Ez dago esaterik etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrak eskualdea erabat geldiarazi duenik, baina bai haren eragina nabarmena eta agerikoa izaten ari dela Urola Kostako herri guztietan. Saltoki txiki gehienek pertsiana botata dute, salbuespen batzuk badiren arren, eta industrialdeetan ohi baino askoz mugimendu txikiagoa dago. Enpresa gehienek ez dituzte ateak zabaldu ere egin; hala ere, batek baino gehiagok ateak itxita jardun dute lanean.
Goizean, eguna argitzerako, piketeak ibili dira zenbait herritan industrialdez industrialde, martxan ari ziren enpresetako langileak grebara batzearen eta mobilizatzearen garrantziaz ohartarazten, eta zenbait bide mozketa ere egin dituzte. Horrez gain, lanean ari ziren enpresak seinalatu dituzte; baita han-hemenka pintaketak egin ere.
Zumaian, Itziarrera hartzeko biribilgunea oztopatu dute grebalariek, baita herriko sarrera itxi ere, eta Joxe Mari Korta industrialdean zebiltzanetako bat identifikatu egin du Ertzaintzak. Azkoitian, Umansoro industrialderako sarrera itxi dute 06:00etan, han dauden Xubi eta Ibarmia enpresen jarrera salatzeko. Izan ere, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren arabera, langileen antolakuntzarako, grebarako eta borrokarako eskubidea ez dute bermatuta enpresa horietako langileek, eta grebara batzea euren burua arriskuan jartzea da haientzat. Ertzaintzak lagun bat identifikatu du han ere.
Azpeitian, berriz, Lasaoko Anardi industrialdean, piketeetan parte hartzen ari ziren hamar lagun denbora batez atxikita izan ditu Ertzaintzak, eta identifikatzera behartu ditu. Zarautzen, goizean goiz herriko tren geltokietan ibili dira piketeak, eta ondoren, autobideko sarrera itxi dute ordu laurden batez. Bizikleta martxa egin dute herriko kaleetan barrena, eta Ertzaintzak guztira lau lagun identifikatu ditu.
08:00etatik 09:00etara bitartean, pikete informatiboak izan dira kaleak hartu eta zabalik zeuden saltokietara eta enpresetara joan direnak greba egiteko eta mobilizatzeko arrazoiak azaltzera. Etxe agentziak, sustatzaileak, eraikuntza enpresak eta banketxeak ere seinalatu dituzte, etxebizitzaren arazoaren erantzule zuzenak direla iritzita.
Sindikatuak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista gustura azaldu dira greba egunaren lehen orduetan haren eragina nabarmena izan delako eskualdeko herrietan. Dena dela, oraindik ikusteke dago arratsaldeko mobilizazioetan zenbat jendek hartzen duen parte.