Zarauzko Udalaren Euskara Aholku Batzordearen araudia onartu du behin-behinean Udalbatzak, gehiengoz. «Herri honetan euskaraz bizi nahi duen jende asko dago, gure eskubidea delako. Udalarekin eta beste administrazio publikoekin komunikatzeko ez dugu zertan oztopo lasterketa gainditu behar. Baina, zoritxarrez, oraindik euskaldunak bigarren mailako herritarrak gara gure etxean bertan», nabarmendu zuen Gari Berasaluze Euskara zinegotziak (Bildu) herenegungo plenoan. Hori dela eta, herritarren parte hartzea bermatuko duen mekanismo egonkor horrek euskararen normalizazioa du helburu.
Jakinarazi zuenez, horretarako irizpide zehatzak ezarrita ditu udalak, Urola Kostako Udal Elkartearen Hizkuntza Politika onartu baitzuen pasa den martxoko plenoan. Udal zerbitzuetan eta udalerriko bestelako alorretan euskararen erabilera normalizatzeko bidean, hizkuntza irizpide zehatzak landu, onartu eta moldatzeko konpromisoa hartu du udalak. Hori gauzatzeko, araudia zehaztu du orain.
Batzorde horrek euskara lehen hizkuntza ofiziala izan dadin, udalari hartu beharreko neurriak zehazten lagunduko dio. Besteak beste, EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egokitzen lagunduko dio, hori onartu ostean garatzeko kudeaketa planen jarraipean egingo du eta normalizazio bidean zerikusia duten gaiak aztertu eta proposatuko ditu.
Bertan hartuko dute parte hizkuntza normalizazioan diharduten herriko norbanako, talde eta erakunde publiko zein pribatuek, udal ordezkariekin batera. Hori osatzeko, eragileen eta horien diskurtso aniztasuna izango da kontuan, «euskara gure herriko lehen hizkuntza funtzionala izateko helburu nagusia partekatuko duten kideen artean izaera desberdinen arteko oreka landuz». Hala, araudia behin betikoz onartzen bada, Euskara zinegotzi Gari Berasaluze izango da batzordeburua, eta Kultura Batzordeko alderdi bakoitzeko ordezkari banak, Euskara zerbitzuko arduradunek, euskaltegietako zuzendariek eta beste hainbat eragilek osatuko dute taldea.
Espedientea jendaurrean jarraiko dute 30 egunez, herritarrek iradokizunak egin ditzaten. Epe hori igarota, eta erreklamaziorik aurkeztu ezean, behin betiko onartuko da erregelamendu hori.
Iritzi kontrajarriak
PPko Maria Jose Lafuentek kontra bozkatu zuen, «bi hizkuntzen, gaztelaniaren eta euskararen, arteko koofizialtasunari errespetuz». «Gure hizkuntza euskara da. Aurrerapausoak eman behar dira, euskararen egoera ez baita inolaz ere beharko lukeen modukoa», nabarmendu zuen Aralar-Ezker Anitzako Aser Lertxundik. «Euskara hizkuntza benetan ofiziala izateko bidean» lan egiteko helburuarekin, proposamenaren alde bozkatu zuen.
Elebidunak izatea «aberastasun» moduan ikusten du PSE-EEko Patxi Elolak: «Gaztelaniak ez digu alergiarik sortzen. Euskararekin diskriminazio positiboa egiten dugu, baina biak hitz egiten ditugu naturaltasunez eta konplexurik gabe». Herritar guztiek erakundeen partetik «onartuak» izan behar dutela nabarmendu zuen herenegun, eta harekin komunikatzeko nahi duen hizkuntza erabiltzeko eskubidea duela: «Herritarrek ez dute deseroso eta lekuz kanpo sentitu behar berek erabiltzen duten hizkuntzagatik». Ondorioz, ezetz bozkatu zuen Zarauzko PSE-EEk.
Proposamenaren alde bozkatu zuen, berriz, Zarauzko EAJk. «Ulertzen dugu oraindik ere euskara bultzatzeko lan handia egin beharra dagoela», adierazi zuen Imanol Lasak: «Pertsona, erakunde, eragile eta elkarteen konpromiso gune bat beharrezkoa da. Hori dela eta, begi onez ikusten dugu Euskara Aholku Batzordea». Bere garaian batzordea «indartsu» hasi zela gogoratu du, baina gerora egoera politikoak ez zuela lagundu: «Oso indartsu hasi zenak flojo samar amaitu zuen. Beraz, ulertzen dugu berriz ere hau abian jarri behar dela». Hala ere, «zenbait irizpide osatze aldera», hainbat proposamen egingo duela ohartarazi zuen.
Lafuente, PPko zinegotzi
Herenegungo plenoan hartu zuen Maria Jose Lafuentek PPko zinegotzi kargua. Berak ordezkatuko du Rafa Olaizola aurrerantzean. Osoko Bilkuraren hasieran izendatu zuten, eta gainontzeko zinegotziek ongietorria egin zioten. «Rafak lan asko egin du Zarautzen eta zarauztarren alde. Gutxienez hark egindako lanaren zati txiki bat egitea gustatuko litzaidake», adierazi zuen.
Lafuentek ez daki euskaraz; gaztelaniaz erantzungo du, beraz. Era berean, gainontzeko zinegotziek diotena ulertu ahal izateko zuzeneko itzulpena jasoko du aurikular bidez. Zerbitzu bera jasoko du Gari Berasaluze Bilduko zinegotziak, Lafuentek dioena euskaraz entzuteko.
