Bilboko hilketa matxista salatzeko mobilizazioak egin dituzte eskualdeko hainbat herritan

Iraia Oteiza

Azpeitian, Zestoan eta Zumaian elkarretaratzeak egin zituzten atzo, ostirala, eta astelehenerako beste bi deialdi egin dituzte Azkoitian eta Zarautzen.

Bilbon izandako hilketa matxista gaitzesteko mobilizazioak egin zituzten atzo, ostirala, Azpeitian, Zestoan eta Zumaian. 34 urteko emakume bat haren bikotekide ohiak labankadaz hil zuen ostegunean, haren bi seme-alaben aurrean. Gertakariak gaitzespen eta haserre adierazpenak eragin ditu, eta hainbat herritan kalera atera dira herritarrak.

Azpeitian bi elkarretaratze egin zituzten, Azpeitiko Feministen Sareak eta Urola Erdiko Itaiak deituta. Azpeitiko Feministen Sareak elkartasuna adierazi zien emakumearen senide, lagun eta gertukoei, bereziki haren seme-alabei. "Erailketa hau ez da gertakari isolatu bat", azpimarratu zuten, eta indarkeria matxista egiturazkoa dela gogorarazi. Erakunde publikoen ardura ere nabarmendu zuten, prebentzioan, arretan eta babes neurrietan duten zeregina azpimarratuta. Itaiak, bestalde, indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzeko eta herriz herri antolatzen jarraitzeko deia egin zuen.

Zestoan, Itaiak deituta, dozenaka lagun elkartu ziren atzo herriko plazan, hilketa salatzeko. Zumaian ere herritar ugari bildu zen Saregile plazan, Zumaiako Mugimendu Feministaren deialdiari erantzunez. Eraso matxistarik ez! Aski da! Autodefentsa feministaz erantzungo dugu! zioen pankartaren atzean elkartu ziren.

Mobilizazioek astelehenean izango dute jarraipena. Azkoitian, Urola Erdiko Itaiak elkarretaratzea deitu du 14:00etarako, eliz atarian, Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean. Zarautzen, berriz, Emakumeen Mundu Martxak eta Zarauzko Mugimendu Feministak kontzentrazioa egingo dute 19:00etan, Lege Zaharren Enparantzan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide