
Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi eta Zarauzko Arraun Elkarteko lehendakari Eduardo Mugertza, hitzarmena sinatzen atzo (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Zarauzko Udalak eta ZAE Zarautz Arraun Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu berri dute. Horren bitartez, udalak 113.000 euroko laguntza emango dio elkarteari. Hiru urteko iraupena izango du aipatu akordioak, 2010etik 2012ra.
2009an bukatu zen bi aldeek 2006an hiru urterako sinatu zuten lankidetza hitzarmena. Orduz geroztik, ZAEk ez du laguntzarik jaso, «hainbat gaizki ulertu» medio. Hori dela eta, pasatu diren urteotako ekarpenak gehitu dizkiote atzo Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak eta ZAEko lehendakari Eduardo Mugertzak sinatutako hitzarmenari. Hala, urte bakoitzeko 30.000 euro emango dizkio udalak ZAEri. Horrez gain, 23.000 euro inguru emango jasoko ditu ZAEk, 2006-2009 urte bitarteko gastuei aurre egiteko. Hitzarmena sinatu ostean, laguntzaren %75 jasoko du arraun elkarteak; gainontzeko %25 nahitaezko justifikazioa aurkeztu ostean emango diote.
Bestalde, Aiako pabiloian duten lokala erabili ahalko dute arraunlariek, doan.
Lasaitasun pixka bat
«Zarautz Arraun Elkartetik benetan pozez hartu dugu hitzarmen hau», adierazi zuen Mugertzak. «Lasaitasun pixka bat ere eman digu aurtengo kirol ikasturtea ekonomikoki estuasun gehiegirik gabe amaitzeko». «Aurten gure esfortzua eta nahia neurri handi batean beheko mailak indartu eta gazteak elkartera hurbiltzera bideratu ditugu. Hori da egin behar dugun lan garrantzitsuena», gaineratu zuen. «Horrekin gure harrobia indartzea espero dugu, eta gero hori goi mailetan ere islatzea. Horretarako baliatuko ditugu gure indarrak eta udalaren laguntza».
«Beharrezkoa da garai zail hauetan gazteekin lan egiteko apustua egin dutenekin lan hitzarmena sinatzea», azaldu zuen alkateak. «Gure aldetik, konpromiso argia dugu arraun elkartearen lana balorean jarri, gazteekin lan egin, kirola eta osasuna sustatu, gure herriaren izen ona zaindu, eta itsasoarekiko dugun harremana indartzeko».