Azaroak 25 ditu gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta aurten ere eguraldiak lagundu ez duen arren, iluntzean ehunka herritar atera dira eskualdeko kaleetara, Mugimendu Feministak nahiz Itaiak egindako mobilizazio deiei erantzunez. Indarkeria matxista "borrokatzeko" eta "aurrera egiteko" prest daudela ozen aldarrikatu dute herritarrek Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian.
Bai Mugimendu Feministak, bai Itaiak, nabarmendu dute indarkeria matxistak ez duela etenik, eta gogorarazi dute aurten bertan bost emakume erail dituztela Euskal Herrian. Erakundeen jarduna kritikatu, eta horien "borondate eta inplikazio politikoa" ere exijitu dituzte. Faxismoari aurre egin beharraz ere biek ohartarazi dute.
Mugimendu Feministarentzat, lerratzea ezinbesteko
Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzeak eta manifestazioak Azpeitian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egin dituzte, eta amaierako hitzartzeetan, hainbat ideia helarazi nahi izan dituzte, aurrez aipatutako horiez gain. Batetik, egiturazkoak diren indarkeriei egiturazko irtenbideak eman behar zaizkiela, eta egitura esatean, "askotariko sistemak" kontuan hartu behar direla esan du, "makroenetik hasi eta mikroenera". Egitura horiek sistemak lotzen dituela gaineratu dute. "Makinaria horrek guztiak sortzen eta eragiten duen indarkeriak ez du etenik: Euskal Herrian bost emakume erail dituzte azken urtean; sare sozialetan ugaritzen ari dira mezu eta eraso antifeminista zein arrazistak; erasotzaileak inguru hurbilekoa izaten jarraitzen du; etxebizitza ez da eskubide bat; zaintza lanek emakume eta, batez ere, emakume migratu eta arrazializatuen kontura negozio izaten jarraitzen dute; sexu-genero disidenteon existentzia ukatu nahi dute; lurraldeak esplotatzen jarraitzen dute eta kide migratu eta arrazializatuak deshumanizatzen jarraitzen dute. Indarkeriak baditu mila aurpegi. Eta horiek izendatzea dagokigu", nabarmendu du mugimenduak.
"Indarkeria betikotzen" segitzen duten estatu aparatuak ere aipatu ditu Mugimendu Feministak, eta Polizia jarri du adibidetzat. Horren guztiaren aurrean, Justizia Feminista eraikitzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, "egun egiten ari garen bezala: autodefentsa feministaren bidez indarkeriak aitortuz eta erreparatuz, nahiz askotariko indarkeriei aurre egiteko mekanismoak sortuz eta martxan jarriz". Indarkeria matxista desagerrarazteko erakundeen borondate eta inplikazio politikoa exijitu ditu "baliabide publikoetan inbertsioa egiteko; borondatea sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak zapaltzen dituzten gorputzak izendatzeko eta bizitza duinen alde lerratzeko eta egiturazko neurriak hartzeko eta benetan baliagarriak izango diren erakundeak sortzeko".
Baina argi dute ez direla zain geldituko, eta "borrokan" eta "aliantzak ehuntzen" jarraituko dutela. Lerratzeko garaia dela azpimarratuz amaitu dute hitzartzea: "Aurten ere lerratzeko aldarrian berresten gara. Bizi dugun bidegurutzean ez dago lerratzea besterik. Alde ala kontra. Feminismoaren alde ala kontra. Eskubide sozialen alde ala kontra. Euskal Herri Feminista baten alde ala kontra".
Itaiarentzat, lehentasun politikoa
Itaiak Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zestoan egin ditu protestak, eta mobilizazioen bukaeran azpimarratu du matxismoak egunez egun kolpatzen dituela emakumeak: "Urtea ez da amaitu, eta dagoeneko 10.000 emakume baino gehiago izan dira erasotuak; Euskal Herrian zehar hainbat forotan aritu dira emakumeon irudiak zabaltzen; hainbat lekutan kamarak ipini dituzte emakumeak grabatzeko; adingabekoen kontrako indarkeriak gora egin du eta matxismoaren adierazpenik krudelenak ez du etenik izan: dagoeneko bost emakume erailak izan dira".
Itaiak esan du berarentzat "lehentasun politikoa" dela matxismoa amaitzeko bideorria garatzea, eta instituzioen eta alderdi politikoen jarrerak eta erabakiak gogor kritikatu ditu: "Instituzioentzat eta alderdi politikoentzat ez dirudi lehentasunezko auzia denik, bere kudeaketara mugatzen baitute bere jarduna. Hori, gainera, gero eta baliabide gutxiagorekin egiten dute, eta ez dute emakumeon babesa bermatzen". Erasotuek etxebizitza duina izateko eskubideaz ere aritu da mugimendua: "Kasu askotan erasotuak izan diren emakumeei ez diete kalitatezko etxebizitza alternatibarik bermatzen; izan ere, askori aterpetxe edo pisu partekatuak eskaintzen dizkiete, zenbaitetan, gainera, gizonezkoekin partekatu behar dituztenak; edota babes pisuetatik kanporatzen dituzte. Ez dugu onartuko indarkeria jasan duen emakumerik kale gorrian geratzea".
Faxismoaren gorakada ere aipatu nahi izan du mugimendu sozialistak: "Argi eduki behar dugu faxismoa emakume langilearen aurkako proiektua dela. Emakume langileok jasaten dugun egiturazko zapalkuntza ukatzen dute eta gure zapalkuntzan sakontzeko neurriak proposatzen dituzte", nabarmendu du.
Matxismoaren aurkako mugimendu indartsu bat eraiki behar dela irizten dio Itaiak, "kale mailako mobilizazioan eta antolakuntza independentean oinarritua". Bestetik, indarkeria matxista eta erasotzaileen inpunitatea normalizatu ez daitezen, "eraso matxista guztiei erantzun" behar zaiela azpimarratu dute "herri eta auzoetan, hezkuntza zentroetan nahiz lantokian". "Borroka horretan, emakumeok eta, oro har, langile klasea agente aktibo bilakatu behar dugu. Horregatik, norabide sozialista argi batekin indarkeria matxistaren aurka borrokatzen jarraitzeko deia egiten dugu".