Suhar Irizar: "Garrantzitsua da zugan sinesten duen entrenatzailea edukitzea"

Intza Trula

Suhar Irizar, Salamancan jokatutako Munduko Txapelketan. (Utzitakoa)

Men's Physique Muscular modalitatean munduko txapelketa irabazi berri du Suhar Irizar kulturistak; Men's Physique Natural kategorian, berriz, Espainiako txapelduna da.

"Espero eta bilatu gabeko" emaitza gozoarekin itzuli da Suhar Irizar kulturista (Zestoa, 2000) Salamancako (Espainia) Munduko Txapelketatik, Men's Physique Muscular kategorian urrezko domina lortuta. Entrenamendu zein dieta plan zorrotzak jarraitu behar izan ditu horretarako, baina aitortu du gailurrerako bidean gertukoak "oso garrantzitsuak" izan direla. Gainera, Zestoan jaiotako eta Aizarnazabalen hazitako kirolariak Espainiako Txapelketa irabazi zuen urrian, Men's Physique Natural kategorian.

Urrezko domina poltsikoratu duzu Salamancan jokatutako Munduko Txapelketan, Men's Physique Muscular kategorian. Estreinakoz txapelketa jokatu eta bete-betean asmatu duzu.

Horrelaxe sentitzen naiz, oso-oso pozik. Izan ere, nire hasierako helburua ez zen urte honetan munduko txapelketa jokatzea, eta gutxiago lehiatzera irtetea. Asko jota, erakustaldi txiki bat egitea zen nire asmoa, zer maila zegoen ikusteko eta datorren urtean ahalik eta ondoen prestatuta itzultzeko. Baina, prestakuntza asteak aurrera joan ahala, nire entrenatzaile Adrian Madera eta biok ohartu ginen gorputza oso ondo erantzuten ari zitzaidala, eta probaren batean lehiatzera irteteko unea zela erabaki genuen. Espainiako Txapelketara joan ginen urri amaieran, eta nire sorpresarako, irabazi egin nuen. Garaipen horrek piztu zidan Munduko Txapelketara joateko nahia, eta horrela egin genuen. Bilatu gabeko zerbait izan da, eta espero gabeko emaitzak lortu ditut.

Modalitateko munduko kirolaririk onenen aurka lehiatu zinen Salamancan. Zer-nolako maila aurkitu zenuen?

Iritsi bezain laster, kulturista italiar batzuekin egin nuen topo, eta nire baitan pentsatu nuen oso aurkari indartsuak zirela. Dena den, banekien non nengoen, eta banekien aurrean izango nituen mutilak beraien herrialdeetan oso emaitza onak lortu zituztelako zeudela hor.

Aurkari horiek aurrean izanda, hazi egiten al da bat?

Niri kontrakoa gertatzen zait; hau da, txiki sentitzen naiz kirolari indartsuen alboan. Kasu honetan, ikasi dut oso garrantzitsua dela zugan sinesten duen eta babesa ematen dizun entrenatzaile bat alboan izatea.

Dena den, traba guztiak hautsi zenituen. Zerk egin zintuen txapeldun?

Men's Physique Muscular kategorian epaimahaiak gehien baloratzen dituen alderdiak dira gorputzaren definizioa, muskulu masa eta oholtza gaineko jarrera. Epaileek hainbat pose egiteko eskatzen digute, eta banan-banan puntuatzen joaten dira. Pose batzuetan oso eroso sentitu nintzen, ondo moldatu nintzen, baina beste batzuk nahi baino okerrago egin nituen; horregatik diot ez nuela garaipena espero. Sari banaketan epaileak nire izena esan zuenean, ezin sinetsita geratu nintzen denbora batez, harmailetatik gertukoen oihuak eta txaloak entzuten nituen bitartean.

Etxekoen, lagunen eta prestatzailearen babesa ere urrezkoa izan zen, beraz?

Inolako zalantzarik gabe. Asko lagundu zidaten txapelketaren egunean, baina baita aurreko prestakuntza hilabeteetan ere. Egun hobeak eta okerragoak izan ditut urte honetan, eta beraiek errespetatu egin naute, eta aurrera jarraitzen lagundu. Gertukoak oso garrantzitsuak izan dira garaipenera heltzeko bidean.

Kulturista iaioengan erreparatzeko aukera izan zenuen Salamancan. Hori horrela, zer hobetu dezakezu?

Adibidez, txapelketa jokatu ostean, entrenatzailea eta biok ohartu ginen besoak eta bizkarra hobetzeko entrenamendu espezifikoak egin behar ditudala. Munduko Txapelketan jaso nituen emaitzetan ikusi genuen bi alderdi horietan apur bat atzean geratu nintzela, eta hori aldatzeko lanean ari gara dagoeneko.

Hiru urte daramatzazu Maderarekin entrenatzen. Nola ezagutu zenuten elkar?

Entrenatzailerik gabe hasi nintzen mundu honetan, eta gerora ohartu nintzen egin nezakeen akatsik handienetako bat egiten ari nintzela. Txapelketa batera joan nintzen 2023an eta beste lehiakide batzuen hotel berean egin nuen lo. Alboan tokatu zitzaidan kulturistak oso-oso emaitza onak lortu zituen hitzordu hartan, eta nork prestatzen zuen galdetu nion: Adrian Madera zen bere entrenatzailea. Denboraldia amaitzean, ez nuen zalantzarik izan eta deitu egin nion, ea elkarrekin lan egin genezakeen galdetzeko. Ordutik, ez gara banandu.

17 urte zenituenetik zabiltza kulturismoaren munduan. Sakrifizio asko egin behar izan al dituzu zauden lekura heltzeko?

Hasieran, apur bat konplikatua izan zen; izan ere, jende askok ez zuen ulertzen zergatik zaintzen nintzen hainbeste, zergatik entrenatzen nuen plan zorrotz batekin eta hutsik egin gabe... Halere, hilabeteek aurrera egin ahala, ikusi zuten prestaketa fruituak ematen hasi zela eta egiten nuena asko gustatzen zitzaidala. Une horretatik aurrera, zure jarraitzailerik sutsuenak izatera pasatzen dira familiakoak eta lagunak, eta dena errazagoa da horrela.

Zure buruari jarritako erronka guztiak betetzen ari zara. Ibilbideko unerik gozoenean zaudela esan al daiteke?

Une oso polit batean nagoela uste dut, eta, gainera, datorren denboraldiari begira oso ilusionatuta nago. Adibidez, urtero ekain inguruan Gernikan [Bizkaia] jokatzen den txapelketan parte hartzeko gogo handia dut, eta Portugalera ere joan nahiko nuke, abuztu aldera, hango txapelketaren batean parte hartzera.

Txapelketez harago, zer helburu dituzu orain?

Classic Physique kategorian irabaztea gustatuko litzaidake; nire helburuen artean dago orain kategoria horrek eskatzen dituen ezaugarriak betetzean arreta jartzea. Classic Physique-n, epaileek garrantzi handia ematen diete hankei.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide