29,4 milioi euroko aurrekontua izango du aurten Zarauzko Udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko martxoaren 22a

Datuak
  • Aurrekontu orokorra. 29, 4 milioi euro. Iaz baino %3,6 altuagoa. Etxe hutsen errekarguagatik 600.000 euro jasoko ditu.
  • Ongizatea. 3.333.037,4 euro. Iaz baino %4,06 altuagoa.
  • Enplegu plana. 224.000 euro bideratuko ditu enpresa, hezkuntza eragile eta sindikatuekin garatutako programa zehatzak abiatzeko. Horrez gain, lantegi eskola jarriko du martxan: Ipar kaleko epaitegi zaharra etxebizitza bihurtzeko aldi baterako lanpostuak sortu eta etxe horiek alokairu sozialean jarriko dituzte.  50.000 euro bideratuko dituzte horretara.
  • Elkarteak. 5.154.507,91 euro.
  • Inbertsioak. Udalak zuzenean 1.481.651,5 euro eta beste erakundeekin elkarlanean 707.778,65 euro.
- Peatonalizazio egiteko 300.000 euro. - Apartamentu tutelatuak hornitzeko 140.000 euro. -Asfaltatze lanetarako 100.000 euro. -Bestelako inbertsio txikiak ere egingo dituzte: Sanz Enean ikasketa gela egin, Modelo txukundu, Zinema frontoia kultur azpiegitura bihurtu (aztertzeko dago hori), bidegorri sarearekin jarraitu, Villa Mundan musika eskola atondu, kasu.
  • Zorra.
-Zorragatik ordaintzen den amortizazioa: 2.288.077,94 euro. - Zorragatik udalak duen karga finantzieroa (amortizazioa eta interesak): 2.580.502,66 euro. -Urte bukaerarako aurreikusi duten prestamo berria: 2.154.408,87 euro. Inbertsioen baitan, 300.000 euro bideratuko ditu Zarauzko Udalak peatonalizazioa egiteko. (Argazkia: Oier Aranzabal) Zarauzko Udal Gobernuak «gardentasunean eta eraginkortasunean» oinarritutako aurrekontuak proposatu ditu, Ezker Anitzarekin adostuta, eta Udalbatzak aho batez onartu. «Aurrekontu hauek herritarron boteretzean pauso bat dira. Eraldaketa sozioekonomikorako oinarri sendoak ezartzen hasi gara», nabarmendu zuen Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek herenegungo ezohiko plenoan. «Zentzu horretan, oinarrizko zerbitzu sendoak, sektore estrategikoen jabetza publikoa eta herritarren beharrei modu eraginkorrean erantzungo dieten erakundeak beharrezkoak dira. Udal sendo bat, finean». Testuinguru horretan landu dituzte 2013rako aurrekontuak.    Ildo horretatik, 29,4 milioi eurokoa izango da aurten udalaren aurrekontua, iazkoa baino %3,6 altuagoa. Hori ordenantza fiskal progresiboetan egindako aldaketengatik dela azaldu zuen Iñaki Eizagirrek; batez ere, etxe hutsen gaineko errekarguari esker. Bide horretatik, 600.000 euro jasoko duela aurreikusi dute, «eta  litekeena da gehiago jasotzea». Datorren urteetarako ere bide berean jaraitzeko hautua egingo du hala, «udala beharrezko baliabidez hornitzeko eman beharreko zerbitzu sendo eta kalitatezkoak izateko, eta fiskalitatean pauso aurrerakoiak ematen jarraitzeko». Bestalde, «muturreko egoeran bizi diren zarauztar askori beharrezko laguntza emateko» ongizatea indartzeko apustua egin dute. Zentzu horretan, 3,4 milioi inguruko partida izango du sail horrek, iaz baino 130.000 euro gehiago. Horrekin batera, udalak Ipar kalean duen epaitegi zaharra eraberritzeko langabeak kontratatuko ditu, aldi baterako. Sortuko diren etxebizitzak alokairu sozialean lagako ditu, gerora. Inbertsioetarako 1,4 milioi gordeko dituzte. Besteak beste, peatonalizazioaren zati bat ordainduko dute horrekin, apartamentu tutelatuak hornituko dituzte, asfaltatze lanak egin eta baita bestelako lan txikiak ere. Halaber, azken urteetan pilatutako zorraren ondorioz, 2,5 milioi euro inguruko karga finantzieroa du aurten udalak. «Horrek udal aurrekontuaren %8,76 zuzenean bankuetara bideratzera behartzen gaitu», azaldu zuen Eizagirrek. Hori dela eta, egun duen zor bizia ez igotzen saiatuko da, «zarauztarren beharrei erantzutearekin batera». Helegiteentzako epea Behin behinean onartu zituen Udalbatzak 2013rako diru partidak. Hala, jendaurrean izango dira 30 egunez, alegazioak egite aldera. PSE-EEk aurretik adostasunik lortzen ez bada, ez duela alegaziorik aurkeztuko esan zuen. «Oraindik badugu tartea negoziatzeko», esan zuen Patxi Elolak. Hainbat eskaera egin zuen hala ere: jangela soziala abian jartzeko, edukiontzi organiko gehiago jartzeko eta Vista Alegre, Azken Portu eta Azken Portu Goia urbanizatzeko proiektua egiteko, kasu. «Iaztik jarrera aldaketa egon da, hobera. Ea datorren urtean gertuago gabiltzan».  Hori dela eta, proposamenaren kontra bozkatu zuten. Hala egin zuen PPko Maria Jose Lafuentek ere. Aurrekontua «goitik behera» aldatu behar diela esan zuen: «Hauek ez dira zarauztarrek behar dituzten aurrekontuak, ez ditu lehentasunak kontuan». EAJko Imanol Lasak bere alderdiak ez dituela aurrekontuak oztopotuko nabarmendu zuen: «Garaiotan garrantzitsuena erakunde batek aurrekontuak edukitzea da». 30 eguneko epe horretan zenbait alegazio aurkeztuko dituztela ohartarazi zuen. Besteak beste, gastu batzuk jaitsi eta murrizketa horiekin lortutako dirua justizia sozialera bideratzeko eskatuko dute. Ondorioz, Udal Gobernuaren eta Ezker Anitzaren proposamenaren aurka bozkatu zuten EAJko ordezkariek. Ezker Anitzako Mariana Aranburu «gustura» agertu zen Udal Gobernuarekin egindako akordioarekin, «emaitzarekin pozik».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide