Uda garaian herri osora zabalduko dute TAO sistema Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko maiatzaren 22a

Ekainaren 15etik aurrera hainbat aldaketa egingo dute TAO sisteman. Besteak beste, udan herri osora zabalduko dute. Gainontzeko urte garaietan aparkatzea libre izango da herri guztian, baita 1. gunean ere (Alde Zaharra eta Salbide, Vista Alegre, Azken Portu eta Azken Portu Goia), hor egoiliarrentzat sortutako zona esklusiboetan eta errotazio altuko guneetan izan ezik. «Zarautzen egoera asko aldatzen da udatik gainontzeko sasoietara. Hori dela eta, planteamendu oso ezberdinak egin ditugu garai bakoitzerako», azaldu du Mugikortasuneko zinegotzi Mikel Goenagak. Zentzu horretan, udako alderantzizko konponbidea planetatu dute: aparkaleku arautuak herri osoan egongo dira. Ekainaren 15etik irailaren 15era hiru zonaldetan banatuta egongo da herria: Alde Zaharra eta Salbide, hondartzatik trenbidera bitartekoa, eta trenbidetik autobiderainokoa. Lehenbiziko gunea, gainera, hirutan zatituta egongo da. Alde Zaharra eta Salbideri, Vista Alegre eta Azken Portu eta Azken Portu Goia gehituko zaizkie, hala. «Muga efektua saihestu nahi dugu horrela, eta auzoen artean oreka sortu. Sor daitezkeen aparkatzeko arazoak partitu nahi ditugu auzoen artean, guztiak eremu berean gerta ez daitezen». Horrek auto pilaketak ekiditen lagunduko du; Vista Alegren eta Azken Portu Goian, esaterako. «Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua» egin du hala Udal Gobernuak, «hierarkian oinarrituta». Oinezkoek izango dute lehentasuna, eta gero bizikletan dabiltzanek.Garraio publikoa sustatu eta ibilgailu pribatua azken aukera gisa finkatu dute. Erakarri eta bultzatu Horretarako, pull & push politika baliatu du Udal Gobernuak, erakarri eta bultzatu kontzeptuetan oinarrituta. Mugikortasun jasangarria bultzatzeko egin dituzte hainbat aldaketa lehengo TAO sisteman. «Aurreko sistema ez zen eraginkorra, eta zenbait arazo sortzen zuen». Erakartzeko, berriz, herritar zein bisitariei zerbitzu egokiak eskaini behar zaizkiela dio Goenagak. Bide horretan oinezkoentzat gune berriak sortu dituzte, Alde Zaharrean eta Mollarri kalean, kasu. Era berean, bidegorri sarea zabaltzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, baita garraio publikoa sustatzekoa ere. Kasu horretan, bisitariek bi aukera izango dituzte udaldian: herrian aparkatzeagatik ordaintzea, ala Asti eta Eguzki Izar partzelan egokituko duten aldirietako aparkalekuan autoa doan uztea. Herrigunerako autobusak jarriko dituzte kasu horretan, autoak sartzea ekidinez. Horri lotuta, errotazio altuko beste bi eremu egokituko dituzte, bata San Pelaion eta bestea, berriz, Araba kalean. Horrez gain, laugarren eremu bat ere sortuko dute, autokarabanei zuzendua. Abendañon egongo da hori, atletismoko zelaiaren aldameneko kalean, eta urte osoan egongo da zabalik. Autokarabanak gehienez bi egunez egon ahalko dute zonalde laranja horretan aparkatuta, eta horiek amaitutakoan zazpi egun igaro arte ezingo dute berriz bertara itzuli. Bereizgarria lortzeko aukerak Herritarrek bereizgarria lortzeko aukera gehiago izango dute planteamendu berriarekin. Etxe bakoitzeko hiru egoiliar txartel eskuratu ahalko dira aurrerantzean—lehen bi lortu zitezkeen, gehienez—, eta prezioak murriztu egin dituzte. Udaldian 15 euro ordaindu beharko da lehenbiziko bereizgarriagatik, 25 bigarrengoagatik eta 60 hirugarrengoagatik. Urte osorako txartelak eskuratu nahi badira, 30 euro, 45 euro eta 90 euro ordaindu beharko da, lehenbiziko, bigarren eta hirugarren egoiliar bereizgarriagatik, hurrenez hurren. Horiek zona urdinetan aparkatzeaz gain, erabiltzailea bizi den eremuan egoiliarrentzat bereziki gordeko dituzten zonetan aparkatu ahalko dute. «Herritarrei udan aparkatzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu», nabamendu du. Bestalde, arautu gabeko guneetan bizi direnek—landagunetan, kasu— ere izango dute egoiliar txartela eskuratzeko aukera. Horiek 2. ala 3. gunea aukeratu ahal izango dute udan autoak aparkatzeko. Jarduera ekonomiko jakin bat egiteko Zarautzera bidaiatu behar izaten dutenek ere eskuratu ahalko dute bereizgarria, eta baita Zarautzen erroldatuta egon eta enpresa ibilgailua darabiltenek ere. Horiek ibilgailuak zerbitzu jakin baterako behar dutela justifikatu beharko dute aurrez. Halaber, mugikortasun urriko pertsonek doan jasoko dute ibilgailuen bereizgarria. Alkatearen kalitatezko botoa   Alkatearen kalitatezko botoarekin onartu zuten Udal Gobernuak TAOren inguruan egindako planteamendu berria asteleheneko ez ohiko plenoan. Bozketa egiterakoan, 10 zinegotzi (Bildu eta Aralar) alde agertu ziren eta beste 10 (Ezker Anitza, PSE-EE eta EAJ) kontra. PP abstenitu egin zenez, berdinketa eman eta bigarren aldiz bozkatu zuten. Emaitza bera izan zen orduan ere, eta azkenean Juan Luis Illarramendiren kalitatezko botoarekin atera dira aurrera TAOren inguruko aldaketak. Oposizioak egindako hainbat alegazio onartuta osatu dute  araubidea. PSE-EEren lau emendakin (Osasun Zentro inguruan gehienez 90 minutuz aparkatu ahal izatea, zarauztarrek 13:00ak eta 16:30ak bitartean aparkatzeagatik ez ordaintzea, autokarabanak eremu laranjan gehienez bi egunez aparkatzea, eta egonaldi luzeetarako espazioei eustea) gehitu dituzte, eta Ezker Anitzaren eta PPren bana. Ezker Anitzako Mariana Aranburuk aldaketaren bat eginez gero plenoan onartzeko eskatu zuen, eta Udal Gobernuak ontzat eman zuen. PPko Maria Jose Lafuentek, berriz, errotazio altuko guneetan lehenbiziko hamabost minututan doan aparkatzeko aukera eskaintzeko galdegin zuen, Murkil Zarauzko dendarien eskaerarekin bat eginda. Alegazio hori ere onartu zuen Udal Gobernuak. Ekainaren 15ean jarriko da indarrean TAOren ordenantza berria. Aurrez, informazioa bidaliko zaie herritarrei etxeetara. Era berean, maiatzaren 27tik aurrera bereizgarriak eskatzeko aukera izango dela jakinarazi du Mugikortasun zinegotziak. Horretarako, TAOren bulegora jo beharko da, Urdaneta kaleko 5. zenbakira, astelehenetik ostiralera 09:00-13:00 bitartean. 943-832263 telefonora deituz gero ere zalantzak argitu ahalko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide