Gipuzkoako pilotako lau final jokatu dituzte eskualdeko pilotariek asteburuan. Horietatik hiru final Zestoako Abantzu pilota elkartekoek jokatu dituzte, eta bitan txapelak bereganatu, gainera. Ezker paretako binakako txapelketako hiru mailetako finalak jokatu dituzte eskualdeko pilotariek: lehen mailan Ilunpekoak izan dira txapeldunak eta bigarrenean Abantzukoak.
Ostiralean, 19:00etan hasita, Zestoako pilotalekuan, Gipuzkoako Binakako Ezker Hormako Txapelketako Alkain sariko bigarren eta hirugarren mailako finalak jokatuko zituzten. Bi maila horietan mailaz igotzea lortu dute Zestoako Abantzu pilota elkarteko pilotariek, eta bigarren mailakoan txapelak jantzi dituzte. Nagusien Hirugarren Mailako finala Eibarren kontra jokatu zuten Abantzuko Ekain Azkuek eta Mikel Caramanzanak, eta 22-8 galdu arren, mailaz igotzea lortu zuten. Nagusien Bigarren Mailako finala, berriz, 19-22 irabazi egin zuten Abantzuko Xabat Sasiainek eta Julen Odriozola Txapeik Lapke 1eko Izagirreren eta Ormaetxearen kontra.
Nagusien Lehen Mailako finala larunbat goizean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatu zuten. Azpeitiko Ilunpe pilota elkarteko Artetxe eta Egiguren Lapke 2ko Armaolearen eta Goibururen kontra aritu ziren, eta 22-16 eginda, Azpeitiko pilotarientzako izan zen txapela.
Gipuzkoako Ezker Hormako Txapelketaren nagusien mailako hiru finalak ikus daitezke Gipuzkoako Pilota Federazioaren honako loturan.
Abantzukoak, trinketean ere txapeldun
Ostiralean ezker paretakoak jokatuta, larunbat arratsaldean, 16:30ean hasita, Irurako (Gipuzkoa) Ametsa trinketean Trinketeko Nagusien Eskuz Binakako Izarkom Sariko bigarren mailako finala jokatu zuten Abantzuko Oier Alonso eta Julen Odriozola Txapei pilotariek Villabonako Behar Zanako Izagirreren eta Zufiriaren kontra. Zestoako bikotea izan zen nagusi, eta 13-40 eginda txapela eskuratu zuen. Abantzu pilota elkartea datorren denboraldian trinketeko lehen mailan lehiatuko da.
Trinketeko Nagusien Eskuz Binakako Izarkom Sariko bigarren mailako finala osorik ikus daiteke Gipuzkoako Pilota Federazioaren honako loturan.
