Baserritarren lana aitortzeko hainbat ekimen egingo du Zarauzko Udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko maiatzaren 1a

Zarauzko baserritar batzuk udal ordezkariekin, ekimenen aurkezpena egin ostean. (Argazkia: Oier Aranzabal) «Baserritarrek arreta behar dute», dio Industria eta Nekazaritzako zinegotzi Mikel Goenagak. «Udalak balorean jarri nahi du baserriaren mundua, aitortza egin. Baserriak badu garrantzia gure bizitzan. Azken finean, baserritarrek sortzen dituzten produktuak aurrera ateratzen lagundu behar dugu. Produktu garbiak eta organikoak ekoizten dituztenez, udalak ahal den neurrian bertako baserriei lagundu nahi die». Legealdi hasieratik Udal Gobernua harremanetan izan da haiekin, haien beharrak ase eta babesa eskaintzeko. Talde lana sortu, eta lanketa baten ondorioz eta haien eskaerak jasoaz, askotariko ekintzak jorratzen aritu dira udal ordezkariak. Emaitzak izan ditu horrek. Haien lana plazaratzea izan da elkarlan horren helburuetako bat; «herritarrei ezagutaraztea», hain zuzen. «Merkatuan barazkiak ikusten ditugunean, horren atzetik zer dagoen ez dakigu askotan. Horren atzean dagoen lana kontuan izan behar da, eta herritarrei erakutsi», gaineratu du Goenagak. Horretarako gidaliburu bat sortu dute, baserritarren bizipen, testigantza eta azalpenekin osatuta. Zarauzko zortzi baserriren historia jasotzen du horrek, Alkortiaga, Baso-Beltz, Blas Enea, Ondamendi, Gaztaindizar baserriak, Uztaro kooperatiba zein Santa Barbara txakolindegiarenak, hain zuzen. Horri lotuta, maiatzaren 19rako San Isidro azoka prestatzen ari dira. Industria eta Nekazaritza zinegotziak jakinarazi duenez, ez da ohiko azoka izango. «Helburu bat izango du. Beren produktuak saltzeaz gain, baserrien lana ezagutarazteko ere balioko du azokak. Lan horri balioa ematea asmoa». Ekimen horren inguruko xehetasunak argitzeko beste agerraldi bat egingo dutela aurreikusi du. Aurreratu du, gainera, sortu berri duten baserrien dekalogoa bertako postuetan banatuko dutela. Oinarrizko elementu Era berean, deklarazio instituzinala onartu zuen Udalbatzak pasa den plenoan, aho batez. Baserria eta baserritarren lana balioan jarri zuten hala, eta Zarautzen «oinarrizko elementua» dela aitortu. «Baserriak ematen dizkigulako elikagai osasuntsuak, baserria delako landa lurraren, naturaren eta bioaniztasunaren euskarria, eta baserriak gordetzen duelako kultura eta bizimolde jakin bat». Halaber, baserria ezagutzeko eta baserritarrekin elkarlanean aritzeko eta beren eginkizunetan laguntzeko konpromisoa hartu zuen Udalbatzak. Era berean, herritarrei eskatu zieten baserria ezagutu dezatela, «herriaren elementu garrantzitsua dela ohartzeko eta errespetatu eta gozatzeko», baita bertako produktuak kontsumitzeko ere. Baso-Beltz baserriko Eustakiok esan zuen egun garaiko produktuak zeintzuk diren ahaztu dituztela herritar askok: «Lehiakortasun handia dago; kanpotik produktu asko iristen dira hona. Ondorioz, herritar askok ahaztu egin dute zein den sasoiko produktua. Lehengo erritmoa berreskuratu behar dugu, eta garaian garaiko produktuak kontsumitzen hasi, lehen bezala». Horrekin lotuta, baserritarrei beren eginkizunekin jarraitzeko eskatu zieten politikariek deklarazio instituzionalaren bitartez, «oreka gordez nekazaritzarekin, naturarekin eta kultur ondarearekin». Elkarlanarekin jarraitu Ez da hor amaituko bien arteko harremana. Horrek bidea zabaldu besterik ez duela egin nabarmendu du Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik. Ildo horretatik, udalak baserritarren eskaerei bide ematen jarraituko du. «Baserritarrekin elkarlanean jarduteko konpromiso sendoa hartu zuen Udal Gobernuak legealdi hasieran, eta horretan jarraituko dugu», adierazi du alkateak. «Nolabait erdigunetik eta herritarrengandik urrun daudenez, haiengana gerturatzea erabaki genuen». Zentzu horretan, dagoeneko asetu dituzte baserritarren behar batzuk; besteak beste, baserrietarako zenbait errepide konpondu dituzte. Aurten Santa Barbara inguruan ere egingo dituzte lanok. «Ildo horretatik, serio hartu dugu baserritarrei laguntzeko eta babesteko konpromisoa», gogoratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide