Zarautzen parke estali bat egiteko proiektua bideratuko du udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko martxoaren 21a

Mikel Goenaga Herrilan zinegotzia eta Karmele Alberdi Hezkuntza zinegotzia, Vista Alegreko Aranzadi jolas parkean. (Amaia Ventas/Hitza) Zarauzko Udala pixkanaka herriko haur parkeak berritzen ari da, herritarrak «ardatz» hartuta, eta umeen aisialdia zaintzeko eta gurasoen erosotasunaren mesederako. Guztira 31 parke daude herrian, eta denborarekin—mantenu lanak egin diren arren—haien egoera kaskartu egin dela jakinarazi du Mikel Goenaga Herrilan zinegotziak. Azterketa bat egin ostean, zaharkituenak berritzea adostu dute: Vista Alegreko Aranzadi, Iñurritzakoa eta Aitze kalekoa. Lanei dagokionez, lurzorua guztiz berritu dute hiru parketan, eta erorketetatik babesteko kautxuzko lur berezia jarri. Era berean, jolasak ere berritu dituzte. Vista Alegreko jolas parkean, esaterako, lehengoak baino egitura handiagoak ipini dituzte, kulunka, txirrista eta bestelakoekin. Egungo jolasen oinarria egurrarekin beharrean, plastiko moduko batekin osatuta dagoela azaldu du, haurren segurtasuna bermatze aldera. Jolas enpresak egin ditu berritze lan horiek guztiak, 55.168,74 euroko aurrekontuarekin. Bestalde, 10.845 euroko partida bideratu du udalak parke guztiak konpontzeko materiala erosteko. Brigadak egingo ditu mantenu lan horiek Orkolaga, Izeta, Aritzbatalde eta Iturrilun plazetan, eta Pagoeta, Mollarri, Donibane, Lapurdi eta Urdaneta parkeetan, besteak beste. Orokieta Herri Eskolako parkea ere txukundu zutela gogoratu du Hezkuntza zinegotzi Karmele Alberdik. Gabonetako oporrak aprobetxatuz, lurzorua aldatu eta jolas berriak gehitu zituztela azaldu du; txirrista handi bat, kasu. «Orain txukunago dago». 16.865 euro baliatu dituzte horretarako. Parke estalia Vista Alegre, Iñurritza, Azken Portu eta Orokietako parke horiek berritzeaz gain, aste honetan bertan hasiko dira gainontzekoak txukuntzen. Lapurdi kaleko jolas parkean egingo dituzte lehenbiziko lanak. Horrez gain, jolas gune estali bat atontzeko proiektua bideratuko du udalak. Aurten hasiko dira proiektua lantzen. «Oraindik ez dago erabakita kokalekua eta gunearen edukia, baina aurtengo urterako lehentasunetan dago parke estalia», nabarmendu du Goenagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide