Zarauzko Udalak zorra lau milioi euro murriztu du urte eta erdian

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko otsailaren 6a

Inbertsioak berandu hasi badituzte ere, aurreikusitako proiektuak beteko dira. Alde Zaharraren peatonalizazioa da horren adibideetariko bat. (Amaia Ventas/Hitza) Zarauzko Udalak duela bi urte baino zor txikiagoa du egun. Izan ere, urte eta erdian zorra baretu eta lau milioi euro murriztea lortu du. Diru sarreren eta gastuen bilakaera kontuan izanda, pixkanaka amortizatzen joan da zorra, eta 2012. urtean mailegurik ez eskatzea erabaki zuen udal gobernuak. «Ez ditugu beharrezkoak ez diren zorrak pilatuko», nabarmendu zuen Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek atzo egindako agerraldian. Zarauzko Udalak urtarrilaren 31erako itxi nahi izan du 2012ko jarduera ekonomikoa, eta 2013ko aurrekontuari ekin aurretik, iazkoaren balorazioa egin du Ogasun zinegotziak. Hala, 2012ko gastu, sarrera eta zorren egoeraren berri eman zuen. «Gastuen kasuan, udaleko gastu orokorrari dagokionez, asko aurreztu dugu. Gainontzekoak, berriz, ahal den neurrian, aurreikusi bezala bete dira», esan zuen Eizagirrek. Hain zuzen, 1,4 milioi euro aurreztu ditu udalak bigarren kapituluko gastuei dagokionez. «Beharrezkoak ez diren gastu batzuk ekidin ditugu, eta kontratu batzuk aldatu», nabarmendu zuen. Horiek, ordea, ez dira zifra zehatzak; posible litzateke oraindik ere beste gastu batzuk sortzea. Pertsonal gastuei dagokienez, 600.000 euro gutxiago gastatu du erakundeak 2012an, bestalde. «Hau, batez ere, Espainiako presidente Mariano Raxoik hartutako neurri neoliberalen ondorioa izan da. Hori dela eta, udal langileei Gabonetako ordainsaria ezin izan genien ordaindu», azaldu zuen. «Ondorioz, ekaineko ordainsaria urtarrilera aurreratzea erabaki genuen, konpentsatzeko». Hala ere, udal gobernuak langileentzat gordeko du diru hori, haiei dagokien ordainsaria baita. Interesak «zertxobait gutxiago» ordaindu zituzten iaz, eta beraz hirugarren kapituluan ere aurreztea lortu dute. Laugarren kapitulua oraindik «zuritzeke» dutela esan zuen Eizagirrek, baina alor horretan ere aurreztu egingo dutela aurreikusi zuen. Seigarren kapituluan, inbertsioen atalean, ia 500.000 euro aurreztu dituzte. «Inbertsioak berandu hasi ditugunez, gastuak ere berandu egingo ditugu». Hala ere, aurreikusitako proiektuak bete beteko direla jakinarazi zuen Eizagirrek. Alde Zaharra oinezkoentzat jartzea da horren adibideetariko bat. Sarreren kasuan, lehen eta bigarren kapituluak—zuzeneko eta zeharkako zergak— «bere bidetik joan» dira, eta kasu askotan «aurreikusi baino diru gehiago» jaso dute iaz. Tasei dagokien kapituluan ere espero baino diru gehiago bilduko dute, «nahiz eta une honetan 2012ko azken lauhileko hondakin eta urari dagokien tasak jasotzea falta» zaien. «Horiek jasotakoan ere aurreikusi baino diru gehiago izango dugu». Eusko Jaurlaritzatik eta Diputaziotik udalak jasotzen dituen laguntzak «espero baino murritzagoak» izango direla azaldu zuen Eizagirrek, ordea. Hori gertatuko zela aurreikusi zutenez, kapitulu hori %3 jaistea erabaki zuten orduan. Aldundiak egindako aldaketa fiskala dela eta, Foru Funtsetik 12 milioi jaso ditu gerora. Hori kontuan izanda, «ez da horrenbesteko golpea» izan: soilik 600. 000 euro gutxiago jaso ditu 2012an. Zorrak, murritzago Zorraren amortizaziori dagokionez, 2020ra bitartean udala urtero bi milioi euro pasatxo amortizatzera behartuta dagoela jakinarazi zuen Ogasun zinegotziak. Hori da, hain zuzen, udal gobernuak aurrekontuak egiterakoan duen baldintza nagusia. «Zarauzko Udalak aurrekontuaren %10a gutxi gorabehera bankuei ordaintzen dio zuzenean, urtero-urtero. Batik bat, horregatik dago udala ekonomikoki egoera eskasean», azaldu zuen Eizagirrek. Hala ere, Bildu gobernuan dagoenetik zorra lau milioi amortizatu duela jakinarazi du. Ildo horretatik, 20,4 milioi inguruko zorra du Zarauzko Udalak egun. 2003an 13,8 milioi euroko mailegua eskatu zuen, 2006an 1,2 milioi eurokoa, 2009an hamaika milioi eurokoa, 2010ean hiru milioikoa eta  2011ean, berriz, 770.000 eurokoa. «2009ko kreditu hori golpe handia izan zen, udalaren zorra bikoiztu egin baitzuen», nabarmendu zuen Eizagirrek. 2011tik aurrera, ordea, zor hori baretzen joan da udal gobernua. 2012ko aurrekontua ixteko ia bi milioiko kreditua eskatu beharko zela aurreikusten bazuten ere, mailegurik ez hartzea erabaki zuten iazko abenduan: «Sarrera eta gastuen balantzea ikusita, beharrezkoak ez diren maileguak ez eskatzea erabaki genuen». Kontu-ikuskaritza abian «Erronka asko ditugula eta, batez ere, herritarrek beharrak dituztela ikusita, gastuak eta inbertsioak egiten jarraituko dugu. Hala ere, udalaren egoera ekonomiko osasuntsua mantentzea izango da gure helburua. Hori dela eta, bi alderdion oreka aurkitzeko, etorkizunean ere erantzukizunez jokatzen jarraituko dugu», adierazi du Eizagirrek. Bestalde, 2012ko urteko jarduera ekonomikoa behin betiko ixte aldera, udalaren kontu-ikuskaritza jarriko dute martxan, bi helbururekin: batetik, zerbitzu ekonomikoen balorazioa ixteko, eta bestetik, 2012an zehar eta aurrerago egin diren akatsak ez betetzeko argibideak izateko, «beti ere gardentasunaren izenean eta kontuak garbi izateko asmoarekin». Prozesu hori urtero egingo dutela aurreikusi dute. Era berean, 2012ko aurrekontuak itxi ahala, aurtengo aurrekontuak prestatzen hasiko dira udal ordezkariak. Ildo horretatik, dagoeneko oposizioko alderdiekin lehen bilerak egin dituzte. «2013ko aurrekontuak garrantzitsuak izango direlakoan, erantzukizunez eta arduraz jokatzeko dei egin diegu udal ordezkari guztiei. Akordioetara heltzeko gaitasuna eta prestutasuna eskatzen diegu haiei, eta guk ere hala egingo dugu». 2013rako aurrekontuak martxoaren 20ko plenoan aurkeztuko dutela aurreikusi zuen Ogasun zinegotziak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide