«Datorren urterako Aralar-EBrekin gobernu akordioa sinatzea dugu asmoa»

Zarauzko Hitza 2011ko abuztuaren 4a

Krisiari aurre egitea eta enplegua sustatzea izango da Juan Luis Illarramendi (Orio, 1962) Zarauzko alkate berriaren erronka, herritarrei zuzenduriko zerbitzuak murriztu gabe. Horretarako, gastuak gutxitu eta Udala berrantolatu beharko dute. «Lan handia dugu aurretik», dio alkateak. Goitik behera aldatu zait bizitza alkate naizenetik. Lehengoarekin alderatuta, oso ezberdina da nire bizimodua. Halako pausoa eman ostean, kontrolpean zaude. Argazkietan ateratze hori oso arraroa da niretzat; nork bere burua komunikabideetan ikustea arraroa izaten da, baina jarriko gara gai horretan ere. Nola iritsi zara politikara? Aurrez alderdiren batekin lotura izan al duzu? Gehienbat bila etorri zaizkit, ni ez bainengoen inongo alderdi politikotan sartuta. Nire iritzia banuen, noski, edozein herritarrek bezala. Baina sekula ez dut loturarikizan alderdiren batekin, pixkat apolitikoa izan naiz. EAtik iritsi zitzaidan proposamena, zehazki bitan etorri zitzaizkidan. Lehenengoan ezezko borobila eman nien, neure burua ez bainuen politikan ikusten, ez udalean ez beste inon. Bilduko zerrendan lehenengo joatea ardura handiegia zen niretzat. Bigarren aldiz etorri zitzaizkidanean ere zalantzak nituen. Emazteak, ordea, postua onartzera animatu ninduen, eta azkenean, ezin izan nuen ezetzik esan. Proposatu egin zintuzten, beraz. Bai, ez zen nire erabakia izan, inolaz ere. Iazko Gabonetan egun alkate izango nintzela jakin izango banu, aspaldi egingo nuen alde. Hala ere, behin martxan jarrita, oso [...]

Krisiari aurre egitea eta enplegua sustatzea izango da Juan Luis Illarramendi (Orio, 1962) Zarauzko alkate berriaren erronka, herritarrei zuzenduriko zerbitzuak murriztu gabe. Horretarako, gastuak gutxitu eta Udala berrantolatu beharko dute. «Lan handia dugu aurretik», dio alkateak.

Goitik behera aldatu zait bizitza alkate naizenetik. Lehengoarekin alderatuta, oso ezberdina da nire bizimodua. Halako pausoa eman ostean, kontrolpean zaude. Argazkietan ateratze hori oso arraroa da niretzat; nork bere burua komunikabideetan ikustea arraroa izaten da, baina jarriko gara gai horretan ere.
Nola iritsi zara politikara? Aurrez alderdiren batekin lotura izan al duzu?
Gehienbat bila etorri zaizkit, ni ez bainengoen inongo alderdi politikotan sartuta. Nire iritzia banuen, noski, edozein herritarrek bezala. Baina sekula ez dut loturarikizan alderdiren batekin, pixkat apolitikoa izan naiz. EAtik iritsi zitzaidan proposamena, zehazki bitan etorri zitzaizkidan. Lehenengoan ezezko borobila eman nien, neure burua ez bainuen politikan ikusten, ez udalean ez beste inon. Bilduko zerrendan lehenengo joatea ardura handiegia zen niretzat.
Bigarren aldiz etorri zitzaizkidanean ere zalantzak nituen. Emazteak, ordea, postua onartzera animatu ninduen, eta azkenean, ezin izan nuen ezetzik esan.
Proposatu egin zintuzten, beraz.
Bai, ez zen nire erabakia izan, inolaz ere. Iazko Gabonetan egun alkate izango nintzela jakin izango banu, aspaldi egingo nuen alde. Hala ere, behin martxan jarrita, oso erronka polita dela ikusten duzu, pixkanaka-pixkanaka paperean sartzen hasten zara. Jendearen babesak ere indar handia ematen du. Baina eskailera mailak egunero igo behar dira.
Oriotarra izanik nolatan iritsi zara Zarauzko alkate izatera?
Oriotarra naiz, bai, baina duela urte batzuk Zarautzera ezkondunintzen. Eta 24 urte daramatzat bertan bizitzen. 16 urte nituela eta Antoniano Ikastetxean ikasten ari nintzela, ez nuen inoiz pentsatuko Zarautzen biziko nintzenik; oso kuttuna dut Orio. Baina halakoa da maitasuna, horrelako aurrerapausoak ematera bultzatzen zaitu. Zarauztarra naiz, baina adopzioz.
Nola aurreikusten duzu hasi berri den legealdia?
Nahiko gogorra. Gainera, krisiaren hondoa oraindik ez dugula ikusi diote eta horrek beldurra ematen du. Horren aurrean, gure asmoa gastuak murriztea izango da, eta dugun diruarekin guztia bideratzea. Etxean egiten dugun gauza bera egingo dugu. Egunero ezin da afari eder bat egin, batzutan moldatu egin behar zara. Gastu guztiak ongi-ongi begiratzen eta aurrezten aterako dugu herria aurrera, nork bere etxean egiten duen moduan.
Nolakoa izango da opozisioarekin izango duzuen harremana?
Harreman ona izan behar dugu oposiziorekin, azken finean, guztiekin elkarlanean jardun behar baitugu. Guri dagokigu herritarren arazoei irtenbideak ematea, eta horretarako ondo moldatu behar dugu geure artean. Oposizioarekin negoziatzeko prest izango gara beti, besoak zabalik. Badakigu batzuetan ez dela oso erraza izango, baina iritsiko gara akordioetara.
Eta Aralar-EBrekin?
Gure asmoa datorren urterako Aralar-EBrekin gobernu akordioa sinatzea da. Ingurumen alorrean lan handiak egiteko asmoa dugu, eta horretarako, eta beste proiektu askotarako, bere ekarpena garrantzitsua izango da. Bi alderdiok, gainera, ildo antzekoak ditugu; Bildu zein Aralar-EB ezkertiarrak gara, eta pentsakera beretsua dugu: ezberdintasun baino antzekotasun gehiago ditugu bion artean. Ez da zaila izango, beraz, elkarrekin aurrera egitea.
2012ko martxora bitarteko denbora eskatu diozue Aralar-EBri gobernuan sartzeko. Zergatik?
Finean, lehengo gobernuak Udala ze egoera ekonomikotan utzi duen aztertu beharra daukagu lehenik. Arazoak non dauden ikusi behar dugu. Behin hori jakinik, guztia berriz planteatu beharko dugu, eta horretarako beharrezkoa izango zaigu Aralar-EBren laguntza. Geuk akordioetara heltzeko borondate argia dugu eta eurekin kontatzen dugu.
Andoni Ibarguren izendatu duzue Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide gisa, Iñaki Eizagirre Bilduko zinegotziak uko egin ostean. Zergatik?
Alderdi guztiek izan behar dute ordezkaritza Mankomunitatean. Horregatik Iñakik uko egin zion postuari eta Andoni proposatu genuen hura ordezkatzeko. Andonik Mankomunitatean parte hartu beharra zuen. Aralar-EBri ere, eurekin akordioetara heltzeko borondatea genuela erakutsi nahi genion, justiziazko keinu hau eginez.
Bost batzorde osatu dituzue, eta azpi atal ugari izango ditu bakoitzak. Batzuk, gainera, berriak dira, Mahai Soziala kasu. Zer asmo duzue horrekin?
Herritarren parte hartzea bultzatzearren osatu dugu Mahai Soziala. Udalak irekia izan behar du, eta herritarren sentsibilitate eta interes guztiak hartuko ditu kontuan. Ildo horretatik, oso aberatsa izango da. Hortik abiatuta, parte hartze aktiboa bultzatu nahi dugu, ez orain arte izan den bezala. Alde Zaharreko Planaren inguruan, esaterako, herritarrak haserre daude, aurreko gobernuak berak soilik hartu baitu plana aurrera eramateko erabakia. Batzorde irekiak-eta antolatu izan dituzte herritarren iritziak eta ekarpenak jasotze aldera, baina azken erabakia Udalak hartu du.
Auzotarrekin gauza bera gertatuko da. Bizilagunek eurek adostu eta birformulatu behar dute arazoei nola egin aurre, Udalarekin batera. Sukaldean arigarenean bezala, gai guztiak ongi nahastu eta masa uniforme bat sortu behar da, gerora jaki goxo-goxoa egiteko. Parte hartzeak ere hala izan behar du, sukaldean ongi aritzea bezala, alegia.
Kargu guztiak Bilduren esku egongo dira. Hori dela eta, zenbait alderdi haserre daude. PSE-EEk, esaterako, gutxietsita sentitzen dela adierazi du.
Horrek ez du esan nahi egunen batean beste norbaiten laguntza beharko ez dugunik. Momentuz, hasi egin behar dugu, eta horretarako egoera aztertu beharra daukagu. Ezin dena egin da alderdi guztiei karguak eman eta ondorioz errealitatea nola dagoen ez ikusi. Gerora aztertuko dugu zer egin.
Zein izango da lehenbiziko eginbeharra?
Krisia izugarria da, eta puntu horretan lan handia egin beharko dugu. Hori izango da gure lehentasuna. Lehenbizi gastuak murriztuko ditugu, eta herritarrei behar bezalako zerbitzuak eskaini. Bestalde, planteatuta dauden egitasmoak aztertu beharko ditugu, eta horiek bideratu, balizkoak baldin badira. Era berean, erdi mailako proiekturik egiterik badagoen ikusi beharko dugu. Horrez gain, langabezia ikaragarria da, eta Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean jardungo dugu horri irtenbidea nola eman asmatzeko.
Aurreko legealdian, Zarauzko Udalak Mankomunitateari zor zizkion 100.000 euro ez ordaintzea erabaki zuen. Zertan da auzi hori?
Oraingoz ez digute ezer zehaztu. Oraintsu osatu dute Mankomunitateko gobernua, eta oraindik ez dute ezer jarri mahai gainean. Hala ere, jakinaraziko digute, eta ikusiko dugu nola egin aurre horri. Esan bezala, krisia izugarria da, eta justuan ibiliko gara, baina aterako gara aurrera, ziur.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide