Txikia IV.a bigarren eta Otaño laugarren, Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa Nagusian

Mailo Oiarzabal

Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa Nagusiaren sari banaketa. (EITB.eus)

Iker Vicente nafarrak bosgarrenez jantzi du txapela gaur, Zumarragan. Azkoitiko aizkolaria gertu ibili zaio lanerdietan, baina ia bi minutu eta erdira bukatu du azkenean. Beizamakoa, berriz, hirugarren ibili da ia bukaera arte, baina oso larri bukatu ditu lanak eta Ezpeletak aurrea hartu dio, azkenean.

Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatu dute gaur eguerdian Zumarragan (Gipuzkoa). Etxetik gertu, Urola Kostako bi ordezkari zeuden sei finalisten artean: Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Ebeko Otaño beizamarra. Iazko finalean podiumetik kanpo gelditu ondoren, txapeldunorde izan da gaur Txikia IV.a; Otaño, berriz, podiumaren atarian gelditu da azkenean, laugarren tokian.

Iker Vicente zen faborito ia eztabaidaezina, eta pronostikoak zorrotz bete ditu, beste behin, Otsagabikoak (Nafarroa). Zumarragan, bosgarrenez jantzi du Vicentek Euskal Herriko txapellketa nagusiko txapela. Gaurko finalaren atarian omendu duten Anjel Arrospidek 1993ko finalean ezarritako markatik (29.57) oso urruti ibili arren –42.55ean moztu ditu hamabi enborrak Vicentek–, tarte nabarmena atera dio azkenean Txikiari (45.19). Azkoitiarrak bizi eta buruan ekin dio finalari. Vicentek aurki gainditu du, baita tartea ireki ere. Lanerdietan, ordea, dezente gerturatu zaio Txikia txapeldunari, finalak emozio pixka bat izango zuela eman du une batez, baina Azkoitiko aizkolariak ezin izan dio erritmoari eutsi eta nafarrak berriro ireki du tarte handia.

2025ean txapeldunorde izan zen Hodei Ezpeleta hirugarrena izan da gaur (47.13). Aurten podiumetik kanpo gelditzeko zorian izan da, baina Eneko Otaño beizamarrari azken txanpan aurrea hartu dio Mendarokoak (Gipuzkoa). Otañok, izan ere, oso larri bukatu du finala. Azken enborra ebaki orduko, erori egin da Beizamakoa. Minik ez du hartu, baina erabat hustuta bukatu du finala, laugarren postuan (48.18); sari banaketan ezin izan du parte hartu

Final nagusian lehen aldiz aritu diren Arkaitz Etxebestek (49.57, bosgarren) eta Ibai Soroak (52.58, seigarren) osatu dute sailkapena.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide