Azaroaren 11ko greba orokorra

Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrak eragina izango du eskualdean

Iraia Oteiza

Azaroaren 11ko greba orokorraren kartela, kalean. (Maialen Etxaniz)

Hainbat enpresa, ikastetxe eta udal zerbitzuk bat egingo dute biharko lanuztearekin, eta aldaketak izango dira garraio publikoan ere. Arratsaldean, berriz, manifestazioak egingo dituzte eskualdeko hainbat herritan.

Bihar, azaroak 11, greba orokorra egingo dute Euskal Herrian, etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatzeko eta etxebizitzaren negozioarekin eta espekulazioarekin amaitzeko. Deialdiak Urola Kostan ere eragina izango du, eta hainbat enpresa, ikastetxe, saltoki eta udal zerbitzuk bat egingo dute lanuztearekin.

Azkoitian, esaterako, hainbat enpresak bat egin dute greba deialdiarekin. Azkoitiko Greba Batzordeak emandako datuen arabera, besteak beste, Sammic, Osatu, Erlo, Intza, Gohita eta Murua enpresetako langileak batuko dira lanuztera. Udalaren zerbitzuak diren udaletxea, Aizkibel liburutegia eta Elkargunea, berriz, irekita egongo dira, baina langileen erabakien arabera, grebak eragina izan dezake haien jardunean. Udaletxean, esaterako, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Urola Erdiko Mankomunitateak ere bat egin du deialdiarekin, eta herritarren arretara bideratutako zerbitzuak itxita egongo dira; tartean, Azkoitiko Garbigunea.

Azpeitian, berriz, udal eraikin eta zerbitzu guztiak itxita egongo dira. Hala, ez dituzte ateak irekiko udaletxeak, igerilekuak, kiroldegiak, liburutegiak, euskaltegiak, ludotekek, Gaztelekuak, Emakumeen Txokoak eta etxebizitza zein energia bulegoek. Herriko enpresa ugarik ere bat egingo dute greba deialdiarekin. Azpeitiko Greba Batzordeak jakinarazi duenez, besteak beste, Astigarraga Kit Line, Biele, Corrugados Lasao, Glual, Sarralle eta Arimar enpresetako langileak batuko dira lanuztera. Urola Erdiko Mankomunitatearen zerbitzuak ere itxita egongo dira, Azpeitiko Azoka Plazako bulegoak eta Laienen azpiegiturak barne.

Orioko udal langileek ere bat egin dute grebarekin, eta, ondorioz, udal zerbitzuak itxita egongo dira egun osoan. Hain zuzen, udaletxea, Danbolin musika eta dantza eskola, Kultur Etxea, liburutegia eta Turismo Bulegoa itxiko dituzte. Karela kiroldegia eta Saregile emakumeen etxea ere itxita egongo dira. Aiako udal bulegoetan, berriz, erregistro zerbitzua bakarrik eskainiko dute. Hezkuntza arloan ere izango du eragina deialdiak: Orioko Herri Ikastolak, Zaragueta Herri Eskolak eta Aiako Lardizabal Herri Eskolak bat egingo dute grebarekin, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Zarautzen, ELA eta LAB sindikatuek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean, goizetik arratsaldera bitartean. Enpresetan grebaren inguruko bozketak egiten ari dira, eta dagoeneko hainbat lantegik bat egin dute deialdiarekin. ELAk emandako datuen arabera, besteak beste, Plasticos Urteta, Engranajes Juaristi, Mantenu, KSB Itur eta Bitoriano Gandiaga enpresetako langileek bat egin dute, baita IAT Itasuako grebalariek ere. Ikastetxeetan ere eragina izango du lanuzteak: Salbatore Mitxelena ikastolak, La Sallek, Orokieta Herri Eskolak eta Antoniano ikastetxeak gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Zumaiako udal langile gehienek ere bat egin dute greba deialdiarekin, eta, udal gobernuak jakinarazi duenez, ezingo dituzte udal zerbitzuak bermatu. Herriko hainbat enpresa eta eragilek ere bat egin dute lanuztearekin; besteak beste, Zumaiako Mugimendu Feministak, Goialdek, Mendiaraizek eta Siliconas Silamek. Ikastetxeetan ere ezingo dute ohiko jarduna bermatu, eta Hezkuntza Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Zestoan, berriz, udaletxea, Gaztelekua, Kultur Etxeko bulegoak, liburutegia eta kiroldegia itxita egongo dira greba dela eta. Aizarnazabalen, azkenik, liburutegia itxita egongo da.

Garraio publikoan ere aldaketak

Garraio publikoari dagokionez, autobus zerbitzuetan ere aldaketak izango dira. La Guipuzcoanak jakinarazi duenez, hainbat zerbitzu bertan behera geratuko dira, eta martxan izango diren autobusen ordutegiak lotura honetan kontsulta daitezke. Euskotrenen zerbitzuek ere grebaren eragina nabarituko dute, bai trenbidean, bai Lurraldebusentzat eskaintzen dituen autobus zerbitzuetan. Enpresak azaldu duenez, gutxieneko zerbitzuak %30ekoak izango dira, eta ohiko zerbitzuen ordez eskainiko dituzten ordutegiak argitaratu ditu. Hemen kontsulta daitezke haien ordutegiak. Azkoitian, berriz, herri barruko Urbanue autobusak ez du zerbitzurik eskainiko 11:30etik 13:30era.

Mobilizazioak eskualdean

Lanuzteez gain, mobilizazioak ere egingo dituzte bihar. Goizean, pikete informatiboak egingo dituzte Azkoitian, 08:00etan plazan (LAB) eta liburutegiaren parean (Etxebizitza Sindikatua) elkartuta eta, eta Azpeitian, 09:00etan plazatik abiatuta. Zestoan ere 08:00etan elkartuko dira plazan piketeak egiteko; ondoren, hamaiketakoa egingo dute, eta 10:30ean Gurutzean elkartuko dira Donostiako manifestaziora autoz joateko.

Eguerdian, hiriburuetan egingo dituzte manifestazio nagusiak. Donostiakoa 12:30ean abiatuko da Pio XII plazatik, eta sindikatuek eskualdeko herritarrak bertara joatera deitu dituzte.

Arratsaldean, berriz, eskualdera itzuliko dira mobilizazioak. Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian manifestazioak egingo dituzte, herri guztietan 18:00etan plazatik abiatuta.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide