
Zarauzko Immigrazio teknikari Julen Aranguren, Immigrazio zinegotzi Ane Eizmendi (Bildu), Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi, Maribel Albisu zinegotzia (EAJ) eta Gizarte Laguntza zinegotzia Karmele Alberdi (Bildu) (Amaia Ventas/Hitza)
Etorkinen Nazioarteko Eguna da gaur. Hori dela eta, Zarauzko Udalak ekimen berezia prestatu du gaur arratsalderako, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta. «Udalak aurten 50. eta 60. hamarkadetako immigrazioa landu eta omendu nahi du», azaldu zuen Zarauko Immigrazio teknikari Julen Arangurunek. Hori dela eta, Gure herrialdeko kulturak eta identitateak hitzaldia antolatu du. Jon Maiak eskainiko du. Izan ere, bertsolaria eta idazlea izateaz gain, etorkin familia baten semea da zumaiarra. «Haren sendia Extremaduratik etorri zen Euskal Herrira. Urretxun geldialdia egin ostean, Zumaian bota zituen sustraiak. Hala, zergatik etorri ziren, nondik eta zein egoeretan azalduko du hitzaldian; finean, bere familiaren istoria kontatuko du, lehenbiziko pertsonan», nabarmendu zuen Arangurenek. «Elkar ezagutzeko beharraz» ariko da batez ere, «garai haietan eman ez zenaz eta egungo etorkinekin landu behar den hortaz, zehazki».
Hitzaldiak zumaiarrak 2008an kaleratu zuen Riomundo liburuarekin lotura zuzena izango du. Maiak etorkinen mundua landu zuen bertan; migrazio hori nolakoa izan zen, nola iritsi ziren, nola hartu zituzten, bi komunitateen arteko harreman eza eta identitatea, besteak beste. «Gaur egun bizitzen ari garen immigrazio prozesu horrek askotan gogoratzen digu orduko hura, eta horregatik garrantzitsua da garai hartako immigrazioa ere lantzea», gogoratu zuen Immigrazio teknikariak.
Modelo aretoan izango da ekimena, 19:00etatik aurrera. Maiarekin batera, Zarauzko Francisco de Zurbaran Extremadurako elkarteko kide bat ere izango da Modelon, bere etorrera eta bizipenak ere azaltzeko. Gaztelaniaz egingo dute saioa, eta askotariko jatorritako zarauztarrei zuzenduta egongo da.
Mundua herri batean
Etorkinen Nazioarteko Eguna dela eta, herriko bizikidetzaren aldeko manifestua osatu dute. «Ibiltariak bihurtu ginenetik, historian zehar, munduko bazter guztietan errepikatu den kontua da lurralde eta amets berrien bila batetik bestera ibiltzea, bizimodu hobearen esperantzan», irakurri zuen Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak. Ildo horretatik, herria amets horien «bilduma» dela gogoratu zuen: «Baserritik eta landa eremuetatik kalera hurbildu ziren sasoi bateko nekazariak, industrian lanean aritzeko. Geroago, Espainiako hainbat lurraldetatik iritsi ziren milaka langile, gerra osteko hotzari eta goseari hemengo fabriketan behar zen eskulanarekin aurrera egin nahian». Orduan bezala, azken urteotan ere munduko hainbat txokotatik ari dira zarauztar berriak udalerrira heltzen. «Besoak zabalik eta irribarrez hartu nahi ditugu guztiak», esan zuen alkateak: «Zarautz azken batean bertan bizi garen guztion herria da. Dozenaka hizkuntza eta kultura biltzen dituen lekua. Aniztasunak inoiz baino aberatsagoa eta koloretsuagoa bihurtu duen eremua. Azken batean, mundua herri bakar batean».
Bilduk, EAJk eta jatorri aniztasuna lantzen duten hainbat elkartek eman dute atxikimendua, Yakar senegaldarren elkarteak, Francisco de Zurbaranek, Carballeira galiziarren elkarteak, Bidez bidek eta Nor Ala magrebiarren elkarteak, hain zuzen. Bestelako elkarte eta alderdiak haiekin bat egitera gonbidatu dituzte, manifestua ahalik eta gehien zabal dadin eta horrek Zarauztik Mundura jaialdian isla izan dezan.