Janire Gonzalez-Etxabarri, hirugarren Munduko Surf Txapelketan

Maddi Txintxurreta-Intza Trula

Janire Gonzalez-Etxabarri, pozik, Munduko Surf Txapeletan. (Pablo Franco | ISA)

Zumaiarrak brontzezko domina lortu du Perun jokatu duten ISA World Surfing Games txapelketan. Iaz urrea irabazi zuen El Salvadorren, eta munduko txapelketako podiumera igotzea lortu du berriz ere. Aldiz, Nadia Erostarbek eta Ruben Vitoriak bigarren aukerako bosgarren kanporaketan agurtu dute lehia.

Janire Gonzalez-Etxabarrik hirugarren egin du Peruko Punta Rocasko uretan jokatutako Munduko Surf Txapelketan. Iaz urrezko domina eskuratu zuen El Salvadorren, eta berriro ere podiumera igotzea lortu du.

Basque Teameko kirolariak emaitza bikainak lortu ditu ISA World Surfing Games txapelketan: bigarren sailkatu zen bosgarren eta seigarren txandetan, Daniella Rosas eta Anon Matsuoka bezalako eliteko surflariak garaituta. Finalerako sailkapena jokoan zuen txandako seriea irabazi ostean, eta horri esker, Leihani Zoric, Johanne Defray eta Sawyer Lindblad surflarien kontra lehiatu da final handian. Brontzezko domina irabazi du zumaiarrak, sailkapen orokorrean 13,63 puntu bilduta. 

Urrezko domina Leihani Zoric australiarrarentzat izan da, eta bigarren postuan sailkatu da Johanne Defray frantsesa. Sawyer Lindblad estatubatuarrak, berriz, laugarren egin du.

Erostarbe eta Vitoria, bosgarrenean kanpora

Nadia Erostarbe eta Ruben Vitoria surflari zarauztarrak, aldiz, bigarren aukerako bosgarren kanporaketan geratu dira Munduko Surf Txapelketatik kanpo.

Vitoria izan zen kanpoan geratzen lehena. Ostiralean jokatu zuen bigarren aukerako bosgarren kanporaketa, eta bere txandan hirugarren postuan sailkatu zen. Orotara, 7,50 puntu bildu zituen zarauztarrak, baina, tamalez, emaitza hori ez zen nahikoa izan aurrera egiteko.

Erostarbek, berriz, gaur agurtu du munduko txapelketa. Bigarren aukerako bosgarren kanporaketan lehiatu da bera ere, eta puntuak biltzeko ahaleginak egin dituen arren, nahi baino maila apalagoa erakutsi du. 11,84 puntu bildu, eta bere txandan azken postuan sailkatu da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide