Inkesta baten arabera, Zarautzko Udala aurrekoa baino «gertukoagoa eta gardenagoa»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko martxoaren 8a

Juan Luis Illarramendi alkateak lortu du politikarien artetik nota altuena inkestan (Hitza) Zarauzko Udalak eskatuta, Aztiker enpresak legealdi berrian udal politiken inguruan herritarrek duten iritza jaso du, inkesta bidez. Guztira, ausaz aukeratutako 15 urtetik gorako 19.053 pertsonei egin die galdeketa telefonoz, udalaren kudeaketaren eta beste hainbat gairen inguruan. Inkestak 4,5eko errore tartea du. Emaitzen arabera, zarauztarren ustez gobernu berria aurrekoa baino «gertukoagoa eta gardenagoa» dela nabarmendu du Eider Illarramendi alkateordeak. Eki Zubiria Aztikerreko ordezkari eta soziologoak eman ditu datuak. Adierazi duenez, langabezia, aparkaleku falta, etxebizitzen auzia (etxe hutsak eta prezioak, batik bat), TAO sistema eta hondakinen kudeaketa dira herritarren kezka nagusiak. Alkatea, ezagunena Kudeaketari dagokionez, gehienek udalaren jardunak «berdin» jarraitzen duela uste du. Udal ordezkariek ongi emandako pausoen artean, parte hartzea sustatu dutela nabarmendu dute, baita erakutsitako gertutasuna eta gardentasuna  ere. Udalak bultzatutako parte hartzea «oso positiboa» dela deritze herritarrek, eta parte hartze prozesuen artean aurrekontuena nabarmendu dute. «Bi datuok oso positibotzat jo dituzte herritarrek eta hori aipagarria da», dio Aztikerrek. Gaizki egindakoen artean «izarra», berriz, hondakinen kudeaketa dela jakinarazi dute inkestaren bitartez. «Desinformazioa, erabakien inposaketa eta atzerapausoak eman dituela jakinarazi dute askok. Gai horretan nahaspila handia dagoela aurpegiratu dute». Inkestan parte hartu duten herritarren %43ek «ongi edota oso ongi»  baloratu dute Udal Gobernuren kudeaketa— %18ak modu negatiboan baloratu du—; 5,6ko nota jarri diote. Politikari ezagunena eta ondoen baloratua Juan Luis Illarramendi alkatea da, bestalde. Inkesta erantzun dutenen %77ek ezagutzen dute. PSE-EEko eta EAJko bozeramaileak, Patxi Elola (%72, 3) eta Imanol Lasa (%62,6) ere ezagunak dira zarauztarren artean. Ezker Anitzako Mariana Aranburu eta Aralarreko Aser Lertxundi dira zerrendan ondorengoak. Halaber, 0etik 10era bitartean nota jarri diete herritarrek alderdi politiko bakoitzeko buruei: Bilduko Juan Luis Illarramendiri 5,6, Aralarreko Aser Lertxundiri 5,5, EAJko Imanol Lasari 5,2, Ezker Anitzako Mariana Aranbururi 4,8, PSE-EEko Patxi Elolari 4,1, eta PPko Pepa de la Fuenteri 3,7. «Asko dugu egiteko» «Ikaragarri baloratzen dituzte parte hartze prozesuak», nabarmendu du. «Jendeak asko eskertu du aurrekontuak sailez sail eta auzoz auzo lantzea». Herritarrak hondakinen gaiarekin «nazkatu» dituztela aitortu du, gai politiko bilakatu dutelako askotan. Hala ere, auzia bideratuta dagoela jakinarazi du Illarramendik: «Hondakinen Mahaia martxan da jada. Eragileek eta talde politikoek hartuko dute parte bertan, eta gai politikoa teknikoa bilakatuko da». Oraindik «asko» dutela egiteko gogoratu du, eta egingo dutela. Aztiker enpresak burututako inkestaren datu xehetuak ezagutu nahi dituztenek zuzarautz.info webgunean eskuratu ahalko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide