Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) euskal aktoreen lana aitortu eta saritzen du urtero Besarkada sarien bidez. Antzerkian, fikziozko telesailetan eta zineman egindako interpretazioak saritzen ditu, hain justu, eta aurten 21. edizioa ospatu du. Sari banaketa ekitaldia, hain zuzen ere, atzo iluntzean egin zuten, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
Fikziozko telesailen kategorian, Nagore Aranburu aktore azpeitiarrak jaso zuen emakume aktore onenaren saria, Querer telesailean egindako lanagatik. Aranburu ez zen ekitaldian bertan izan, baina esker oneko hitzak bidali zituen. "Querer telesailak ibilbide luze eta oparoa izan du, baina etxean bidea bukatzea eta lankideek emandako saria jasotzea oso berezia da", adierazi zuen.
Antzerkiaren kategorian, berriz, Erika Olaizola aktore azpeitiarra izan zen emakume aktore onenaren sarirako hautagaien artean, Kaka antzezlanean egindako lanari esker. Olaizolaz gain, beste lau aktore zeuden izendatuta: Aitziber Garmendia (Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?), Ane Pikaza (Adiorik ez), Ainara Gurrutxaga (Itzulera) eta Miren Alcala (Itzulera). Azkenean, Ainara Gurrutxagak eskuratu zuen kategoria horretako saria.
Zinemaren atalean, Kandido Uranga aktore zumaiarrak gizonezko aktore onenaren sarirako izendapena jaso zuen, Maspalomas filmean egindako lanagatik. Beste hautagaiak Jose Ramon Soroiz eta Kepa Errasti lankideak eta Soy Nevenka filmean aritutako Urko Olazabal izan ziren. Azkenean, ordea, Kepa Errastik eraman zuen saria.
Besarkada Irastorzari
Aurtengo Ohorezko Besarkada saria Iñake Irastorza aktore oriotarrari eman diote. Aitortza horren bitartez, EABk haren aktore ibilbidea eta "lanbidearen alde egindako borroka" omendu nahi izan ditu. Irastorzak hunkituta jaso zuen aitortza, eta eskerrak eman zizkien ekitaldira bertaratutakoei: "Hunkitzen nau zuen besarkada bero eta goxoa jasotzeak. Bihotzez eskertzen zaituztet. Hartu zuek ere nirea bueltan".
Irastorzak aspaldi ekin zion aktore ibilbideari. Orain konpainiarekin eman zituen lehen pausoak antzerkiaren munduan, eta, urte hauetan guztietan, hainbat talderekin egin du lan, besteak beste, Vaiven, Ados Teatroa, Hika eta Txalo konpainiekin.
Antzerkian ez ezik, zineman eta telebistan ere ibilbide oparoa egin du. Zinemari dagokionez, Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako Aupa Etxebeste! filmean parte hartu zuen, baita Montxo Armendarizen Obaba lanean ere. Horiez gain, Kutsidazu bidea, Ixabel, 80 egunean eta Gaua filmetan ere aritu da. Telebistan, berriz, hainbat pertsonaia gorpuztu ditu urteotan. Hori horrela izanda, Ohorezko Besarkada sariak euskal antzerkiari eta ikus entzunezkoen munduari egindako ekarpenaren aitortza ekarri dio aktore oriotarrari.