Udalaren eta herritarren arteko komunikazioan euskara lehenetsiko dute aurrerantzean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko martxoaren 1a

Zarauzko Udalak «euskaraz bizi ahal izateko» beste urrats bat egin du. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko eskaera egin ostean, udalean hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpide berriak onartu ditu. Hori horrela, udalak euskaraz lan egiteko hautua egin du, euskara lehenetsiz. Udal Gobernuak aurkeztutako hasierako dokumentuari hainbat aldaketa egin, eta gehiengoz onartu zituen Udalbatzak irizpide berriak herenegungo plenoan, Bildu, EAJ, PSE-EE, Aralar eta Ezker Anitzaren botoekin. Irizpide horietan, batez ere, udalak euskaraz funtzionatuko duela jaso dute, Euskara zinegotzi Gari Berasaluzeren (Bildu) arabera. «Udalean lehen hitza euskaraz egingo dela bermatuko da hala, beti ere gaztelaniaz aritu nahi dutenen eskubideak bermatuz». Ildo horretatik, udalarekin gaztelaniaz komunikatu nahi dutenek berariaz eskatu beharko dute aurrerantzean. Hala, orain arteko irizpideei «buelta» bat eman diote. «Lehen elebitan komunikatzen zen udala herritarrekin, eta komunikazioa euskara soilean nahi zutenek eskatu egin behar zuten». Aurrerantzean, aldiz, euskarari emango diote lehentasuna, eta informazioa edota agiriak elebietan jaso nahi dituztenek eskatu egin beharko dute. Hori praktikara eramateak hainbat eragozpen eragingo duela aitortu zuen Berasaluzek, orain arteko aplikazioak eta sistemak aldatu beharko liratekelako. «Ez gaitezen itsutu gehiegi horretan. Egin beharra dago», nabarmendu zuen. Besteak beste, ahozko eta idatzizko komunikazioa, langileen prestakuntza orokorra, udalaren argitalpenak eta hizkuntza paisaia arautuko  dituzten irizpideak dira onartu berri dituztenak. Euskara babestu Udal ordezkariek euskara babestu beharra nabarmendu zuten. Ezker Anitzako Mariana Aranburuk euskara lehenetsi behar dela adierazi zuen, «beste inork zapaldu gabe»: «Euskaldunoi egin zigutena ez dut nahi beste inori egitea». «Denok euskara normalkuntzara iristea dugu helburu», nabarmendu zuen PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak. Joseba Sarrionandiaren hitzei erreparatu zion: «Nik ez dut gaztelaniaren kontra ezer, nire hizkuntza ere bada. Hain zuzen, besteen hizkuntzak debekatzearen joera inozo horren kontra nago». «Arrisku» hori badagoela ohartarazi zuen, eta nahiz eta irizpide berriek beren beharrak ez «asetu», alde bozkatu zuen. Berasaluzek bat egin zuen Elolak aipatutako Sarrionandiaren hitzekin: «Irizpide berri horiei esker, bi hizkuntza horietan aritu nahi duten herritar guztien eskubideak bermatuko ditugu. Guretzat urrats handia da hori egingo dela ziurtatu ahal izatea, oraindik zarauztar asko bigarren mailako herritar sentitzen garelako». EAJko Imanol Lasak Udal Gobernuaren akordioetara heltzeko gogoa nabarmendu zuen: «Lan txukuna egin duzue, guztion ideiak jaso dira». PPko ordezkaria abstenitu egin zen. Haren arabera, hizkuntzen berdintasuna eta bilinguismoa defendatu behar dira, euskara babestuz, baina gaztelania baztertu gabe. Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpide berriak eskuratu ahal izateko, klikatu hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide