«Hondakinak eztabaida iturri izan dira agintaldi honetan, eta poztu egiten gara eztabaida horrekin», dio Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik. «Gobernu honek ulertzen du hondakinen arazoaren aurrean herritarrek sentsibilizazio eta kontzientziazioan aurrera egiteko borondatea dutela, eta horien trataera desegokiak dituen ondorio zibiko, ekonomiko eta ekologikoak gutxitzeko aurrera nola egin eztabaidatzea interesgarria eta eraikitzailea da, ondorioz». Horretarako, batzorde mistoa deitu du Zarauzko Udalak. Alderdi politikoek, Zero Zabor taldeak, Birziklapena bai, atez atekoa ez plataformak, merkatariek, ostalariek, auzo elkarteek eta Arkamurka natur taldeak osatuko dute batzordea. Udaleko Ingurumen eta Herrilan sailetako teknikariek emango diete haiei sostengu teknikoa.
Izan ere, 2012ko maiatzeko plenoan gehiengoz onartutako ordenantza betetzea izango du biltzar horrek helburu: 2014. urterako hondakinen bilketa tasa gutxienez %70 izatea. Horrekin batera, berrerabilpena eta birziklapena indartzea eta hondakinak are gehiago murriztea izango du xede. Hori egin ahal izateko, bilketa ereduak aztertuko ditu Hondakinen Mahaiak. «Udal Gobernuak ez du bilketa sistemarik lehenetsiko. Hala ere, bere zereginen artean izango du beharrezko azterketak egitea, aipatu helburuak lortze aldera», azaldu du Illarramendik. Zentzu horretan, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza hitzarmena sinatzeko prest dago, osatuko den mahaian kanpo agente gisa parte hartu eta beharrezko azterketa edota moldaketa teknikoak gara ditzan, zerbitzua hobetzeko eta bermatzeko.
Bideragarria
Mahaiak bilketa eredu jakin bat proposatuko du adostasun zabalez. Sistema horrek zehaztutako helburuak bete beharko ditu, eta ekonomikoki bideragarria izan beharko du. Era berean, sistemaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa izan beharko dute parte-hartzaileek kontuan, baita herritarren erosotasuna
eta ahalik eta eragile gehienen adostasuna ere. Behin eredua adostuta, herritarrekin partekatuko dute, parte hartze prozesu baten bitartez. Ondoren, moldaketa fasea etorriko da. Bitartean, hondakinen inguruko batzorde mistoak bilketaren jarraipen lana egingo du, herritarrei uneoro zerbitzu egokia ematen zaiela bermatzeko.
Horretarako, herritarrei eta eragileei orain arteko jarrera aktiboa izateko eskatu diete Udal Gobernuko kideek, eta alderdiei ekarpenak egiteko borondatea, «guztien artean adosteko nola lortu hondakinen bilketa ekologiko, ekonomiko eta zibikoago bat».
2014ean Urteta ixteko bidean
Bilduk 2011eko maiatzean kargua hartu zuenetik,bosgarren edukiontziaren hedatzearen aldeko apustua egin duela gogoratu du Illarramendik: «Egun, guztira 6.308 familiak daude izen emanda hondakin organikoa bereizteko programan, eta benetan txalogarria iruditzen zaigu jarrera arduratsu hori. Hala ere, datuek gora egin arren, urrun gaude 2012ko plenoan hitzartutakoarekin, 2014rako gutxienez bilketa berezitu tasa %70 izatetik, alegia».
«Mahai honen bidez zera lortu nahi dugu: lankidetza, elkarlaguntza, konpromisoa eta borondateen bat egitea. Hondakin gutxiago sortzea, hauek berrerabiltzea edo birziklatzea herritarren lorpena da. Hori modurik eroso, koordinatu, merke eta adostuenean egitea dugu helburu», nabarmendu du alkateak. Bide batez, 2014. urtean Urtetako zabortegia ixteko urratsak emango dituztela gaineratu du.