atzerritik (Frantzia, Alemania, Erresuma Batua eta Herbeheretatik, kasu). Datuoi erreparatuz, udan Zarautz «jendez gainezka» egon dela ondorioztatu dute, beraz. Zurekin Zarauzko ostalarien elkarteko kideak bestelako balorazioa egin dute, ordea. Hain justu, horiek ez daude «batere gustura» udak eman duenarekin. Haien arabera, bisitari kopuruak behera egin du orokorrean: «Zarautz bisitatu duten atzerritarren portzentajea ez da %25era iritsi, eta Estatutik etorritakoena jaitsi egin da». Ondorioz, zenbait jatetxek aurreko urteekin alderatuta  %40 gutxiago fakturatu dutela gaineratu dute. «Datuok oso larriak dira, eta are gehiago bizi dugun krisi garai honetan». Horren arrazoi zuzenak bi dira, ostalarien arabera: TAO sistemaren kudeaketa «txarra» batetik, eta udalak antolatutako udako egitaraua, bestetik. Elkarteko kideek bilera egin zuten udal ordezkariekin uztaila amaieran, besteak beste TAO sistemarekin zuten desadostasuna azaltzeko. Bilera horretan ez zirela ados jarri adierazi dute, ordea. Eta irtenbiderik aurkitu ez zutenez, hainbat kalte eragin diela herriko establezimenduei. Atsekabea «Taberna asko ohiko bezeroak galtzen ari dira, batez ere, gipuzkoarrak eta nafarrak. Zarautzen lan egiten duen jende asko etorri ohi zen lehen jatetxetara menua bazkaltzera. Baina orain ez dute hala egiten, menua zein TAO txartela ordaintzea garestiegia delako. Dagoeneko galdu dituzte bezero horiek, eta oso zaila izango da berreskuratzea». Ostatuei eta pentsioei dagokionez, egoera «are larriagoa» dela nabarmendu dute. «Bezeroek egunero goiz esnatu behar izan dute TAO txartela jartzeko, ez baitago autoa egun bat baino gehiagoan aparkatuta utzi ahal izateko gunerik». Zurekin-eko kideen hitzetan,  TAOren prezioek ere hainbat kexa ekarri du: «12 euro ordaindu behar da egun osoan autoa gune jakin batzuetan uzteagatik, eta 8,50 euro beste zenbaitetan aparkatzeagatik. Donostian, Ondarretan zein Zurriolan, ordea, 4 euro besterik ez da ordaindu behar, eta Zumaia zein Lekeition, berriz, ez dago TAO sistemarik», esan dute.  Ondorioz, bezero askok beste herrietara joatea erabaki dute, ostalarien arabera. Astiko zein Abedañoko aldirietako aparkalekuak, berriz, herrigunetik «oso urrun» daudela diote, eta autobusa orduerdiro igarotzen dela horietatik erabiltzaileak erdigunera eramateko. «Bezero askok taxia hartu behar izan dute aparkaleku horietara iristeko. Baliagarriagoa da autoa Orion utzi, eta Zarautzera trenean etortzea». Salberdineko aparkalekua, berriz, udan «ia hutsik» egon dela nabarmendu dute, «baita eguraldi ederra egin duen igande zein jaiegunetan, puntako orduetan ere». «Zerbitzua deitoragarria izan den seinalea da hori». Ildo horretatik, «erabat atsekabetuta» daude. «Bezeroak etengabe kexatu dira, eta egoerak hala jarraituz gero, datorren urtean ez direla etorriko adierazi dute». Datozen urteei begira Horren aurrean, datozen urteetarako hainbat irtenbide proposatu dute. Batetik, TAO sistema bertan behera uzteko eskatu dute, eta aldirietako aparkalekuak mantentzeko, «beti ere autobus zerbitzua hobetuz». Udalak aparkaleku arautu sistema mantentzea erabakitzen badu, errotazio altuko guneetan autoa denbora mugagabean uzteko aukera eskaintzeko galdegin dute. Bestalde, prezioa jaistea proposatu dute, egungoa «neurriz kanpokoa» baita. Udako egitarauari dagokionez ere ez dira «asetuta» sentitu.  Amabirjinetako ekitaldiak ez direla «erakargarriak» izan adierazi dute, eta sanpelaio bezperakoak «nahiko kaskarrak» izan direla. «Urte askoan kalitatezko turismoa bildu da Zarautzen, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu», gaineratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide